Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak alerta laranjak aktibatu ditu bihar ostiralerako, haizeagatik eta nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik

2023-10-19
  • Udazkeneko lehenengo denboralea izango da, eta inpakturik handiena itsasertzeko zerrendan espero da
  • Olatuen altuera adierazgarria 5-6 metrokoa izan liteke  

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du haizeagatik ageriko lekuetan bihar, ostirala, urriak 20, 10:00etatik 15:00etara, mendebaldetik joko duen haizeak 110/120 km/h-tik gorako boladak izango dituela espero baita, batez ere itsasertzeko eta itsasoko ageriko lekuetan. Era berean, Jaurlaritzak beste alerta laranja bat ere aktibatu du lehenengo bi milietan, nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik, bihar 12:00etatik 24:00etara bitartean, 5-6 metro inguruko olatuak altxatuko direla eta olatuen maiztasuna 12-13 segundokoa izango dela espero baita. Sasoiko lehenengo denboralea izango da.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikotik datorren depresio sakona hurbildu ahala prezipitazioak ugariak eta haize zakarra izango dira, eta itsasoaren egoerak okerrera egingo du olatu handien eraginez. Depresio horrek bihar eraginik handiena itsasoan eta kostaldean izatea espero da. Larunbatean, depresioak ekialdera egin ahala, baretzen joango dira bai haizea eta olatuak, bai prezipitazioak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bihar abisu horia aktibatuko du haizeagatik agerikoak ez diren lekuetan 06:00etatik 15:00etara bitartean, 80 km/h-tik gorako boladak espero baitira. Goizean haizeak hego-mendebaldetik joko du, eta barnealdean espero dira boladarik indartsuenak. Eguerdi partean, berriz, haizea mendebaldera eta ipar-mendebaldera aldatuko da, eta bolada zakarrenak itsasertzaren inguruan izango dira.  

Olatuen ezaugarrien eta mendebaldetik joko duen haize zakarraren ondorioz, paseoak eta malekoiak zipriztindu eta busti egingo dira, bereziki ostiral arratsaldeko itsasgoraren inguruan, eta toki batzuetan gainditzeak ere gerta litezke. Hori dela eta, abisu horia ere aktibatuko da kostaldeko inpaktuagatik bihar 12:00etatik 24:00etara bitartean.

Zuhaitzek oraindik hostoa galdu ez dutenez, biztanleriari arretaz ibiltzeko eskatzen zaio, haizeak horietan izan ditzakeen ondorioengatik.  

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)