Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskadi “ikerketarako, berrikuntzarako eta talenturako lurralde erakargarri” gisa finkatzearen alde azaldu da Lehendakaria

2023-11-08
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Global Innovation Day euskal berrikuntzaren hitzorduari amaiera eman dio Lehendakariak, aurtengo edizioa adimen artifizialean eta ingurumen jasangarrian oinarritu da

Berriro ere, Euskadi ikerketarako, berrikuntzarako eta talenturako “lurralde erakargarri” bihurtzeko konpromisoa duela gogorarazi du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Innobasquek antolatutako Global Innovatión Day euskal berrikuntzaren zita nagusia itxi du Iñigo Urkulluk; aurten adimen artifizialak eta ingurumen iraunkortasunak enpresen eraldaketan duten egitekoetan oinarritu da hitzordua. Ekitaldi honetara Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua eta Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua lagunduta bertaratu da Lehendakaria.

Durangoko Landako Gunean izan den ekitaldian berrikuntzaren euskal ekosistemako eragile nagusiak elkartu dira: enpresak, teknologia eta ikerketa zentroak, ezagutza zentroak eta gizarte zibila.

Adimen Artifizialean, Konputazio Kuantikoan, Ekodiseinuan, Gauzen Internet delakoan, Big Datan eta gisa horretako arloetan Euskadin liderrak diren punta-puntako sei kasuren berri izateko balio izan du aurtengo zitak; horrek erakusten du – Lehendakariaren ahotan – “sektorea eta tamaina gorabehera”, enpresa guztiak berritu ahal direla eta teknologia berrien aplikazioei etekina atera.

“Bide onetik goaz aurrera” – nabarmendu du – eta adibide moduan Europako Berrikuntza Adierazleen Panela (EIS 2023) ipini du. Eustatek eman zuen argitara, eta Euskadi lurralde berritzaile sendoen taldean finkatzen du, Alemania, Austria eta Frantzia bezalako herrialdeen parean; ildo beretik, Europako Batzordeak bikaintasun-polo moduan kalifikatu berri du Euskadi.

“Orain dela hamarkada bat erronka bat jarri genion geure buruari: berrikuntzan Europarekiko konbergentzia lortzea. Gaur hori gainditu egin dugu: Euskadiren inbertsioa % 2,32 da, Barne Produktu Gordinarekiko; Europako batezbestekoa, % 2,27” – nabarmendu du Lehendakariak.

“Berrikuntzaren bidea jorratzen” ari diren erakunde eta enpresa guztiei, eta, aitzindaritza erakusteagatik, Innobasqueri zorionak emanez amaitu du bere agerraldia Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak