Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak 3.672,9 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2024rako, 190,2 milioi euroko igoerarekin (+ %5,5)

2023-11-07
  • 2023-2024 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoan doakotasuna bultzatzeko, 11 milioi euroan haziko da honen aurrekontua
  • 207 milioi euro Hezkuntza Premia Bereziei arreta emateko, profesionalen kopurua 155 lagunekin ugaritu ondoren
  • Lanbide Heziketan, ikasleen kopurua etengabe handitzeak, prestakuntza-eskaintza handiagoak eta eraldaketa digitala bultzatzeak 160 milioi eurotik gorako partida dakar
  • Unibertsitateetan eta Ikerkuntzan, Euskal Unibertsitate Ekosistemaren aldeko apustuak 550 milioiko aurreikuspena dauka; horietatik 362,6 milioi UPV/EHUra bideratuko dira (+%6,2).

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, bere saileko sailburuordeekin batera (Administrazio eta Zerbitzuak, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak), Hezkuntza Sailak 2024rako prestatu duen aurrekontua aurkeztu du gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzak egindako Aurrekontuen Lege Proiektuak 3.672,9,7 milioi euroko kopurua aurreikusten du Hezkuntza Sailarentzat, hau da, aurreko ekitaldian baino 190,2 milioi euro gehiago, %5,5eko igoerarekin.

Zifrek legegintzaldi honetan izan duten bilakaerak erakusten du ondoen Jaurlaritzak hezkuntzarekin duen konpromisoa eta ahalegina. Gaur aurkeztutako datuek euskal hezkuntzak orain arte izan duen aurrekonturik handiena osatzen dute, hezkuntza-sistema berritu eta eraldatzailea, premia pertsonaletara, sozialetara, hezkuntzakoetara eta lanekoetara egokitzeko gaitasuna duena. Hezkuntza Sailak 2020rako 2.934,5 milioi euroko aurrekontuarekin hasi zuen legegintzaldia, eta 2024ko ekitaldian sail honek duela lau urte baino 738,5 milioi gehiago izango ditu(3.672,9), hau da, % 25,1 gehiago.

Hezkuntza Saileko pertsonal atalari dagokion kapituluak 1.742,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an. Datu horrek esan nahi du langileria-gastuaren egiturazko igoera 335,2 milioi eurotik gorakoa dela legegintzaldiaren hasierarekin alderatuta (1.407 milioi euro ziren 2020rako). Era berean, langileen kapituluan izandako igoera hori Hezkuntza Sailak sindikatuekin 2022ko maiatzean sinatutako akordio guztiak betetzearen isla da. Ikasturte berri honetan 700 profesional gehigarri baino gehiago izango dira, hezkuntza publikoaren kalitatearen aldeko apustu argia eginez, besteak beste, ratioak murrizteari, hezkuntza eleaniztunari, aniztasunari arreta emateari, DBHko tutoretza bikoitzei edo Lanbide Heziketako eskaintza handitzeari esker.

Irakasleen egonkortasunaren aldeko apustua ere argia da. 2024an kidego ezberdinetako 2.000 plaza baino gehiago ebatziko dira berriki deitutako oposizio-prozesuetan, eta horiei 2023 urteko egonkortze-merezimenduen lehiaketan ebatzitako edo ebaztear dauden beste 4.300 plaza baino gehiago gehituko zaizkie. Legegintzaldian zehar abiarazitako eta 2024an amaituko diren lan-eskaintza eta prozesu publikoek irakasleak egonkortzea ahalbidetuko dute eta egiturazko lanpostuetan behin-behinekotasuna %5etik behera kokatuko da.

Unibertsitateaz besteko ikastetxe publikoetako inbertsioei dagokienez, 85 milioi euroko kopurua aurreikusi da. 24 milioi euroko hazkunde handia esan nahi du honek (+%39,2).

Ekitatea eta inklusioa sustatzea funtsezko elementua izan da gure ikastetxeetan, eta hala izaten jarraitzen du. Urte hauetan neurri asko hartu dira hezkuntza inklusiboa sustatzeko eta aniztasunari erantzun egokia emateko. Etengabe aldatzen ari den gizarte konplexu honetan, beharrezkoa da sistema modernizatzeko eta hobetzeko ahaleginak egiten jarraitzea, ikastetxeek duten indar eraldatzailea garatzeko eta egungo erronkei erantzuteko. Horrela, Hezkuntza Sailak 126,3 milioi euro bideratu ditu unibertsitateaz kanpoko beketarako eta hezkuntzaren osagarri diren zerbitzu garrantzitsuetarako, hala nola, garraiorako eta eskola-jantokietarako.

Alde horretatik, Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua doakoa izatea ere funtsezko tresna da familien kontziliazioa ahalbidetzeko, eta 77 milioi euro inguruko finantzaketa izango du. 2023an baino %16,6 gehiago, hau da, 11 milioi inguru euro gehiago. Haurreskoletan, legegintzaldiaren hasierako 62,06 milioietatik 2024ko 76,94 milioietara igaro da, Partzuergoaren historiako finantzaketarik handiena.

Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoei erantzutea urteko aurrekontuan aurreikusita dago, ekitatea bermatzeko eta bikaintasuna sustatzeko, aniztasunari erantzun egokia ematea ahalbidetuko duten neurri eta laguntzen bidez. Lehentasuna inor atzean ez uztea da. Dagoeneko iaz abiatutako gehikuntzekin jarraituz, Sailak 155 profesional gehiago izango ditu, zuzenean hezkuntza-laguntzako premia espezifikoei erantzuteko (Pedagogia Terapeutikoko irakasleak eta Hezkuntza Laguntzako espezialistak). Guztira, 3.770 profesional arituko dira hezkuntza-sisteman eginkizun horretan, eta 207 milioi euro bideratuko dira horretarako.

Euskarari eta eleaniztasunari dagokienez, irakasleen etengabeko prestakuntza izango da hurrengo ikasturteetarako ardatz nagusia, eta euskarazko trebakuntzari jarraipena emango zaio, didaktikaren arloan ere baliabide berriak eta prestakuntza espezializatua eskainiz. Guztira 11,1 milioi euro bideratuko dira euskara eta eleaniztasunerantz programetara, ikasleen eta irakasleen hizkuntza-konpetentziak areagotzeko. Esparru honek ia milioi erdi euroko gehikuntza izan du, irakasleek atzerriko hizkuntzetan gaitzeko eta hizkuntza guztietan didaktika lantzeko programa berriekin indartu baita.

Gaitasun digitalaren esparruan, 2024an amaituko da Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planaren hedapena. Ikastetxe guztiak ari dira beren Ikastetxeko Proiektu Digitala garatzen. Guztira, ia 5 milioi euro bideratuko dira unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen digitalizazioa sustatzeko.

STEAM Euskadi Estrategiak beste aurrerapauso bat emango du. Ikasturte honetatik aurrera, curriculum berriak pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika bezalako alderdiak txertatzen ditu unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapetan, esparru zabalagoko hainbat irakasgairen zati gisa. 2023-2024 ikasturtean, programazioa eta robotika hezkuntza-sistemako derrigorrezko irakaskuntzen maila guztietara iritsi dira. Aipatutako estrategiaren esparruan, Hezkuntza Sailak urteak daramatza teknologia berrien erabilera bultzatzen helburu pedagogikoekin. Baina curriculum berriak urrats sendo bat egiteko aukera ematen du. Horregatik, Hezkuntza Sailak inbertsio esanguratsua egingo du ADI Eskola Adimentsua programa bultzatzeko. Programazioaren, robotikaren eta pentsamendu konputazionalaren arloetan ikasleen gaitasunak lantzeko programa da hau. Horretarako, Ezohiko inbertsioa egingo da 2024an, 4,6 milioi eurokoa.

Lanbide Heziketa

Lanbide Heziketari dagokionez (EB osorako erreferentziazko eredua), prestakuntza mota honek hainbat esparrutan lan egiten jarraituko du hurrengo ekitaldian, betiere gure gizartearen, ekonomiaren eta produkzio-sarearen beharrei begira. Horrela, Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintza indartu egin da ikasturte honetan, 11 prestakuntza-ziklo berri eta 8 espezializazio-ikastaro berri eskaini baitira, eta, gainera, ikasle-kopuruak gora egin du: 123 talde gehiago prestakuntza-zikloetan, eta % 9,1 ikasle gehiago lehen mailan, aurreko urtearen aldean.

Giza garapen iraunkorra lehentasunezkoa izanik, eta Lanbide Heziketako 6. Plana abian jarrita, errendimendu handiko prestakuntzaren garapena bultzatzen jarraitzen da. Prestakuntza horren helburua pertsonak prestatzea da, haien ezagutza eta gaitasunak teknologia aurreratuekin indartuz. Ikaskuntzarako metodologia aktiboen bidezko prestakuntza-sistemaren eraldaketak estrategikoa izaten jarraituko du, zehazki, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntzaren bidez eta Lanbide Heziketa Dualaren bidez. 2023-2024 ikasturte honetan, 14.500 ikaslek Lanbide Heziketa duala egingo dute 8.200 enpresa baino gehiagotan. Politika horiek garatzeko eta ezartzeko 138 milioi euro izango dira.

ETEei eta mikroETEei laguntza emateak, berrikuntza enpresa horietara hurbilduz, estrategikoa izaten jarraituko du Lanbide Heziketarako. Horregatik, Lanbide Heziketako ikastetxeei bultzada ematen jarraituko da, berrikuntza aplikatuko proiektuak garatzeko –produktuetan eta produkzio-prozesuetan–, enpresekin lankidetzan. 46 ikastetxek egingo dute lan ikasturte honetan berrikuntza aplikatuko proiektuetan, 400 enpresa txiki eta ertainekin lankidetzan. Horretara 4,2 milioi euro bideratuko dira.

Lehentasunezko beste atal bat eraldaketa digitala izango da: 24 milioi euro baino gehiago eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko, baita Lanbide Heziketan ere. Lanbide Heziketan gertatzen ari den eraldaketa digitalaren helburua da ikasleen prestakuntzarako erabiltzen diren ikastetxe, espazio, ekipamendu eta makina-mota berri bat eratzea. Baina, horretarako, irakasleen prestakuntzak eta trebakuntzak, bai eta hauen gaitasun digitalek ere, berebiziko garrantzia dute. Irakasleen arlo horretako prestakuntza indartu egin da, eta, beraz, ikasturte honetan 6.995 profesional prestatzea dago aurreikusita.

Nazioartekotzeari da aurrekontu honetan beste arlo estrategiko bat. Honi dagokionez, eta Euskadiko Lanbide Heziketa nazioarteko erreferentea izanik, 5,3 milioi euro izango ditu, nazioarteko lankidetza indartzeko partida bat. Gaur egun, EAEko Lanbide Heziketak nazioarteko 13 saretan eta berrikuntza aplikatuko 97 proiektu europarretan parte hartzen du kide gisa.

Unibertsitateak eta lkerketa

Unibertsitateen eta ikerketaren eremuari dagokionez, legegintzaldi honen hasieratik bultzatutako politikei jarraituz, Euskal Unibertsitate Ekosistema osoari laguntzearen aldeko apustua indartu da, bikaintasuna helburu dela. Unibertsitate-koordinazioko politikaren eta politika zientifikokoaren finantzaketak 550 milioi euroko partida izango du, %6,97ko gehikuntzarekin. Horietatik 388,4 milioi Euskal Herriko Unibertsitatearen funtzionamendua finantzatzeko izango dira, hau da, 2022an baino 25,5 milioi euro gehiago, % 6,2ko igoerarekin.

Gainera, bikaintasun zientziaren eta ikerketaren aldeko apustua nabarmendu behar da, 109,2 milioi eurorekin, iazko datuekin alderatuta %13,7ko hazkundea duena, aurrekontuan 100 milioi euroko muga lehen aldiz gaindituz.

Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren beka eta laguntzei dagokienez, 48,2 milioi euroko aurrekontua bideratuko da, hau da, iaz baino %4,5 gehiago. Laguntza horien artean, azpimarratzekoa da doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko programen hazkundea, 15,9 milioi euro bideratzen baitira horietara. Gastua %15,4 igo da 2023aren aldean, batez ere ikertzaile horien soldatak % 4 hobetu direlako. Programa horiek indartu egin dira legegintzaldi honetan, aurrekontua % 33,9 handituta.

Hezkuntza Sailaren aurrekontuetan, halaber, unibertsitate-irakaskuntzarako eta bikaintasun-ikerketarako azpiegiturak bultzatzeari lotutako partidak jasotzen dira. Horien artean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateari dagokion partida 25 milioi eurora igo da, hau da, 2023an baino % 71,23 gehiago. Era berean, bikaintasuneko ikerketarako eraikinak eraikitzeko partida 10,1 milioi eurokoa da, %65,5eko gehikuntzarekin. Partida horren bidez finantzatuko dira Ikerbasque ikerketa-zentroaren Gipuzkoako eraikin berria eraikitzeko gastuak eta DIPCren eraikin berria eraikitzen hasteko gastuak.

Gainera, Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planaren esparruko ekintzak ere sartu dira, guztira 13,2 milioi eurorekin. Baliabide horiek, besteak beste, teknologia kuantikoetan ikertzeko eta berritzeko Basque Quantum Estrategia – BasQ – bultzatzera bideratzen dira.

Bikaintasuneko azpiegitura zientifikoei dagokienez, partida %48,8 handituko da, 24,96 milioi eurora iritsiz. Atal horren barruan, azpimarratzekoa da erakunde arteko inbertsio-plan estrategikoa nabarmen handitu dela, aurreko urtean baino %137,8 gehiago, guztira 13,2 milioi euro.

Euskadiko Politika Zientifikoak indartu egingo ditu talentuaren sorrera, erakarpena eta atxikipena eta bikaintasun-programak. Zientzia-politika horiek bultzatzeko, Ikerbasquek – Zientziarako Euskal Fundazioak–  40,4 milioi euroko aurrekontua izango du, hau da, aurreko ekitaldian baino %12,4 gehiago. Finantzaketa horrek 2024aren amaieran 400 ikertzaile lortzeko erronkari bultzada emango dio, baita Cryo-EM mikroskopioa edo Konputagailu Kuantikoa bezalako proiektu eta azpiegitura estrategikoak sustatzeko eta bultzatzeko jarduera-ildoari ere. Legegintzaldi osoko ikuspegia hartuta, 2021-2024 aldian Ikerbasqueren finantzaketa % 67,37 handitu da.

Talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko politikak bultzatzeko, Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateei egindako ekarpenak 56,6 milioi eurora arte handitu dira programa-kontratuen bidez, 2023ko ekitaldian baino %6 gehiago.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak