
Lehendakariak Osakidetzako profesionalen konpromisoaren, inplikazioaren eta ahaleginaren balioa nabarmendu du erakundearen 40. urteurrenean
- Haien lana nabarmendu du, Euskal Osasun Zerbitzua lau hamarkadotan osasun-arretako erreferente bilakatzearren
- Gotzone Sagardui Sailburuarekin eta Rosa Pérez Osakidetzako Zuzendari Nagusiarekin batera, Iñigo Urkullu Lehendakaria, gaur, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Osakidetzaren 40. urteurrena ospatzeko egin den jardunaldiaren ekitaldi nagusiko buru izan da
- Topaketan, 600 pertsona baino gehiago izan dira, eta 1983tik Osakidetzaren partaide izan diren sailburu ohiak, zuzendari ohiak eta langile ohiak omendu dira
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, Osakidetzaren 40. urteurrena ospatzeko gaur goizeko ekitaldian, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Euskal Osasun Zerbitzua Euskadiko zerbitzu publikoen oinarri finkoa eta funtsezkoa dela nabarmendu du. “Osakidetza herrialde baten jomugan oinarrituta sortu zen. Euskal herritarren asmoan oinarrituta. Gure beharrei erantzungo dieten zerbitzu publiko batzuk izateko ametsean oinarrituta. Gaur, 40 urte geroago, jomuga hura errealitate bilakatu dela esan dezakegu”.
Jardunaldian 600 pertsona baino gehiago batu dira, besteak beste: sailburu ohiak, zuzendari ohiak, agintariak –gobernuko, legebiltzarreko, aldundietako eta udaletako ordezkariak– eta Osakidetzako profesionalak. Jardunaldiaren helburua izan da Osakidetza izan denaren, denaren eta etorkizunean izatea xede duenaren balioa nabarmentzea. Horretarako, egindako bidearen balantzea egin da, bai eta aintzatespen-ekitaldi bat ere; hartan, lau hamarkadotan Osakidetzaren partaide izan diren sailburu ohiek, zuzendari ohiek eta langile ohiek parte hartu dute. Era berean, Osakidetzako profesionalek egin dituzten proiektu berritzaile eta hobekuntza-ideia onenak aurkeztu dira, erakundearen egungo eta etorkizuneko jardueraren lagin gisa.
Osakidetzak herritarren osasuna kudeatzeko aurrez aurre izango dituen erronkak aipatu ditu Lehendakariak: "Osakidetza eskakizun berriei erantzuteko xedez egokitzeko erronka dugu aurrez aurre. Eta hala egingo dugu. Lortuko dugu, urratsez urrats; izan ere, zerbitzu publiko unibertsala eta kalitatekoa izaten jarraitu nahi dugu”. Hori horrela, Urkulluk honako hau esan du: “argi dugu gure gizartearen helburua zein den: Osakidetzak munduko osasun-zerbitzu publiko onenetako bat izaten jarraitzea. Jarraituko dugu egunero helburu hori lortzeko lanean”.
Gainera, egungo Osakidetza posible egin duten milaka profesionalen ahalegina eta lana nabarmendu ditu. “Gaur, lau hamarkada hauetan egin duzuen ahalegina eskertu nahi dizuegu. Zuon konpromisoa izan ezean, amets hau sekula ez zatekeen errealitate bilakatuko. Euskal gizartearen izenean: eskerrik asko, bihotzez!”.
Bestalde, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak ere erakundeko profesionalak aipatu ditu ospakizun-ekitaldian, eta Euskal Osasun Zerbitzua erreferentziazko osasun-sistema gisa finkatu duten gertakari handiak lortzeko funtsezko pieza izan direla esan du. “Nondik gatozen, non gauden eta gure etorkizuna non finkatzen dugun. Horrek batu gaitu gaur”.
Sagarduik Euskal Osasun Sistema sortu zen une historikoa ekarri du gogora, eta Osakidetzak beti izan duen giza kapitalaren balioa nabarmendu du. “Milaka eta milaka pertsona zarete zuon bizitzako zati bat erakunde honetatik beste pertsona batzuk zaintzera bideratu duzuenak. Gaur hemen gaude, Gasteizen, Osakidetza formalki sortu zen lekuan, gure esker ona eta aintzatespena adierazi nahi diedan beste pertsona askoren ordezkari gisa”. “Izan ere, Osakidetza –esan du–, osasun publikoko zerbitzu bat den aldetik, zerbitzu unibertsala ematen duen aldetik, gure ongizate-ereduaren euskarrietako bat izan da, da eta izango da”.
Osakidetzako osasun-asistentziako jardunbide egokien eta hobekuntza-ideien lagina
Esker ona adierazteko erakunde-ekitaldiaren ondoren, jardunaldiaren bigarren zatian Osakidetzako profesionalak izan dira protagonista, eta osasun-asistentziako jardunbide egokien lagin bat aurkeztu dute, gaur egun Osakidetzaren zerbitzu-erakundeetan egiten ari diren ekimen eta esperientzia berritzaileen jakitun egoteko. Gainera, hobekuntzarako eginiko ekarpen-ideien artean Parte Hartu proiektuaren bidez aukeratutakoak aurkeztu dira; Parte Hartu erakunde-proiektu bat da, Osakidetzan hobekuntzarako iradokizunak eta ideiak hautatzeko.
Rosa Pérez Osakidetzako Zuzendari Nagusiak itxi du Osakidetzaren 40. urteurrena ospatzeko jardunaldia. Horretarako, eskerrak eman nahi izan dizkie Osakidetzak 40 urte betetzea posible egin duten guztiei, Osakidetzako profesional, kudeatzaile eta arduradun guztiei, Eusko Jaurlaritzari eta herritarrei, oro har, haien konfiantzagatik eta laguntzagatik.
Ospakizun-jardunaldiaren agurra Kantakidetza abesbatzak egin du, zeinak 10 urte baino gehiagoko ibilbidea baitu eta Gipuzkoako osasun publikoko profesionalek osatzen baitute.
Osakidetza, 40 urte
Osakidetzak ibilbide luzea egin du 40 urteotan, Eusko Jaurlaritzak gure erakundeak gara daitezen eginiko apustu irmoaren ondorioz.
Euskal Osasun Zerbitzua kudeaketa zehatzaren emaitza da; aurrerapen lasaia izan du eta, horretarako, azken lau hamarkadotan baliabide eta zerbitzuak areagotzen joan dira, pixkanaka. 1983ko maiatzean sortu zen eta, orduan, erakunde txikia zen; izan ere, 3 ospitale eta 10 osasun-zentro eta kontsultategi bat baino ez zituen. 2.092 profesionaleko plantilla zuen eta honako hau zen jarduera: 374 ospitaleratze eta 232.081 ospitale-egonaldi, 958 kanpo-kontsulta. 2.929 milioi pezetako aurrekontua zuen.
Gaur egun, Osakidetza osasun-zerbitzuak honako hauek ditu: akutuen 11 ospitale, 3 erdi-mailako egonaldikoak eta egonaldi luzekoak eta 4 osasun mentalekoak; 30.000 profesionalen egiturazko plantilla bat, haietako % 65 emakumeak direla. Lehen Mailako Arretan 136 osasun-zentro ditu martxan eta 180 kontsultategi. Gainera, 2022an, honako jarduera globala izan du: 5.352 ohe, urtean 61.926 ebakuntza egiten dira, 62,7 milioi kontsulta baino gehiago egiten dira eta urtero 1.124.034 larrialdiri ematen zaie arreta sareko ospitaleetan.
2024rako aurrekontua 4.896 milioi eurokoa da, eta biztanleko batez besteko gastua, 2.229€-koa. Osakidetzaren eraldaketa handiena, 40 urteotako etengabeko bilakaeraz ez ezik, Osakidetza Euskadin zerbitzu publikoko erreferenteetako bat izateko Eusko Jaurlaritzak ematen duen laguntza irmoaren eta gero eta handiagoaren ondorioz ere gertatu da. Hala, 2,1 milioi biztanleko populazioan batez besteko bizi-itxaropena 83,6 urtekoa izateari eusten zaio.
Honako hauek dira Osakidetzaren bilakaera markatzen duten eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Osasun Zerbitzu gisa eratzen duten gertakari nagusietako batzuk:
1983 1983ko maiatzaren 19an, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko herritar guztiei osasun-arreta integrala emateko Osakidetza sortzeko Legea onetsi zuen. Osakidetza zerbitzu unibertsala izateko sortu zen.
1984 Osakidetzan lehen osasun-zentroak integratu ziren: Santa Marina, Amara, Leza, Santiago Apostol, Provincial de Gipuzkoa eta Gorliz ospitaleak, Zamudio, Bermeo, Zaldibar eta Araba ospitale psikiatrikoak eta osasun mentaleko zentroak, hiru foru-aldundienak.
1987 Arrasateko Debagoiena ospitalea sartu zen. Hiesaren Prebentzio eta Kontrol Programa jarri zen abian.
1988 Insalud-en osasun-zentroak eta langileak eskualdatu eta integratu ziren: anbulatorioak, ospitaleak (Gurutzeta, Arantzazu, Txagorritxu, Galdakao, San Eloy eta Zumarraga) eta Arabako erizaintzako unibertsitate-eskola; 14.000 profesional baino gehiago, guztira. Osasun-txartela (OTI) ezarri zen, Estatuko 1. osasun-txartela. Gripearen lehen txertaketa-kanpaina Euskadin.
1990 Haurren Hortz Plana (PADI) sortu zen
1992 Mendaroko ospitalea zabaldu zen. Basurtuko ospitalea integratu zen. Transplanteen koordinazio-taldea sortu zen.
1995 Bularreko minbiziaren baheketa jarri zen abian 50 eta 60 urte bitarteko emakumeetan.
2001 Donostia ospitalea sortu zen, Arantzazu, Gipuzkoa eta Amara ospitaleak integratu zirelako.
2002 Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa sortu zen. e-Osabide asistentziarako sistema informatikoa garatu zen. Euskal Osasun Ikerkuntzaren fundazioa (BIOEF) eratu zen.
2008 Kolon eta ondesteko minbiziaren Baheketa Programa hasi zen. Biodonostia eta Biocruces sortu ziren, osasun-ikerketako institutu gisa.
2013 Errezeta elektronikoa ezarri zen.
2014 Pazientearen Segurtasun Klinikoaren Estrategia. Helikoptero medikalizatua sartu zen.
2016 Alfredo Espinosa ospitalea (Urduliz) inauguratu zen. Osabide Global, Lehen Mailako Arretako eta Arreta Espezializatuko historia klinikoa bateratzea.
2020 Pandemiari erantzun zitzaion eta herritarrentzako Covid-aren aurkako txertaketa hasi zen.
-
2023-11-09
Comentario de Twitter:
@osakidetzaEJGV ren 40. urteurrenean / En el 40 aniversario de OSAKIDETZA. El Lehendakari pone en valor el compromiso, la implicación y el esfuerzo de los y las profesionales de Osakidetza en s... https://t.co/CnINnOGAfz