Hezkuntza Sailak 3,5 milioi euro bideratu ditu udal haur-eskolen mantenurako (Gobernu Bilera 2023-10-24)
- Egun Euskadiko 11 udalerritan ari dira lanean udal titulartasuneko haurreskolak
Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Euskadiko udalei zuzenduriko dirulaguntza deialdi bat onartu du. Honen bidez, 2023-2024 ikasturtean 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur-eskolen titular diren toki korporazioei dirulaguntzak ematen zaizkie. Hezkuntza Sailak 3,5 milioi euro bideratu ditu deialdi honetarako.
Dirulaguntzak aipaturiko haur-eskola horiek mantentzeko kostuak finantzatzeko laguntza gisa emango dira, izan ere, haur-eskola hauek eskaintzen duten zerbitzu publikoa –Haurreskolak Partzuergoak ematen duenarekin batera- funtsezkoa gertatzen da euskal familia askorentzat, lana eta familia bizitza bateragarri egin ahal izateko.
Laguntza hauen helburua da kostuak murriztea batetik, eta 0-3 urte arteko haurrentzako udal titulartasuneko haur-eskolen egungo eskaintza sendotzea, bestetik. Era berean, bazterrean utzi ezin den beste helburu bat da ikasleei kalitatezko irakaskuntza eskaintzea, beren gaitasun pertsonalak garatzeko eta hezkuntza-etapa horrekin bat datozen ezagutzak eta gaitasunak sare publikoan eskuratzeko. Udal bakoitzak jasoko duen ekarpen ekonomikoa, bere titulartasuneko haur-eskoletan betetako plazen arabera zehaztuko da.
Euskadin, 11 udalerrik dituzte egun euren titulartasuneko haur-eskolak, 16 haur-eskola orotara udalerri horietan. Haur-eskola hauek ez daudenez Haurreskolak Partzuergora bildurik, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke. Joan den 2022-2023 ikasturtean, mila ume pasatxo izan zituzten euren geletan.
Hezkuntza Sailak eta Euskadiko udalek –laguntza hauek xede dituzten haur-eskolen titular badira, beti ere-, lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte deialdi hau egoki kudeatzeko.