qrcode

Garamendik azken hamar urteetan sindikatuekin egindako 100 akordio puntual baino gehiago jarri ditu Eusko Jaurlaritzaren negoziatzeko borondatearen adibide gisa

2023-10-20
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du akordio horiek guztiek langile publikoen lan baldintzak hobetu dituztela
  • Adibide gisa, honako hauek aipatu ditu: eskoletako laguntzaileentzako akordioa, lan-egutegia 120 ordu murriztuz; ordutegi malgutasuna, 14 urtetik beherako seme-alabak izanez gero; soldaten homologazioa Justizia Administrazioan; eta lan eskaintzetarako akordioa, ikastetxeetako garbiketaren arloan

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren negoziatzeko borondatea erabatekoa dela elkarrizketa sozialeko foro eta mahaietan. Olatz Garamendik errefusatu egin ditu jasotako kritikak, elkarrizketa eta akordiorik lortu ez delako, eta datu bat jarri du mahai gainean: azken hamar urteetan, Iñigo Urkullu Lehendakariaren agintaldian, 100 akordio puntual baino gehiago lortu dira sektore ezberdinetan.

Eusko Legebiltzarrean Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak egindako galderari erantzunez, Garamendik esan duenez, "akordio guztiek langile publikoen lan baldintzak hobetu dituzte, partzialak izan ala ez". Ildo horretan, adierazi du hobekuntza eremuak Euskadiko sindikatuekin itxitako akordio horien eskutik etorri direla, eta adibide batzuk aipatu ditu: eskoletako laguntzaileentzako duela gutxiko akordioa, lan egutegia 120 ordu murriztuz eta haien errealitate berezira egokituz; ordutegi malgutasuna 14 urtetik beherako seme-alabak izanez gero; soldaten homologazioa Justizia Administrazioan, eta ikastetxeetako garbiketaren arloko lan eskaintzetarako akordioa.

Era berean, azpimarratu du legegintzaldi honetan 15.000 plaza baino gehiagoko LEPak onartu direla euskal administrazioko sektore guztietan, eta sektore guztietan enplegua finkatzeko deialdiei 17.000 plaza gehitu zaizkiela, bitartekotasuna %8tik behera murrizteko.

Sailburuak baztertu egin ditu sindikatuek eremu publikoko gatazkak justifikatzeko emandako argudio batzuk, eta azpimarratu du, sinetsarazi nahi denaren aurka, ordainsari hobekuntzak badaudela Administrazioan, enpleguaren kalitatea hobetzen ari dela, Administrazioaren plantilla hazten ari dela eta berdintasunaren aldeko apustua bultzatzen ari dela etengabe.

Greba muturreko egoeretan edo larritasun handiko egoeretan dagoen tresna dela adierazi ondoren, Garamendik ukatu egin du horrelako egoera batean gaudenik, eta euskal gizarteari lasaitasun mezu batekin itxi du bere hitzaldia. "Gure zerbitzu publikoen kalitateaz eta zerbitzari publikoen lan egokiaz jabetu behar gara", ondorioztatu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak