BPGd-aren hirugarren hiruhilekoko aurrerapena eta euskal hoteletan irailean izandako ostatu-gauen errekorra izango ditu hizpide gaur Astekonomiak
Euskal ekonomiaren BPGd-ak hirugarren hiruhilekoan izan duen aurrerapena abiapuntu da gaur Astekonomian. Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpena da, eta, era berean, euskal hoteletan irailean izandako ostatu-gauen errekorra eta abuztuan izandako negozio-zifraren hobekuntza jasotzen ditu.
Eustatek argitaratutako aurrerapenaren arabera, euskal ekonomiaren BPGd-a % 1,6 hazi zen iazko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Horrela, 2022ko bigarren hiruhilekoan hasitako desazelerazio-prozesua geldiarazi da. Bestalde, enpleguaren arloan ere % 1,6ko aurrerapena lortu zen aurreko urteko aldi beraren aldean.
Irailean, Euskadiko hotel-establezimenduetako ostatu-gauak % 12,7 igo ziren. Guztira 700.000 ostatu-gau baino gehiago izan ziren, irailean inoiz izan den zifrarik handiena.
Aurtengo abuztuan, EINek argitaratutako azken datuen arabera, industriako negozio-zifra % 0,5 hazi zen aurreko urteko aldi beraren aldean. Igoera horren ondorioz, abuztuko indizea izan zen hilabete horretan inoiz lortu den handiena.
Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.