Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatuko du Barakaldoko Udalarekin, gazteei emantzipatzen laguntzeko GAZ zerbitzuaren bigarren bulegoa irekitzeko (Gobernu Bilera 2023-10-31)
- Bilboko bulegoa zabaldu ondoren, GAZen bigarren egoitza honek Barakaldoko gazteei emantzipatzen lagunduko die
- Horrela, 50.000 biztanle baino gehiagoko udalekin lankidetzan, gazteak aurrez aurre artatzeko sarea handitzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak
- Aurrez aurreko bide honetaz gain, WhatsApp bidez (646 109 126), posta elektronikoz (gaz@euskadi.eus) edo gaz.eus komunitate birtualean izena emanda GAZ zerbitzuaz gozatu ahalko dute gazteek
Gobernu Kontseiluak gaur baimena eman dio Eusko Jaurlaritzaren eta Barakaldoko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeari, gazteen emantzipazioa sustatzeko izaera pilotua duen proiektu integrala aurrera eramateko.
GAZ Emantzipaziorako Zerbitzuaren bigarren bulegoa abian jartzeko, Eusko Jaurlaritzak 384.706,00 euro bideratuko ditu; eta Barakaldoko Udalak, 442.402,00 euro. Beraz, guztira, 827.108,00 euro erabiliko dira gazteei emantzipatzen laguntzeko hitzarmenak iraungo duen bi urteetan.
Hitzarmen honen bitartez, zerbitzu hauek eskainiko dira:
- gazteei euren bizitza-ibilbideetan laguntzeko aurrezko aurreko zerbitzua,
- emantzipazioari buruzko gazteentzako aholkularitza programa
- emantzipazioarekin lotutako prestakuntza programa
- autonomia eta norbanakoak ahalduntzea bultzatzeko, ikasteko gune izango diren programa berritzaileak,
- emantzipazioa errazteko politikak elkarrekin sortzeko, gazteen parte-hartzea sustatzeko programak.
GAZen egoitza berria GAZTE BULEGOAn kokatuko da, hau da, gazteei laguntzeko eta informazioa emateko udal bulegoan (San Juan kalea, 17 Barakaldo); lokal hori berariaz arduratzen da gazteentzako zerbitzuak eskaintzeaz.
Ekimen honek eskaintzen dituen zerbitzu eta programen ezaugarriei eta bere ekipamendu bereziari esker, Barakaldo berrikuntza laborategi bihurtuko da, gazteentzako politika berriak garatzen, ebaluatzen eta komunikatzen, betiere gazteria lege berriarekin bat etorriz eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, eta, bereziki, gazteen emantzipazioari eta mugikortasunari begira.
GAZ Emantzipaziorako zerbitzua
Eusko Jaurlaritzak sustatutako GAZ Emantzipaziorako zerbitzuak gazteentzako laguntza eta aholkularitza proiektu pertsonalizatua izatea du helburu, eta gazteen artean autonomia ibilbide eta emantzipazio kultura berriak bultzatzen lagundu nahiko luke.
GAZ zerbitzuak arreta pertsonalizatua eskaintzen du, gazte bakoitzaren bizitza proiektuari lotuta. Horrela, gazte bakoitzak bere beharren arabera zer zerbitzu, zenbat denborarako eta ze bidetatik (online edo aurrez aurre) jaso nahiko duen erabakitzen du.
Emantzipatzeko asmoa duten 18 eta 30 urte arteko gazte guztiek jo dezakete GAZera, bai eta emantzipazio prozesu bat abiatu dutenek ere, nahiz eta emantzipazio prozesua finkatu ahal izateko prozesua eten behar izan. Era berean, mugikortasun proiektu bat abian ipini edo garatu nahi dutenek ere GAZ zerbitzura jo ahalko dute.
GAZ zerbitzuaren bidez, gazteek hainbat gairi buruzko informazio eguneratua jaso ahalko dute: enplegurako prestakuntza, ikerketa graduondokoak, enplegua bilatzeko tresnak, ekintzailetza sustatzeko laguntzak, etxebizitza publikoen alokairua eskatzeko urratsak, etxebizitza pribatu baten alokairua ordaintzeko laguntzak eta gizarteratzearekin lotuta eskaintzen diren dirulaguntzak.
Online arreta
GAZen webgunean (www.euskadi.eus/gaz) prestakuntzari, enpleguari, etxebizitzei, laguntzei eta mugikortasunari buruzko informazio eguneratua dago.
Horretaz gain, 646 109 126 telefonora WhatsApp bat bidalita edo gaz@euskadi.eus helbide elektronikora idatzita informazioa eskura daiteke.
Era berean, komunitate birtual bat ere sortu da (gaz.eus), bizitza proiektu berri bati ekingo dioten pertsonak konektatzeko. Gune honetan gazteek euren bizipenak partekatu ahal dituzte beste gazte batzuekin, eta, horretaz gain, GAZ zerbitzuari buruzko informazioa eta aholkularitza jasotzeko beste bitarteko bat gehiago ere bada.
Gazteen komunitate birtual honetan sartzeko, gazteek izena eman behar dute, horretarako, harremanetarako datuak eta helbide elektroniko bat eman behar dira.
Komunikazio kanpaina
Zerbitzu berria gazteei hurbiltzeko asmoz, iragan den urriaren 9an, “Hegan egiten lagunduko dizugu. Zure emantzipaziorako erantzun guztiak” izeneko kanpaina jarri zen abian, baliabide digitalen eta sare sozialen bidez, eta azaroaren 9ra arte iraungo du.