Elkarlan Sariak
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Garamendik administrazio publikoko langileen garapen profesional hobea bermatzearen alde egin du

2023-10-20
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitaleko 2030 Plan Estrategikoaren (EKI Plana) nondik norakoak azaldu ditu Legebiltzarrean
  • Planaren ardatzak hauek dira: enplegu publikorako sarbidea, karrera profesionala, enplegatu publikoen ezagutzaren transmisioa eta gaitasunetan oinarritutako kudeaketa

Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitaleko 2030 Plan Estrategikoaren (EKI Plana) aurrerapenen berri eman du Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik Eusko Legebiltzarrean kontrolerako osoko bilkuran. Garamendik adierazi duenez, IVAPek bultzatutako ekimen honen helburua administrazio publikoko langile bakoitzaren garapen profesional onena bermatzea da. Hori guztia administrazioko langileak administrazioaren eginkizun nagusia betetzeko prestatuta eta motibatuta egon daitezen: kalitatezko zerbitzu publikoa ematea.

EAJ/PNV taldeak Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, Garamendik esan du ekimen honek Administrazioa etengabe hobetzeko borondateari erantzuten diola. Horretarako, EKI Planak dagoeneko lantzen ari diren lau lan arlo ezartzen ditu: enplegu publikorako sarbidea, karrera profesionala, enplegatu publikoen ezagutzaren transmisioa eta gaitasunetan oinarritutako kudeaketa.

Enplegu publikoa lortzeari dagokionez, sailburuak aurreratu du enplegu publikoa lortzeko bide berrietan pentsatzen ari direla, administrazioak talentua bildu eta sortzen ari diren premia berriei erantzun ahal izateko. "Hurrengo lan eskaintza publikoetan pentsatzen ari gara", gaineratu du sailburuak.

Garamendik azaldu duenez, langileen prestakuntza administrazioko langileen ibilbide profesionalaren oinarrietako bat da, prestakuntzaren kontzeptua zentzurik zabalenean ulertuta. "Prestakuntza klasikoaz gain, lankidetzarako beste formatu eta espazio batzuen aldeko apustua egin nahi dugu", adierazi du. Horregatik, prestakuntza-ibilbideak diseinatzen hasi gara, prestakuntza ezagutzak eskuratzera bideratu ahal izateko, bai langileentzat, bai administrazioarentzat berarentzat.

Era berean, adierazi du administrazioaren barruan dagoen ezagutza administrazioan geratu behar dela eta transmisio ona bermatu behar duela. "Lanpostua uzten duten pertsonen ezagutzak transmititzeko sistemak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, langile berriek karrera profesionalaren hasieratik eskura izan ditzaten", adierazi du sailburuak.

Azkenik, Garamendik lan egiteko modu berriak bultzatzen jarraitzeko apustua egin du. Ildo horretan, adierazi duenez, "talde lana, komunikazioa, lidergo estilo berria eta beste eskumen batzuk gure planen erdigunean egon behar dira, administrazio honen nortasuna ezaugarritu behar dutelako". Horretarako, gure administrazioarentzat ezinbestekoak diren baldintzak azaltzen dituen hiztegi bat ia prest dagoela adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)