
Mendia Lehendakariordeak ETAren amaieraren urteurrenean eraildako langile eta enpresaburuak gogorarazi ditu, eta haien memoria ez manipulatzeko eskatu du
- Politika publikoak gizarte demokratikoago eta kohesionatuago baten berme gisa defendatu ditu
Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak ETAk hil zituen langileak eta enpresaburuak gogorarazi ditu gaur. ETAk, besteak beste, kalte konponezina eragin zuen euskal gizarte- eta ekonomia-sarean, eta "memoria, egia eta duintasuna" aldarrikatu ditu.
Banda terroristaren amaieraren hamabigarren urteurrena ospatzen den egunean, Mendiak parte hartu du Bilbon CC.OO.k antolatutako "Políticas públicas en transición" jardunaldiaren irekieran. Lehenengo hitzak ETAk jazarri eta hil zituen enpresaburu eta langileak gogorarazteko izan dira, eta honako hau ziurtatzeko: "jarduera terrorista tragedia bat izateaz gain, eragozpen bat izan zen enplegua sortzen zutenentzat eta langileentzat".
Hala ere, gaineratu duenez, "ETAri duintasunez eta demokraziaz irabazi diogu, eta ETAren behin betiko desagerpena guztiontzako eskubideak lortzen jakin dutenen –sindikatuak bezala– garaipena ere bada". Ildo horretan, honako hau adierazi du: "inork ez du beste bidegabekeriarik egin behar biktimekin, haien pluraltasuna gutxietsiz, haien minari muzin eginez edo min hori jaurtitzeko arma gisa erabiliz", eta, aldi berean, "mezurik onena memoria, egia eta duintasuna dira. Honezkero hemen ez daudenengatik eta aurre egin eta gainditu zutenengatik ".
Publikoa demokraziaren berme gisa
Hausnarketa horren ondoren, Lehendakariordeak jardunaldiaren xede den gaia aipatu du, politika publikoak, eta publikoa dena defendatu du "gizarte demokratikoago baten berme gisa, non aurrerapena gizarte-kohesioari lotuta egongo den". Adierazi duenez, "oso une zail batean gaude, mehatxu berriak agertu daitezen haztegi batean, eta horiei aurre egin behar zaie itunetik abiatuta eta berme publikoarekin".
Ildo horretan, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko gizarte-eragileek "gizarte-elkarrizketa defendatzen dugula gure demokraziaren funtsezko tresna gisa, ezinbestekoa baita bizikidetza, aurrerapen jasangarria, aberastasunaren banaketa orekatua eta gizarte-kohesioa eraikitzeko", eta uste izan du "asmatu dugula aurrerapenari eta kalitateari eragiten dieten erabakiak adostea erabaki dugunok", behin-behinekotasuna edo enpleguaren bilakaera, oro har, murriztu egin dela ikusita.
Mendiak ziurtatu du honaino iritsi garela "hain zuzen politika publiko desberdinak eta gizarte-eragileekin partekatuak egiteko", eta zenbait neurri gogorarazi ditu, hala nola pandemia-krisian hartutakoak, Ukrainako gerraren hasieran hartutakoak edo, berrikiago, 50 urtetik gorakoak kontratatzeko plana, "politika publikoetatik ahaztutako kolektibo handia, Elkarrizketa Sozialeko Mahaian ere adostu dena".
Era berean, etorkizuneko Enpleguaren Euskal Legea aipatu du. Lege horrek "arlo horretako jarduketen paradigma aldatzeko asmoa du, eta Euskal Enplegu Zerbitzua zerbitzu publiko gisa blindatzen du, eskubide batzuk bermatzeko, kasu honetan, errentarako, gizarteratzeko eta lan-orientazio eta -aktibaziorako eskubideak". Zerbitzu publikoaren ikuspegi horrekin berarekin, gaineratu duenez, "bultzada bat eman diogu Laneko Ikuskaritzari, langileen eskubideen bermatzaile den aldetik, eta Osalani, lan egiten dutenen osasunaren zerbitzurako tresna den aldetik".
Lehendakariordeak ondorioztatu duenez, "gure ongizate-sistemaren oreka guztiak astintzen dituen iraultza sakon batean gaude, une tentagarria ereduan sinesten ez dutenentzat, aldaketa saihestezinen aurrean arrazoizko beldurrekin jokatzen dutenentzat", baina unea da gogorarazteko "arlo publikoa soilik, baita arlo publikoaren eraldaketa eta gizarte-eragile guztien inplikazioa ere, beldur horiek uxatzeko tresna dela. Iraultzaren emaitza gizarte demokratikoagoa izateko bermea da, non aurrerapena gizarte-kohesioari lotuta joango den".
-
2023-10-20
Comentario de Twitter:
La Vicelehendakari @IdoiaMendia recuerda a los trabajadores y empresarios asesinados en el aniversario del fin de ETA y exige que no se manipule su memoria.🗣“A ETA le vencimos con mucha dignidad y democracia".
@ccooeuskadi @lgarcialola