qrcode

Euskadiko Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Planak oso modu positiboan egin du aurrera

2023-10-24
  • 2021-2024 aldirako Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Planaren 2021-2022ko jarraipen txostenak aurrerapen handiak berretsi ditu plana gauzatzean

  • 2024an planifikatutako ekintzen %91 hasi dira, eta horien gauzatze maila %49koa izan da

2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzak 2021-2024rako Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Plana onartu zuen, eta harrezkero, jarraipena egin zaio. Planak hainbat helburu ditu: BEG emisioa %30 murriztea, 2005. urtearekin alderatuta; berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren %20 izatea lortzea; eta EAEko lurraldearen klima aldaketarekiko erresilientzia bermatzea.

Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Planaren 2021-2022ko jarraipen txostena

Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Planaren jarraipenari buruzko lehen txosten honen helburua da haren aurrerapen maila ebaluatzea, desbideratzeak aztertzea eta neurri zuzentzaileak proposatzea.              

Txostenak nabarmentzen du modu egokian ari dela aurrera egiten, energia, arintzea eta Euskadiko klima aldaketara egokitzea integratzeko. Planean proposatutako 15 ekimenen aurrerapen maila %49koa da, eta horrek adierazten du nahi zenaren ia erdia bete egin dela, Planak indarrean daraman urte eta erdian. Horrenbestez, espero daiteke ekimenek aurrera egitea, eta 2024rako %100 lortzea.

Planean aurreikusitako jarduerek, klima aldaketaren erronkari aurre egiten laguntzeaz gain, jarduera ekonomiko jakin batzuk bultzatuko dituzte, arintzeko eta egokitzeko inbertsio gisa, eta Euskadiren garapen ekonomikoari lagunduko diote. Planaren ondorioz, BPGa 160 milioi euro inguru handituko da urtean, eta urtero 2.000 lanpostu baino gehiago sortuko dira.

Txostenak azpimarratzen duenez, nabarmen ari gara aurrera egiten berotegi efektuko gasen guztizko emisioak %30 murrizteko helburuetan eta erresilientzia ekintzetan, baina ikusten da energia berriztagarrien kuotaren helburuak (%20ra iristea, alegia) are atzera ere egin duela aztertutako aldian. Hauek dira atzerapen horren arrazoiak: batetik, ziklo konbinatuko zentralen bidez sortutako energia elektrikoaren igoera koiunturala, eta, bestetik, sorkuntza hidroelektrikoaren eta bioerregaien erabileraren txikitzea.

Klima aldaketara egokitzeari dagokionez, Europar Batasuneko Klima Aldaketara Egokitzeko Misioan parte hartzeko hautatu den eskualdeetako bat izan da Euskadi. Izendapen horrek onartzen du Euskadi prest dagoela erreferente izateko eta bere esperientzia Europako beste eskualde batzuekin partekatzeko, eta berresten du eskualde konprometitua dela eta bat egiten duela, konbentzituta, gizarte gisa aurre egin behar diogun klima larrialdiko erronkarekin.

Gutxien bete diren eta datozen 2 urteetan bultzada handiagoa beharko duten ekimenak honako hauek dira: eraikinen birgaitze energetikoa eta naturan oinarritutako irtenbideak bultzatzea, udalerrien erresilientziarako berrikuntza iturri gisa.

Planean jasotako jarduera garrantzitsuen adibideak:               

  • Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko Lege Proiektua, gaur egun Legebiltzarreko prozesuan dagoena.
  • Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala: energia berriztagarrien instalazioak egin daitezkeen eremuak zehazten dituen hasierako bertsioa.
  • Life IP Urbanklima 2050 proiektua: naturan oinarritutako irtenbideen arloan proba pilotu batzuk martxan jartzea, eta itsasertzeko klima arriskua aztertzea eta aplikatzea.
  • EKIOLA ekimena: energia komunitateen figura sustatzea, eguzki sorkuntza fotovoltaikoaren bidez, hainbat eskualdetan. Orain arte, 12 EKIOLA sortu dira, 11 kontsumo kooperatibaren eta zerbitzu kooperatiba baten artean banatuta.
  • Klima aldaketara egokitzeko eta Geoeuskadin argitaratutako kartografia sortzeko orientabideen eta olatuen zein itsas mailaren igoeraren kalteberatasunaren eta arriskuaren analisia.
  • “Erreminta-Gida”: Udaletan Energia eta Klima Planak egitea. Eta tokiko berrikuntza klimatikoko proiektuak ere babestu dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak