NIK Patrika Digitala
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren aurrekontuak %4,5eko igoera izango du 2024an eta guztira 369,4 milioi eurotakoa izango da

2023-11-08
  • Kultura alorrean euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena indartuko da eta deialdi berri batekin euskarazko serieak sortu eta ekoizteko dirulaguntzak emango dira
  • Hizkuntza Politikan euskara ikasteko doakotasuna sustatzen jarraituko du sailak eta 2024-2025 ikasturtean A1 komunikagaitasun maila eskuratzeko ikastaroa ere doakoa izango da
  • 2024an emakumeen kirolaren aldeko konpromisoa indartzen jarraituko du Kultura eta Hizkuntza Politika sailak besteak beste pilotan eta txirrindularitzan

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2024rako aurreikusita dituen aurrekontuak. Guztira, iazkoarekin alderatuta, %4,5 hazi da Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren aurrekontua eta 369.421.000 eurokoa izango da, 2023an baino 16 milioi gehiago. Honela banatuko da diru kopuru hori:

  • Kultura Sailburuordetza: 72.954.633 euro.
  • Hizkuntza Politikako sailburuordetza: 77.194.169 euro.
  • Jarduera Fisikoa eta Kirol Zuzendaritza: 15.598.834 euro.
  • Etxepare Euskal Institutua: 3.848.000 euro.
  • Zerbitzu Zuzendaritza eta Kabinetea: 6.635.364 euro.
  • EiTB: 192.185.000 euro.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez “agintaldi honetarako gizartearen eta Legebiltzar honen aurrean hartu genituen hainbat eta hainbat konpromiso betetzea edota bideratuta uztea izan da aurrekontu hau osatzean gidatu gaituen helburua”. Zupiriarekin batera aurrekontuen aurkezpenean parte hartu dute Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendariak eta Leire Corrales Zerbitzu zuzendariak.

Kultura sailburuordetza

Kultura sailburuordetzak datorren urtean 72.954.633 euroko aurrekontua izango du, 2023an baino 1,89 milioi  euro gehiago. Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Kultura 2028 plan Estrategikoan zehazten diren lau helburu estrategikoetan honela banatuko da aurrekontua:

  • Sorkuntza sustatu eta talentua garatzeko 24,5 milioi euro
  • Kultur eskaintza aberastu eta gizarteratzeko 32,5 milioi euro
  • Kultura ondarearen zaintza eta komunitateen garapena uztartzeko 11,8 milioi euro
  • Jauzi digitala sustatu eta ahalbidetzeko 1,2 milioi euro

Azpimarratzekoa da, batez ere, ikus-entzunezkoen alorrean garapen eta ekoizpenerako deialdiak indartuko direla, guztira 5,7 milioi eurorekin. Alde batetik ekoizpenerako eta garapenerako deialdi orokorrak 563.000 euro gehiagorekin indartuko dira, guztira 3,7 milioi euro izango dira, eta bestetik 2 milioi euroko partida berri bat sortu da euskarazko ikus-entzunezko serieak sortu eta ekoizteko. EITBren aurrekontuan ere indartuko da euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apustua eta aurtengo 2 milioi gehigarriak kontsolidatuko dira 2024an hauek ere euskarazko serieak ekoizteko eta PRIMERAN elikatzen jarraitzeko 5,1 milioi euro bideratuko dira.  Ikus-entzunezkoen alorrean Donostiako Zinemaldiari, Zineuskadiri eta Gidoigileen elkarteari egiten zaizkien ekarpenak ere indartuko dira 2024an.

Musika eta Arte Eszenikoen arloak ere indartuko dira, besteak beste, Musika Hamabostaldiak, EH Musika Bulegoak, Eskenak, Euskal Aktoreen Batasunak edota Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak (Artekalek) jasotzen dituzten dirulaguntzak igoz. Literaturaren arloan Durangoko Azokak jasotzen duen ekarpena ere 175.000 eurora igoko da.

Literaturan beka berri bat sortuko da euskal idazleei zuzendutakoa. Xabier Leteren izena eramango duen beka hau urte betekoa izango da eta BBVA Fundazioarekin lankidetzan garatuko da. Guztira 70.000 euroko beka bat izango da eta idazle bati bere sorkuntza lanean buru belarri jarduteko aukera emango dio. Zupiria sailburuak azaldu duenez “egitasmo berri honekin idazleen profesionalizazioa eta goi-mailako euskal literatura-sorkuntzaren uzta handitzea dugu helburu”.

Datorren urteko obren artean azpimarratzekoak dira besteak beste, Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko lanak (2024an 647.666 eurokoa), Miramar Jauregiko birgaitze eta egokitze lanak (1,2 milioi euro) eta Gasteizko Printzipal Antzokiaren erreforma (2,3 milioi euro). BERPIZTU eta MRR funtsen bitartez hasitako hainbat lan ere gauzatuko dira 2024an: Irungo Urdanibia Jauregia (300.000 euro), Getariako Zarautz Jauregia (607.000 euro) eta Orconera (600.000 euro).

Hizkuntza Politika

Hizkuntza Politikako sailburuordetzaren aurrekontua 3,6 milioi eurotan igoko da datorren urtean eta guztira  77.194.169 eurokoa izango da. Eusko Legebiltzarreko agerraldian Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu duenez “2024a urte garrantzitsua izango da Hizkuntza Politikaren esparruan. Herritarren beharrak eta hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen aurrekontua diseinatu dugu. Eta noski, gure politikok adostasunean, lankidetzan eta koordinazioan oinarrituko ditugu, euskarak, orain arte bezala herri kohesiorako elementua izaten jarrai dezan”.  Hurrengo hilabeteetan onartuko dira datozen 10 urteetako Hizkuntza Politikaren norabidea zehazteko asmoa duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria, AROA, edota Euskadiko sektore publikoan euskara normalizatzeko dekretu berria. Zupiriak azaldu duenez dekretu berria “apustu sendoa da, eta jauzi kualitatibo handia sektore publikoaren euskalduntzean, eta ondorioz herritarren hizkuntza eskubideekiko betebeharretan”.

Eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia indartzeko helburuarekin Euskaraz Barra-Barra proiektuari bultzada esanguratsua emango zaio 2024an, Bikain ziurtagiriaren dekretu berria jarriko da abian, Languages Lanean nazioarteko kongresua egingo da Bilbon, hizkuntzen kudeaketaz hausnartzeko, eta Lanhitz deialdia indartuko da.

Bestalde, HABEra bideratuko da Hizkuntza Politikako aurrekontuaren erdia baino gehiago, 51.676.000 euro guztira. Zupiriak azaldu duenez, legealdiko konpromiso handienetako bati erantzunez euskara ikasteko doakotasuna indartzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak. Gaur egun euskara ikastea doakoa da kasu bi hauetan, beti ere maila egiaztatzen bada: B2 maila eta 16 eta 30 urte bitartekoen kasuan C1 maila.

Aurten 16-18 urte bitarteko gazteen euskarazko komunikagaitasuna handitzeko eta C1 azterketa prestatzeko ikastaroa doan jarri da eta momentuz 3.200 ikaslek eman dute izena, eta hurrengo urtean “gehiago izatea nahi dugu” nabarmendu du Zupiriak. Horretarako milioi bat euro aurreikusi dira. Gainera 2024-2025 ikasturtean A1 mailari dagokion komunikagaitasun-maila eskuratzeko dirulaguntza-deialdi berri bat abian jarriko da martxan eta ikastaro horien matrikula ia doakoa izateko, 2024-2025 ikasturterako 1.600.000 euro aurreikusi dira. INGURA euskara ikasteko plataforma teknopedagokiko berria ere martxan jarriko da 2024an eta horretarako 700.000 euroko inbertsioa egingo da.

Ingurune digitalean eta hizkuntza teknologietan euskararen presentzia indartzeko 1,5 milioi eurorekin GAITU-Common Voice proiektua, Datuaren bulegoaren garapena edota HITZ zentroarekin lankidetza indartuko da.

Etxepare Euskal Institutua

Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean gogorarazi duenez, Etxepare Euskal Institutua da “euskal kultura eta euskararen nazioartekotzean sailaren eragile nagusia” eta hori dela eta 2024an bere jarduera indartu eta aurrekontua 400.000 eurotan igoko da, guztira 3.848.000 euroko aurrekontua izango du.

Besteak beste, esparru akademikoan munduko unibertsitateetako euskal ikasketetako irakurletzak eta katedrak eta Euskal Etxeetako euskara-eskolak mantendu eta indartuko ditu Etxepare Institutuak, tartean, 2024an Santiagoko Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurletza berri bat irekitzea aurreikusten da. Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak sortzaileen kanpoko mugikortasuna sustatzen jarraituko du arte-diziplina guztietan, bai eta euskarazko literatura beste hizkuntzetara itzuli dadin sustatzen, azpitituluak laguntzen, eta abar.  Sorkuntza garaikidea erakusten duten "euskal leihoak" nazioarteko erreferentziazko eta ospe handiko foro, programazio eta jaialdietan mantentzeko lanean jarraituko du institutuak, adibidez, Flandrian 2022an abian jarritako joan-etorriko proiektuak 2024an izango du jarraipena eta amaiera. Zabal programak ere protagonismo berezia hartuko du, izan ere, programa honen emaitzak ikusten hasiak gara, 2024ko Sidneyko Bienalaren kasuan bezala.

Jarduera Fisikoa eta Kirola

  1. urtean Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzak 15.598.834 euroko aurrekontua izango du, iaz baino 2,86 milioi euro gehiago. Besteak beste Usurbilen Orbeldiko “Maialen Chourraut” Ur Bizien kanalak hasteko 500.000 euro bideratuko dira (1,9 milioi gehiago 2025ean). Bizkaian egoitza duten Euskadiko kirol federazioen egoitza egokitzeko lanetara 3,2 milioi euro bideratuko dira eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri duenez asmoa lanak 2024an hastea da. Fadurako Goi Mailako zentroaren birgaitze lanak ere bukatuko dira 2024an eta horretarako 238.000 euro bideratuko dira.

2024 Olinpiar Urtea ere izango da eta hori dela eta Basque Team Fundazioaren aurrekontua 1,7 milioi eurora igo da, aurreko urtean baino 110.000 euro. Zupiriak azaldu duenez “gure goi mailako kirolariei zerbitzurik onenak eskaini eta hauen ikusgarritasuna handitzea da helburua, Euskadiren nazioartekotzean aurrera eginez”.

Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean gogorarazi duenez legealdiko apustu sendoetako bat emakumeen kirola bultzatu eta sendotzea izan da eta hori dela eta, 2024an ere, emakumeen kirola indartzen jarraituko du Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. Horretarako Pilotan  Emakumeen Master Cup zirkuitua eta 3 Hiriburuak torneoak eta txirrindularitzan Emakumeen Itzulia diruz laguntzen jarraituko da,  Behobia-Donostia lasterketan emakumeen parte-hartzea eta ikusgaitasuna areagotzeko neurrietan lagunduko du sailak eta emakumezkoen estatu mailako ligetan (kategoria absolutuetan) parte-hartzeko diru-laguntza ere handitu da.  2024an Bilbon egingo den emakumeen futboleko UEFA txapelketako finalerako 600.000 euroko inbertsioa egingo du Kultura eta Hizkuntza Politika sailak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)