Berriak Hezkuntza
qrcode

Euskadiko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola garraioari buruzko dekretu berria (Gobernu Bilera 2023-10-31)

2023-10-31

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Hezkuntza Sailak finantzatutako Euskadiko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzko Dekretua.

Dekretu berriak, aurrekoak (69/2015) bezala arautzen du Haur Hezkuntzako (lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa), Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako etapetako ikasleen eskola-garraiorako eskubidea. Baina lehen adierazitako etapez gain, arau berriaren aplikazio-eremuan Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak sartzen dira, eskola-garraioa behin-behinean erabiltzeko baimendutako ikasle gisa.

Ikasle horiek (Batxilergokoek eta Erdi Mailako Lanbide Heziketakoek) Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa behin-behinean erabiltzeko baimena izan ahalko dute, garraio publiko erregularraren eskaintza urria dela-eta etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko joan-etorria bereziki zaila den lekuetan bizi badira, eta eskola-garraioaren jarraipen-batzordeak hala adierazten badu.

Aipatutako betekizunaz gain, ikasle horiek eskola-garraioa baimendutako ikasle gisa erabili ahal izateko, aldi berean eta, besteak beste, honako hauek ere bete beharko dituzte: eskola-garraioaren ibilbidean plaza libreak izatea; ikastetxea etxetik 4 kilometroko edo gehiagoko distantziara egotea (2 kilometro edo gehiago desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan); edo ikasturtea amaitzen den urtean 21 urte baino gehiago ez izatea (25 urte edo gehiago ez, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan).

Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasle horiek eskola-garraioa erabiltzeko behin-behineko baimena lortuko ez balute, garraio-gastuak konpentsatu ahal izango dira Hezkuntza Sailaren banakako dirulaguntzen deialdien bidez.

Bestalde, dekretu berriarekin, jantokiko kuota murriztua izateko eskubidea eta garraiorako eskubidea bereizi egiten dira. Horrela, ikasleek araudi bakoitzean ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, alde batetik, jantokiko kuota murriztua izateko eta, bestetik, eskola-garraioa eskuratzeko. Hala, eskola-garraiorako eskubideak ez dakar berekin jantokiko kuota murriztua automatikoki aitortzea. Kuota hori arau bakoitzean adierazitako baldintzak betetzen direnean ordainduko da. Bientzako baldintzak (garraiorako eta jantokiko kuota murriztua izateko) berberak izango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko