Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Jaioberrien ustezko desagertze kasuak argitzeko eratu den sailarteko batzordea martxan jarri da

2012.eko urtarrilak 27

EuskalAautonomia Erkidegoko ospitaleetan gertatutako ume jaioberrien ustezko desagertze-kasuak argitzeko aurrerapausoak eman daitezen sailarteko batzorde bat eratu dela jakinarazi die Idoia Mendiak ANADIR eta SOS Haur Lapurtuak elkarteei

Dagoeneko badagoen sailen arteko koordinazioa eta Eusko Jaurlaritza eta Botere Judizialaren arteko koordinazioa areagotzeko ekimen berri baten ardura hartu du Giza Eskubideen Zuzendaritzak. Ekimen horretan, Herrizaingoak eta Osasunak ere parte hartzen dute. Justizia Sailburuordetzaren Biktimari Laguntzeko Zerbitzua hasia da laguntza eskatu duten 31 kalteturi laguntza psikologikoa eta/edo aholkularitza juridikoa ematen.

Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburua, Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumoko sailburua, Miguel Buen Segurtasuneko sailburuordea, María Victoria Cinto Justiziako sailburuordea eta Inés Ibáñez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendaria ANADIR (Adopzio Irregularrek Kaltetutakoen Elkarte Nazionala) eta SOS Haur Lapurtuak elkarteetako lau ordezkarirekin bildu dira gaur goizean. Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan gertatutako ume jaioberrien ustezko desagertze-kasuak direla-eta Justizia Sailburuordetzak martxan jarri dituen jarduerak eta Eusko Jaurlaritzak gai berberaren inguruan dituen ekimen berriak eztabaidatu dituzte batzarrean. Besteak beste, horrelako susmo izugarria argitzeko aurrerapausoak eman daitezen eratutako sailarteko batzordea izan dute hizketa-gai.

Batzorde berri hori Giza Eskubideen Zuzendaritzak koordinatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako sailen artean eta Eusko Jaurlaritza eta Botere Judizialaren estamentuen artean dagoeneko badagoen elkarlana areagotzeko eratu da.

SOS Haur Lapurtuak elkartearen izenean joandako pertsonen artean Flor Díaz dago. Idoia Mendiak Diaz andrea hartzen duen bigarren aldia da. Aurreko bilera joandako otsailean egin zuten, ANADIRrek haur ‘lapurtuen‘ 261 kasu daudela (horietatik 40 Euskadin) salatzeko Estatuko Fiskaltza Nagusian demanda jarri eta handik egun batzuetara. Bilera hartan bera joan zen elkartearen Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari gisa. Bestalde, lehendakariak ere bilera bat egin zuen ANADIR elkartearekin uztailaren 12an, eta babes osoa eskaini zion elkarteari. Drama hau pairatu duten pertsonak insituzioek ezin dituztela bakarrik utzi esan zuen lehendakariak.

Hitzordu hartan, sailburuak bere saileko Biktimari Laguntzeko Zerbitzua (BLZ) eskaini zuen pertsona kaltetuei laguntza psikologikoa emateko, kontuan hartu gabe pertsona horiek elkarteetatik datozen edo eskatzaile partikularrak diren. Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa bete du: gaur-gaurkoz, dagoeneko 31 dira laguntza psikologiko hori eta/edo aholkularitza juridikoa jaso duten pertsonak (19 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 3 Araban). Biktimari Laguntzeko Zerbitzuan beste hainbat informazio ere ematen zaie: legezko zein jarduera egin ditzaketen (Zuzenbideko profesionalek egin beharrekoak eta bestelakoak), legez jaso ditzaketen onurak (doako justizia, legezko baldintzak betez gero; DNA-probak, Ministerio Fiskalak eskatzen baditu; etab.) eta prozesu judizialean zehar esku- hartzeko dauzkaten aukera desberdinak.

Prozesu judizialak konplexuak izaten direnez, zenbait kasutan herritar gehienek zailtasunak izaten dituzte ulertzeko, eta gizartean sortutako ezinegona baretzeko, Justizia Sailburuordetzak komenigarritzat jo zuen kaltetuen zerbitzura jartzea beraien eskubideez baliatzeko behar duten informazioa lortzeko eta prozesuko fase bakoitzean orientazioa jasotzeko dauden bitarteko erabilgarri guztiak. Hala zetorren jasota lehengo ekainean Justizia Sailak onartu zuen adopzio irregularrei buruzko lehenengo protokoloan.

Bigarren protokoloarekin, horrez gain, Justizia Ministerioarekin eta Toxikologiako Institutu Nazionalarekin batera sarean lan egitea lortu nahi zen. Horrela, Toxikologia eta Auzitegiko Zientzia Institutu Nazionalak nazio osoko adopzio irregularren eta jaioberrien lapurreten kasuetan identifikazio genetikorako jardute-protokoloa egin izanari esker, DNA-laginen analisiak zentralizatzeko eta datu-base bakarra (datu-bankua) ezartzeko koordinazio- lanean ari gara Espainiako gobernuarekin.

Sailburuak interesdunei zuzenean azaldu dizkie ekimen hau eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak egindako azken hilobi-irekitzeen ondoren berriz ere egunerokotasuna hartu duen gai honen inguruko beste ekimen batzuk (organo hori sailburuaren sailaren mendekoa da eta Euskadiko epaitegi, auzitegi eta fiskaltzei laguntzen die).

Martxan dauden ikerketetan laguntzen ari gara eta ahalik eta gehien laguntzen jarraituko dugu, giza zorigaitz hau dela-eta jende askok dauzkan zalantzak egi eta, ahal izanez gero, froga bihur daitezen eta, horrela, ikertzen ari diren epaileek, judizio-elementu guztiak eskuan izanik, salaketak argitu ditzaten. Hala aurreratu du Idoia Mendiak.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak azpimarratu duenez, inork ezingo dio gobernu honi egotzi bere erruz gelditu dela kasuren bat ikertu gabe. Hori bai, ikerketak beti agintaritza eskudunak egin behar ditu.

Gaur-gaurkoz, ume jaioberrien ustezko lapurreta eta ondorengo adopzio- kasuekin zerikusia duten 42 salaketa jaso ditu Ertzaintzak (guztiak Donostiako epaitegietan jarrita daude, eta gertakariak ikertzeko eskaera daramate) eta Osakidetzak 416 informazio-eskaera jaso ditu, horietatik 59 epaitegietatik.

Iruzkin bat
  • @bakunin2014
    2012.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: La Comisión Interdepartamental del Gobierno Vasco sobre bebés robados comienza a trabajr. http://t.co/txS4tWC6

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)