Hezkuntza Sailak 3,1 milioi euro bideratu ditu oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketari lotutako proiektu estrategikoei bultzada emateko (Gobernu Bilera 2023-10-31)
- Dirulaguntzak BCBL, BCAM eta BC3 oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa zentroei dagozkie
Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, BC3, BCAM eta BCBL Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroei (BERC - Basque Excellence Research Center) zuzeneko dirulaguntza bana ematea, beren ikerketa-proiektu estrategikoei bultzada gehigarri bat emateko. Laguntza horien batura 3.106.000 eurokoa da guztira, eta honela banatzen dira aipaturiko bikaintasuneko ikerketa-zentro horien artean:
BCBL – Basque Center on Cognition, Brain and Language: 2 milioi euroko dirulaguntza jaso du Magnetoentzefalografia (MEG) bat erosteko, hau da, garunaren azterketa funtzionaletarako neurketa bioelektromagnetikoko sistema bat eskuratzeko. Jarduera kortikala erregistratzeko metodo ez-inbaditzailea da hau, aparteko denbora-bereizmen bat eta bereizmen espazial fin dituena. Garuneko jarduera mapatzeko erabiltzen da, neuronek elkarrekin komunikatzen direnean sortzen dituzten korronte elektrikoek sortutako eremu magnetikoak grabatuz. Ekipamendu hori BCBLk Donostiako Parke Teknologikoan (Miramonen) dituen laborategi nagusietan kokatuko da.
BCAM - Basque Center for Applied Mathematics: milioi bat euroko dirulaguntza jasoko du osasunari aplikatutako eredu matematiko aurreratuak garatu eta aztertzeko, "Osasunari aplikatutako modelizazio matematikoko taldeak" gauzatuak. Talde hau 2021ean sortu zen, jada lanean ari zen Basque Modeling Task Force (BMTF) taldearen jarraipen eta garapen gisa. Talde horrek laguntza zientifiko aitortua eta baliotsua eman zuen COVID-19aren pandemian. Modelizazio matematikoko talde horrek laguntza zientifikoa ematen die osasun publikoaren kudeatzaileei eta Eusko Jaurlaritzari gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko osasun-politiketan. Diziplina anitzeko talde hori Euskadiko datuekin aritu da lanean, eta nazioartean ezagunak diren eta gaixotasun infekziosoen dinamikak modelizatzen esperientzia handia duten zientzialariek osatzen dute (hala nola gripea, dengea eta txertaketaren bidez prebenitu daitezkeen gaixotasunak), bai eta ikuspegi zientifiko osagarriak dituzten beste erakunde batzuetako adituek ere. Laguntza ekonomikoa osasunari aplikatutako eredu matematiko aurreratuen garapena eta analisia finantzatzeko erabiliko da. Eredu horiek Osasunari aplikatutako modelizazio matematikoko taldeak gauzatzen ditu.
BC3 – Basque Centre for Climate Change: 106.000 euroko dirulaguntza jasoko du, Aries plataformaren garapenean lan egiteko teknikariak eta ikertzaileak kontratatzeko. 2017an sortua, Aries plataforma sareko software-teknologia gisa ulertzen da, eta iraunkortasunaren ebaluazioa eta zerbitzu ekosistemikoen balorazioa birdefinitzen ditu, biodibertsitatea barne. Sistemak esfortzurik gabe lotzen ditu natura-zientziak (adibidez, prozesuetan oinarritutako ereduak) eta giza portaera (adibidez, eragileetan oinarritutako ereduak), eta kontzeptua bateratu eta unitateetan edo eskaletan desberdintasunak ebazten ditu automatikoki; horri esker, emaitzek erabaki konplexuak eta diziplinartekoak babesten dituzte. Softwareak webean eskuragarri dauden ereduen sare integraturako sarbidea ematen du, semantikaren bidez diziplina zientifiko guztietan katalogatuak eta erlazionatuak (K.IM lengoaian). Aries giza ongizatearen eta ekonomiaren mende dauden ekosistemak bistaratzeko, baloratzeko eta kudeatzeko modu berri eta boteretsua da, eta, horrela, trantsizio berdea bultzatzen du. Plataformak hainbat iturritako datuak integratzea eta datu horiek eraginkortasunez erabiltzea bilatzen du, erabakiak hartzen eta ikerketak egiten laguntzeko.