Berriak Lehendakaritza
Eu

Ertzaintzak hogeita hamargarren urteurrena ospatu du Arkautin

2012.eko otsailak 01

Ospakizuna bukatzeko, suontzia itzali eta terrorismoaren ondorioz hildako agenteak gogoratzeko monumentu berria inauguratu dute

Ertzaintzak hogeita hamar urte bete ditu. 1982an Arkautiko Ikastegian lehen promozioa osatzeko sartu ziren agenteek gertakari gogoangarri horren hogeita hamargarren urteurrena ospatu dute gaur, toki berean. Lehendakaria buru izan duen oroimen egun honekin bat eginez, eta ekimen terroristak bukatu eta gero, hildako ertzainak gogoratzeko suontzian pizturik zirauen sugarra itzali dute, eta duela hamazortzi urte piztu zutenean hartutako konpromisoa bete dute horrela. Monolito batek gogoratuko ditu aurrerantzean ETAren biolentziaren biktima izan ziren Euskal Poliziako kideak.

Lehendakariak azpimarratu du Ertzaintza “euskal gizarteak hobekien baloratzen duen” erakundeetako bat dela eta Europako poliziarik onenetako bat dela, “konplexurik gabe”. Lópezek gogorarazi du gaur egun Ertzaintzak hainbat erronka dituela, besteak beste, langileria berritzea, emakumeen presentzia areagotzea, Udaltzaingoen koordinazioa hobetzea eta aurrerapen teknologikoak ezartzea.

Ekitaldi horretan, lehendakariak terrorismoaren biktima izan diren ertzainak aipatu ditu. "Memoria nahitaezkoa da balore etiko eta demokratikoetan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko”, erantsi du.     

Gaur Arkautiko Ikastegian egindako ekitaldia hasteko, Patxi Lopez Lehendakariak topaketa pribatua izan du ETAk hildako Ertzaintzako agenteen senideekin; aurrean indarkeriarik gabeko etorkizunaren ikuspegia dugun une itxaropentsu honetan, euskal gizarte osoaren estimua eta esker ona helarazi die Lehendakariak.  

Eguerdiko hamabietan, senideak aurrean zeudela, suontziko sugarra itzali dute. Ekitaldi  sinbolikoa Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentu nagusiaren (1993an, hil zutenean, jarri zuten suontzia) semeak, Juan Mari Atutxa orduko Sailburuak eta José Antonio Varela Ertzaintzaren gaur egungo arduradunak egin dute, batera. Zeremonian, Patxi Lopez buru zela, Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburua eta Juan Lasa, José Manuel Martiarena eta Javier Balza Sailburu ohiak ere egon dira.    

Sugarra hartzen zuen monumentua 1993ko abenduaren 23an inauguratu zuten, ertzain hilak gogoratzeko. Haren oinarrian zegoen plakak esaten zuenez, “...herri honen aurkako indarkeria antolatuak dirauen bitartean egongo da piztuta”. 

Monumentu berria


Jarraian, taldea Ikastegiko beste toki batera, bertako eraikin nagusiaren aurrera, joan da, ETAk hildako Euskal Poliziako kideak omentzeko monolito berri bat inauguratzeko. Lehendakariak eta Rodolfo Ares Sailburuak lore eskaintza bat egin dute monumentuaren aurrean, eta, haien ostean, bertan zeuden guztiek arrosa zuri bat jarri dute.

Oroitzapen ekitaldiak Ikastegiko frontoian jarraitu du; han, lehen promozioko agenteak zeuden, zain, ekitaldia telebista zirkuitu itxi baten bitartez ikusten. Egunaren azken zati horretan, duela 30 urte Ertzaintza modernoaren bidea urratu zuten agente horiei egindako omenaldia nabarmendu da. Haien omenez, promozio hori ordezkatzen duen bandera lehentasunezko tokian egon da jarrita tribunan, ospakizunaren zati horretan guztian.    

Lehendakariaren eta José Antonio Varela Ertzaintzaren buruzagi nagusiaren hitzaldiek ekimenaren balioa eta bidegile horien ahalegina azpimarratzeko balio izan dute. Gainera, hogeita hamar urte hauen inguruko bideoa ere erakutsi dute bertan; hastapenetako eta gaur egungo irudiak uztartzen ditu lanak, Ertzaintzak denbora honetan guztian egindako aurrerakada nabarmena islatzeko. 

Hogeita hamar urteko historia bizia


1980an, demokrazia berriz ezarri zenean, lehen Eusko Jaurlaritza Ertzaintza, Euskal Herriko lehen polizia autonomoa, diseinatzen hasi zen, 1936ko Ertzañaren esperientzia oinarri hartuta. 

Polizia berriko lehenengo kideak 1982ko urriaren 27an hasi ziren lanean, orduan eraiki berria zen Arkautiko Ikastegian bederatzi hileko prestakuntza ikastaro bat egin eta gero. Lehen-lehenik, trafikoa eta erakundeen zaintza izan ziren eskuduntzak, baina apurka-apurka herritarren segurtasuna ere gehitu zen, lehenengo landatar udalerrietan eta gero hiriburu nagusietan. 1995ean lurralde osoaren ardura hartu zuen Ertzaintzak, Estatuko polizia taldeen tokia hartuta.

Gaur egun arte, Arkautiko Ikastegitik hogeita hiru promozio irten dira. Hogeita hirugarren promozio horri esker (joan den abenduan bukatu zuten prestakuntza), Ertzaintzak 8.000 agente ditu, historian lehenengoz; bost alorretan banatuta daude agente horiek, eta arlo bakoitzeko agenteak polizia ekintza jakin batzuetan espezializatuta daude. Herritar guztien eskubide eta askatasunak babestea eta edozein delinkuentzia motaren aurrean haien segurtasuna bermatzea du helburu giza talde horrek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)