Eusko Jaurlaritza UNRWA Nazio Batuen agentziarekin bildu da Madrilen, Ekialde Hurbileko eta Ertaineko egoera eta premia humanitarioak aztertzeko
- Jonan Fernandezek adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela ahal duen guztian laguntzeko
- Gaur egun, nazioarteko laguntza gehien behar duenari helarazteko oztopoak oso handiak dira, eta, une askotan, gaindiezinak
- Une honetan, lehentasun humanitarioak hiru ardatz ditu: Gaza barrurako korridoreak finkatzea, bahituak askatzea eta herritar zibilen aurkako erasoak etetea.
- Eusko Jaurlaritzaren jarreraren helburua da nazioartean ahaleginik onenak egiten laguntzea, konponbide baketsu eta iraunkorra lortzeko
Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek bilera bat izan du gaur arratsaldean Raquel Martírekin, UNRWAko Espainiako zuzendariarekin, Nazio Batuen agentzia horrek Madrilen duen egoitzan.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, bileraren helburua izan da, alde batetik, Gazan eta eskualdeko beste eremu batzuetan bizi den krisiak eragindako egoerari eta premia humanitarioei buruzko informazioa partekatzea, eta, beste alde batetik, Euskadi bezalako herrialde batek lankidetzarako dituen aukerak aztertzea.
Bilera horretan egiaztatu ahal izan denez, egoera humanitarioa, bereziki, Gazako zerrendaren barruan, oso larria da oraindik, eta laguntza gehien behar duenari helarazteko oztopoak oso handiak dira oraindik, eta, une askotan, gaindiezinak. Ikuspuntu horretatik, lehentasuna da korridore humanitario seguruak irekitzea eta finkatzea, nazioarteko laguntza garraiatzeko eta behar duten pertsonak lekualdatu ahal izateko.
Fernandezek UNRWAko zuzendariari adierazi dionez, "Eusko Jaurlaritza prest dago ahal duen guztian laguntzeko". Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko ekarpena egin du, lehen 90 egunetako premia humanitarioei erantzun eta gutxienez 100 milioi euroko dirua biltzeko, UNRWAk egindako "Hasierako larrialdi-deialdiari" jarraiki.
Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak Raquel Martíri jakinarazi dio aste honetan bertan Eusko Jaurlaritzan "Ekialde Hurbileko eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitarioen eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sailen arteko mahaia" sortu dela.
Sail arteko mahai horrek bi helburu ditu: batetik, krisi humanitarioaren aurrean Euskadik egin ditzakeen ekarpenak baloratzea eta bideratzea, eta, bestetik, gatazkak eragin ditzakeen barne ondorio sozio-ekonomikoei erantzutea, hala badagokio.
Jonan Fernandezek, halaber, URWAko ordezkariarekin partekatu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Fernandezen hitzetan, lehenengo eta behin, "Eusko Jaurlaritzak Hamasek urriaren 7an egin zuen erasoa gaitzesten du irmoki. Eraso horretan Hamasek babes gabeko pertsonak hil eta bahitu zituen". Bigarrenik, "Israelgo armadaren edozein erreakzio edo ekintza gaitzesten dugu, herritar zibilen aurka zuzentzen bada edo nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzen ez badu. Nazioarteko Zuzenbidearekin, Nazio Batuekin eta biktimekiko elkartasunarekin bat egiten dugu".
Horretan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak une honetan "lehentasun humanitarioa" azpimarratu du. Zentzu horretan, ezinbestekoa da "Gaza barruraino korridoreak finkatzea, bahituak askatzea eta biztanleria zibilaren aurkako erasoak etetea ahalbidetzen duen edozein jarduketa edo bitartekaritza babestea".
Behar humanitarioak presazkoak dira, eta, horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak uste du nazioarteko diplomaziaren esku-hartzea ere "beharrezkoa eta premiazkoa" dela, "su-etena eta krisitik irteteko prozesu adostua ahalbidetzeko".
Bukatzeko, Jonan Fernandezen ahotan, "edozein kasutan ere, Ekialde Hurbil eta Ertaineko eremuan epe ertain eta luzera konponbide baketsu eta iraunkor bat lortu ahal izateko, nazioartean egiten diren ahaleginei laguntzea da Eusko Jaurlaritzaren jarreraren helburua".