Ihobek Sustainability Action 23 saria jaso du ekonomia zirkularra eta hiri-berroneratzea bultzatzeagatik
- CompromisoRSEk emandako Sustainability Actions 23 sarien helburua da balioa ematea enpresek, fundazioek, erakunde akademikoek eta administrazioek jasangarritasunaren, ingurumenaren eta gizarteratzearen arloan 2023an egindako ekimenei
Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Sustainability Action 23 saria jaso du, CompromisoRSE erakundeak emana, administrazio publikoaren kategorian, “ekonomia zirkularra bultzatzeagatik. Izan ere, horretarako, 800 enpresa eta erakunde baino gehiago mobilizatu ditu, ondasunen bizitza baliagarria luzatzeko eta hondakin gutxiagorekin ongizate handiagoa lortzeko neurriak hartzeko, bai eta hiri-berroneratzean lan egiteko ere”.
Saria Jaione Lanborena Ihoberen zuzendari korporatiboak jaso du, Sustainability Day 23 jardunaldiaren esparruan. CompromisoRSEk antolatutako jardunaldia da, jasangarritasunaren arloko ekintza inspiratzaileenak partekatzea du helburu duena. Madrilgo Reina Sofia museoko entzunaretoetan ospatu da. Mota guztietako erakundeek (enpresak, start-upak, fundazioak, GKEak, administrazio publikoak, eta erakunde akademikoak eta hezkuntzakoak) gauzatutako ekintzek eta ekimenek ingurumenean eta gizartean duten inpaktua aintzatesten eta balioesten du sari horrek.
Ihoberen ustez, ekonomia zirkularrago baterako trantsizioak aukera handiak eskain ditzake Euskadirentzat, enpresentzat eta herritarrentzat. Zirkulartasunak enpresei etekin ekonomikoak lortzen eta lehiakortasuna handitzen lagundu ahal izatea du helburu, energia aurreztuz eta berotegi-efektuko emisioak murriztuz, eta, aldi berean, tokiko lanpostuak sortzea eta gizarteratzeko aukera berriak izatea. Hiria berroneratzeko lanari dagokionez, horren adibide dira Life Urban Klima 2050, alegia, Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handiena, edo Udalsarea 2030-Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen eskutik sortutako ekimenak.
Sustainability Actions 23 aintzatespenek 2023an jasangarritasunaren, ingurumenaren eta gizarteratzearen arloan gauzatutako ekimenak eta proiektuak aintzat hartzen eta balioesten dituzte. Herrialdeko stakeholder nagusiak saritzeko, sariak sei kategoriatan banatzen dira: administrazio publikoa, prestakuntza eta ikastetxeak, GKE eta fundazioak, erakundeak, start-upak eta enpresak.