Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak gorrotoa pizteko azken egunotako mezu eta gertakariak albo batera uzteko deia egin du bizikidetza demokratikoaren alde

2023-11-07
  • Eusko Jaurlaritzak kezka azaldu du herritarren artean gorrotoa pizteko azken egunotan zabaltzen ari diren mezu eta gertakarien harira, bizikidetza demokratiko eta baketsuaren guztiz kontrakoak direlako

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azken egunotan izaten ari diren mugimendu judizial eta mobilizazio eta gertakariei erreferentzia egin die gaurkoan.  Bozeramailearen esanetan, Eusko Jaurlaritza kezkatuta dago justiziaren politikazioak ekar litzakeen ondorioengatik eta baita ere, desberdin pentsatzen duten pertsonen aurkako gorrotoa pizteko azken egunotan zabaltzen ari diren mezu eta gertakariengatik ere, horiek guztiek eragin zuzena baitute elkarbizitza demokratikoan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak elkarbizitzaren eta gorroto mezuak baztertzearen aldeko deia egin du gaurkoan.

Gobernu Kontseiluari dagokionez, lehenik eta behin, Gazako premia humanitarioei erantzuteko laguntzari egin dio erreferentzia, urriaren 27an Gobernu Kontseiluaren ondoren iragarritako laguntza onartu baita gaurko Gobernu kontseiluan. 500.000 euroko ekarpena izango du funtsa honek eta dirulaguntza eta modu honetara, Jaurlaritzak Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak UNRWAk egindako larrialdi deiari erantzun nahi izan dio, Gazako biztanleen beharrizan humanitarioak asetzeko asmoz. Hasera hasieratik deialdi honen helburua izan da elikagaien, higiene-gaien, sendagaien eta osasun arretaren berehalako beharrak asetzeko funtsak lortzea, bai eta Agentziak Gazan dituen zentroetan dauden errefuxiatuak edo barne desplazatuak babestea ere.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako beste hainbat gai.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresarialen lana babestea erabaki du, ELKARTEAK laguntza-programaren barruan, 350.000 euroko zuzkidurarekin, elkarte horien funtzionamenduaren ondoriozko azterlanak eta prestakuntza-jarduerak, azokak eta gastuak finantzatzeko. Zupiriak adierazi duenez, Jaurlaritzaren ustez, Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreen interesak ordezkatzen dituzten erakunde profesional eta enpresarial horiek funtsezkoak dira jarduera ekonomiko horien barruan sartzen diren balio-kate eta azpisektore guztiak bultzatzeko.

Halaber bozeramaileak azaldu duenez, Ihobek eta eLankidetza agentziak kooperazio-ekintzak sustatuko dituzte ingurumenaren eta jasangarritasunaren esparruetan garapena lortzeko protokolo bat martxan jarriz. Protokolo hori gaur onartu da Gobernu Kontseiluan Bi erakunde horiek bat egin dute asmo berdinean, zehazki, pertsona guztiek ingurumen osasuntsu eta seguru bat izateko duten eskubide unibertsala bermatzean, eta horretarako elkarrekin hainbat jarduera jarriko dituzte martxan bereziki, klima-aldaketaren, biodibertsitatea kontserbatzearen eta ekosistemak zaintzearen esparruetakoak. Helburu hauek 2030 Agendarekin eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datoz.

Gobernu Kontseiluak ere, Finkatuz Funtsari 40 milioi euroko ekarpena egitea erabaki du. Finkatuz Euskal Finantza Erakundeak kudeatzen du funts hau, eta gaurko ekarpena kontutan izanik, 300M euroko kapitalera iristen da. Finkatuz Funtsa 2021ean jarri zen abian, eta Euskadiko enpresa handiek kapitalean parte hartzea du helburu. Enpresa horiek Euskadin errotuta mantendu behar dira eta euskal produkzio-sare osoaren gainean trakzio-izaera bermatu behar dute. Orain arte, Finkatuzek hiru enpresatan hartu ditu partaidetzak: ITP Aeron, CAF-en eta Kaikun, guztira 104m €-ko inbertsioarekin.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuak hitzartzeko araubide orokorra eta bateratua arautzeko dekretu berria onetsi du gaur Gobernuak. Dekretu horrek, bide egokia ezartzen du, modu egonkorrean eta kalitatezko zerbitzuekin, ekimen pribatuak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman duen parte-hartzea artikulatzeko. Sistema hori erantzukizun publikoko sistema bat da, titulartasun publiko eta pribatu itunduko prestazioek, ekipamenduek eta zerbitzuek osatua.

Azkenik, Hezkuntza sailaren eskutik, Jaurlaritzak 2023-2024 ikasturterako, 2,7 milioi euro bideratzea onartu du itunpeko ikastetxeetan hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko dirulaguntzetarako. Programa hauek ikasle hauei zuzenduta daude: gure hezkuntza-sistemara iritsi berriak izan eta Euskadiko hizkuntza ofizialak ez ezagutzeagatik komunikazio-zailtasun handiak izanik, hizkuntza indartzeko plan bat behar duten ikasleei.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)