Berriak Lehendakaritza
qrcode

Bakearen aldeko kontzientzia globala indartzera eta elkartasun eta iraunkortasun lokalarekiko konpromiso lokala izatera deitu du Lehendakariak

2023-10-25
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  •  Iñigo Urkulluk Euskadiko Agenda Foroaren Lehendakaritzaren bosgarren adierazpena aurkeztu du 
  • “Euskadiko Agenda 2030 Forotik euskal erakunde eta entitate guztiei GJHekiko konpromisoa bere egin dezaten eskatzen diegu”
  • “Multilateralismoa, herrialdeen arteko desberdintasunak ebazteko gune gisa Nazio Batuak indartzea eta bere ebazpenekiko begirunea dira jarduteko ardatzak”
  • “Nazioartean eta maila lokalean Agenda 2030eko Garapen Jasangarriaren Helburuak bete daitezela bultzatuz eragiten dugu
  • “Premia globalak, ekarpen lokala eta norbanakoaren konpromisoa bata bestearekin lotuta daude, eta koherentziaren balioaren bitartez uztartu behar dira”
  • Asteon Bilbon Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioko idazkaritzako egoitza globala irekitzeko behin betiko hitzarmena sinatuko da
  • Sinadura horrekin batera, Shipra Narang NBEko 2030 Tokiko Koalizioko arduradunak foroan parte hartu du, eta egoitza honen eraginaren balioa nabarmendu du

Euskadiko 2030eko Agenda Foroak (Trantsizio Sozialerako Eragile Anitzeko Foroa eta 2030 Agenda) gaur arratsaldean bosgarren Osoko Bilkura izan du, Lehendakaria buru izan delarik, Tabakaleran, Donostian. 2030eko Agendaren gobernatze partekatuaren organoa da foro hau, zehazki, euskal erakundeen eta gizarte eragileen artekoa.

Lehendakariaz gain, honako hauek organo honen parte dira: Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak; hiru foru aldundiak; EUDEL; hiriburuetako udalak; hiru euskal unibertsitateetako errektoreak; Sareen Sarearen bidez, Euskadiko hirugarren sektorearen erakundeen ordezkaritza bat; Basque Center for Climate Change (BC3) delakoren eskutik, lankidetza publiko-pribatuaren ordezkaritza bat; Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa; eta ACLIMA.

Era berean, foro honetan atal hauek daude: Batzar Orokorra, Batzorde Iraunkorra eta Gobernantzako lan-taldeak, Hiri Agenda, Eraldaketa Soziala, Eraldaketa Energetiko-klimatikoa eta Eraldaketa Ekonomiko-digitala, eta Guneak parte-hartzerako espazioa.

Bosgarren batzar orokor honetan Shipra Narang Suri ONU Habitat izeneko Hiri Praktiketako zuzendaria eta Nazio Batuen 2030eko Tokiko Koalizioko arduraduna izan da eta bertan parte hartu du. Hain justu ere, koalizio honek bultzatu du Bilbon kokatzea 2030eko Tokiko Koalizioko Idazkaritzaren egoitza globala.

Shipra Narang-en bisitaren egun berean, 2030eko egoitzaren irekierarako izapideei amaiera ematen dien administrazio arteko hitzarmena sinatu dute Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta BBK Fundazioak. Atzo, asteartean, Gobernu Kontseiluak hitzarmena onartu zuen, eta asteon Madrilen sinatuko da.

Shipra Narang-ek bere mintzaldian nabarmendu duenez, “2030 Koalizio Lokalak aliantzak astindu ditu, ikuspegi inklusiboak eta berritzaileak bideratuz eta GJH guztietan ekintzak eraginez. 2030 Lokalaren etengabeko ahaleginari esker, aitortza politiko zabala erdietsi da. 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritza babesten, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta BBK Fundazioak erakutsi duten lidergoa ezinbestekoa izan da lan hau aurrera ateratzeko”.

Nazio Batuen 2030eko Tokiko Koalizioko arduradunaren ahotan “ziur nago Bilboko Idazkaritza, berandu baino lehen, eraginkorra izango dela, eta koalizioaren eragin eraldatzailea biderkatu egingo duela. Den-denek gure bulegoa berrikuntza, lankidetza eta ezagutza partekatzeko gune modura erabiltzea nahiko nuke”.

Narang Euskadiko 2030eko Agendako Foroaren Osoko Bilkuran parte hartu duten herritar eta erakundeei zuzendu zaie eta honakoa baieztatu du: “elkarrekin, aldaketa sakonak lor ditzakegu, eta konponbide lokaletatik eragin globaletara jauzi eginez eraiki dezakegu etorkizuna.”

Azken adierazpena

Topaketa honen amaiera aldera, Iñigo Urkullu Lehendakariak 2030eko Euskadiko Agenda Foroaren Lehendakaritzaren bosgarren adierazpena aurkeztu du. “Deialdi globala, eskakizun lokala”; hori da Ekialde Hurbil eta Ertainean jazotzen ari den egoera zailari buruzko aipamen zuzenak jasotzen dituen adierazpenak jasotzen dituen izenburua.

Lehendakariak hasieran nabarmendu duenez, “Benetan zorigaiztokoa da mundua bizitzen ari den 15 urteko zikloa. Gazan eta Israelen piztu berri den krisia azken katebegia baino ez da. Gertakari honen ondorio humanitarioa onartezina da, eta horretaz gain, globalizazioaren ondorioz, denok pairatzen ditugu, aurretik, Ukrainako gerrarekin, pandemiarekin edo krisi ekonomikoarekin gertatu zen bezala”.

Gogoratu duenez, Ukraina eta Gaza oraingo guda eremuak dira; ez bakarrak, baina: Yemen, Irak, Siria, Afganistan, Birmania, Hego Sudan, Etiopia, Somalia, Sahel, Kongoko Errepublika Demokratikoa … “izen horiek, besteak beste, gerraren bidegabekeriaren zerrenda luzatzen dute”.

Urkulluk onartu duenez, egoera honi buelta emateko Euskadik duen gaitasuna mugatua da, nolanahi ere, gutako bakoitzak galdera hau egin ahal diogu geure buruari: “eta nik zer egin dezaket? Erantzuna da, gure mugak gorabehera, bi mailatan jardun eta eragin ahal dugula: maila globalean eta lokalean”.

Bere iritzian, deialdi globalak “bakearen aldeko munduko kontzientzia” indartu behar du, eta 2030 Agendaren 16. Helburua ekarri du gogora, zeina gizarte justuak, bakezaleak eta inklusiboak sustatzean oinarritzen baita. Nabarmendu duenez, “bizitzen ari garen gerrek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren oinarrietara itzultzeko dei egiten digute”.

Urkulluk defendatu duenez, multilateralismoa, lurraldeen arteko desberdintasunak ebazteko gune gisa Nazio Batuak indartzea eta Nazio Batuen ebazpenekiko begirunea dira aurrera egiteko zutabe nagusiak. “Gerraren, terrorismoaren eta bortizkeriaren aurkako deialdi globalean parte hartuz eragiteko gaitasuna dugu. Giza eskubideak, diplomazia eta negoziazioa izan beha dira mundu zibilizatuaren armak. Nazio batuen Garapen Iraunkorreko Helburuak nazioartean bete daitezen bultzatuz eragiteko gaitasuna daukagu”.

Lehendakariak berriz ere gogorarazi du 2030eko Agenda mundu mailako lankidetzarako ahaleginik handienaren isla dela, gizateriaren erronka nagusiei aurre egiteko: pobrezia desagerraraztea, klima aldaketari erantzutea, berdintasuna sustatzea eta bakea ezartzea. Horiek dira mundu zibilizatuaren itxaropenak.

Eskakizun lokalei helduta, Lehendakariak adierazi duenez, gure errealitatea hobetuz mundua hobetzean datza Euskadiren ekarpena. “Euskadiko 2030eko Agenda Foroaren bitartez, dei egiten diegu erakunde eta entitate guztiei, GJHekiko konpromisoa bere egin dezaten. Elkartasuna eta iraunkortasuna dira 2030eko Agendaren oinarrizko balioak”.

Elkartasuna diogunean honetaz ari gara “bakearekiko eta justiziarekiko konpromiso instituzionala, soziala eta pertsonala, eta erantzun humanitarioa Ukrainako eta Ekialde Ertaineko gertaera bezalakoen aurrean”. Iraunkortasunak honakoa esan nahi du: “gure bizitzeko, kontsumitzeko edo energia erabiltzeko moduen eraldaketa soziala, ekonomikoa eta ekologikoa”.

Mintzaldiaren amaieran, Lehendakariak baieztatu duenez, “mundu iraunkorrago eta solidarioago baten alde egin dezakegun ekarpena honetan datza: Euskadin egin dugun eta egiten jarraitu behar duguna klima aldaketaren, pobreziaren, bortizkeriaren energia berriztagarrien, berdintasunaren eta bakearen aurrean. Premia globalak, ekarpen lokala eta norbanakoaren konpromisoa lotuta dauden hiru dimentsio dira, koherentziaren balioaren bidez uztartu beharrekoak. Munduan espero dugunaren, gure herriari eskatzen diogunaren eta norbanako gisa bizi dugun edo ematen dugun horren arteko koherentzia”.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @geltokiabai
    2023-10-25

    Comentario de Twitter:
    Una vez más: palabras vacías. Sr. @iurkullu tiene 0 credibilidad. Ni siquiera se ha leído la agenda que "insta" a cumplir. Y mucho menos sabe en qué consiste el ODS11. Si lo supiera, no dejaría sin tren a un área de rehabilitación integral.
    https://t.co/aeLHHFFJbI

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak