Hauteskundeak 2024
qrcode

Bermeo eta Mundaka lotuko dituen bide berdearen tarte berria zabaldu da

2023-10-25
  • 500 metro inguruko oinezkoentzako ibilbideak Bermeoko erdigunea eta Mundakara iristen den egungo bidegorria lotzen ditu gaurtik aurrera
  • Eusko Jaurlaritzak egindako 2 milioi euroko inbertsioaren helburua da Biosferaren Erreserban bizi-kalitatea hobetzea eta mugikortasun jasangarria sustatzea, baita eremu hori osatzen duten gune guztietara oinez iritsi ahal izatea ere. 

Gaurtik aurrera erabil daiteke Bermeo eta Mundaka arteko pasealeku berdea, eta, horrela, konektagarritasuna hobetuko da Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan. Guztira, 500 metroko tarte berri bat da, eta, horri esker, bultzada handia emango zaio mugikortasun jasangarriari eta espazio hori osatzen duten gune guztietara oinez iritsi ahal izango da. Eusko Jaurlaritzak 1.966.445 €-ko (BEZ barne) inbertsioa egin du 9 hilabete inguru iraun duten lan horietan.

Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak aditzera eman duenez, “gaur, obra bat baino zerbait gehiago osatu dugu. Pasabide berria irekitzearekin, garrantzi handiko urratsa egingo dugu Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren moduko eremu estrategiko baten konektagarritasun jasangarrian. Gaurtik aurrera, Biosferaren Erreserbako ezkerraldeko bi udalerri guztiz konektatuta geratuko dira oinezkoentzako ibilbide batekin. Zalantzarik gabe, emisioak murrizten lagunduko duen inbertsioa da, inguru horretan mugikortasun geldoa sustatuko duena eta 2030 Agendan ezarritako helburuak betetzen lagunduko duena”.

Aldasororen iritziz, “funtsezkoa da honen gisako bide berdeak sortzea. Are gehiago Urdaibai bezalako espazio babestu eta estrategikoetan. Gaur zabaltzen dugun tartea batu egingo zaie gaur egun oinezkoentzako ibilbideetan ditugun 40 kilometroei. Helburua izango da oinezko-konexioa ahalbidetzea eta intereseko lekuetara bisita egiteko aukera emango duen ibilbide-sarea sortzea. Horrela, Urdaibaiko ondare kulturalari eta naturalari, turismo-baliabide izaera eta balioa emateaz gain, joan-etorriak bideratu ahal izango dira natura-inguruneari eragozpenik sortu gabe”.

Esku-hartze horren bidez, Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen diete Tonpoiko natura-gunean jadanik eginda dauden obrei —2022tik dago irekita—.Azken hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan biltzen den jarduera bat da, eta esku-hartze horrekin ingurumen-balio handiko eremua lehengoratu da. Lan horiek 2 urte baino gehiago iraun dute.

Bisita horretan, Aldasoro sailburuordearekin batera, Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria eta Nicolás García-Borreguero Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Patronatuko zuzendaria izan dira.

Proiektuaren deskribapena

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Mugikortasun Geldoa Sustatzeko Azpiegitura Berdearen Ibilbidea Gauzatzeko Proiektuak Bermeon bilatzen duen helburua da Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako azpiegituraren atariko gisa, berdegunea eta oinezkoentzako ibilbidea osatzea.

Proiektua garatu da Mundakatik datorren BI-2235 errepidetik Bermeora sartzeko bidea den Txibitxiaga kalearen eta Euskotreneko Bilbao-Bermeo trenbidearen artean kokatzen den gunean.

Oso altuera desberdinetan dauden zenbait plataformez —egoera txarrean zeuden etxebizitza zaharrak eraisteak ahalbidetu dituelarik— osatutako zona bat da. Eraiki den soluzioaren bidez, ibilbide natural bat sortu da egungo espaloiarekiko paraleloan, baina horretatik bereizita eta berdegunea zeharkatuz. Ibilbide natural baten bidez paisaia- eta ingurumen-multzo bat sortzea da helburua. Horretarako, zura erabili da gainazaleko akabera gisa eta ibilbide berriaren elementu bereizgarri moduan. Ibilbideak begiratoki bat du eta aisialdi-erabileretarako plataforma bat ere bai.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nadia Nemeh (Bermeoko alkatea); Nicolás García-Borreguero (Urdaibaiko Patronatuko zuzendaria)