Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, urria erabat beroa izan da

2023-11-03
  • Urri batean aurretik inoiz neurtu izan ez diren tenperatura maximoak neurtu dira
  • Era berean, eguzki-orduak ere % 20-30 gehiago izan dira

Euskalmet – Euskal Meteorologia agentziaren arabera, urria erabat beroa izan da Euskadiko leku gehienetan, Arabako Errioxan izan ezik, eskualde horretan oso beroa izan baita. Hileko lehenengo bi egunetan urri batean aurretik inoiz neurtu izan ez diren tenperatura maximoak neurtu ziren. Gainera, intsolazio handiaren ondorioz, lurralde osoan % 20-30 gehiago izan dira eguzki-orduak. 

Euskalmeten arabera, urriko batez besteko tenperaturak 19 ºC inguruan ibili ziren itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 15º C-tik gorakoak izan ziren. Balio horiek, Euskadi osorako, 3º C-ko anomalia positiboa suposatzen dute 1981-2010 aldi normalarekiko. Serie historikoetako bigarren urririk beroena izan da, 2002ko urriaren atzetik, eta 2006koaren antzekoa.

Urriko lehenengo bi egunetan neurtu ziren hilabeteko eguneko tenperaturarik altuenak, eta ezohiko balio horiek, kasu askotan, erregistroak daudenetik izan diren balio altuenak dira. Horrela, bai hilaren 1ean eta bai 2an nabarmen gainditu ziren 35 °C-ak (Arteaga 37,7 °C; Gardea 37,2 °C; Sodupe-Cadagua 37,1 °C).

Bestalde, tenperatura minimoak ere oso altuak izan ziren eta gau tropikalak ere izan ziren, bereziki hilaren 1eko goizaldean eta mendi-aldeetan (Jaizkibel 25 °C; Oiz 24 °C), eta urriko tenperatura minimo altuenen hainbat errekor ere hautsi ziren, beraz. Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa ere oso handia izan da urte-sasoi honetarako, % 20 eta % 30 handiagoa Euskadi osoan, eta 184 eguzki-ordu zenbatu dira Gasteizen, 174 Donostian eta 162 Bilbon.

Prezipitazioari dagokionez, urrian erregistratu diren kopuruak kontuan hartuta, hilabete normala izan da, itsasertzeko eskualdeetan eta Enkarterrin izan ezik, leku horietan urria lehorra izan baita.  Metatutako prezipitazio-kopururik handienak Euskadiko geografiako leku ezberdinetan erregistratu dira, bereziki mendialdeetan (Zegama 169,1 l/m²; Eskas 153 l/m²; Tobillas 113 l/m²), eta baliorik baxuenak, aldiz, Ebroren ardatzean (Zambrana 31,8) eta Enkarterrin (Balmaseda 51 l/m²).

Hilaren 26an izan zen aldi honetako euriterik ezohikoena. Berez, XXI. mendeko urri bateko egunik euritsuena izan zen estazio askotan, batez ere, isurialde kantauriarreko barnealdeko eskualdekoetan (Urkiola 71,3 l/m²; Zegama 66,7 l/m²). Horrela bada, batez beste, hilabete osoan egindako euriaren erdia inguru egun horretan egin zuen.

Muturreko meteorologiaren kapituluari dagokionez, urrian Eusko Jaurlaritzak bi alerta laranja aktibatu zituen, bat haizeagatik ageriko lekuetan eta bestea olatuengatik nabigaziorako. Era berean, 25 abisu hori ere aktibatu zituen, horietako 12 haizeagatik, 5 kostako inpaktuagatik, 4 nabigaziorako olatuen altueragatik, 2 galernengatik, 1 muturreko tenperatura altuengatik eta 1 basoko sute-arriskuagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak