Emakundeko Zuzendaritza Kontseilua bildu da Nerea Melgosa berdintasunerako sailburua buru duela
- Bileran EAEko Emakumeen eta Gizonen Egoerari buruzko Zifren Txostena 2022 onartu da, beste dokumentu batzuen artean
- Datuen artean, aitatasun-baimenen eskaeren gorakada nabarmentzen da familia eta lana bateragarri egiteko laguntzen dekretua onartu zenetik
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko buru izan da gaur, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera. Bileran "EAEko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak, 2022" txostena onartu da. Dokumentu horri esker, emakumeek eta gizonek eremu sozial, ekonomiko eta politikoan duten egoeraren ikuspegi orokorra eta bilakaera izan dezakegu.
Txostenaren helburua da administrazio publikoei genero-desberdintasunei eta horien bilakaerari buruzko datuak ematea, politika publikoen oinarri diren diagnostiko zehatzak lortzeko. Zifra demografikoak, ekonomikoak, lan-merkatukoak edo emakumeen aurkako indarkeriakoak biltzen ditu.
Emakumeek gehiengoa izaten jarraitzen dute EAEko biztanlerian, eta, zehazki, % 51,5 dira. Hezkuntzari dagokionez, Lanbide Heziketan, % 35 emakumeak dira, eta unibertsitate-ikasleak, berriz, euskal unibertsitateetan matrikulatutako ikasleen % 54 baino zertxobait gehiago.
Lan-merkatuan, gizonen eta emakumeen arteko okupazio-tasaren aldeak behera egiten du, nahiz eta gizonen aldeko 8,4 puntuko aldea dagoen oraindik.
Kontziliazio neurriei dagokienez, beheranzko joera ikusten da dagoen genero-arrailean, nahiz eta oraindik emakumeak diren nagusi zaintzeko baimenak eskatzen. Txostenak familia-zaintzagatiko eszedentzien bilakaera erakusten du, sexuaren eta zaintza motaren arabera. Horrek adierazten du azken urteetan murriztu egin direla emakumeek eskatutako eszedentziak, bai kopuruan, bai ehunekoan, eta igo egin direla gizonek eskatutakoak.
Azken bi urteetan ikusi da joera hori argien, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua indarrean sartzearekin batera. 2019an seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 90 emakumeek eskatzen zuten, baina 2021ean ehuneko hori % 69,5era jaitsi da.
Eta emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, genero-indarkeria jasaten duten emakumeen % 71k bikotekidearengandik edo bikotekide ohiarengandik jasaten dute, eta % 20k familiako beste pertsona batengandik.
Adin, jatorri eta egoera ekonomiko eta sozial guztietako emakumeek jasaten dute indarkeria. Eta 340 pertsona gehiagok jo du SATEVIra (emakumeen aurkako indarkeriarako telefono bidezko arreta espezializatuko zerbitzua).
Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluak, halaber, berdintasunerako hurrengo plana egiteko aurrerapenen berri eman du. Zirriborroan bada ere, dokumentu berri honen lehentasuna da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako azken Legeari eraginkortasuna ematea eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan orain arte euskal plangintza bideratu duten oinarrien jarraipena ahalbidetzea.
Bileran botere publikoen 2021eko jarduera-memoria eta Emakunderen 2022ko jarduera-memoria ere onartu dira.