Emakundek sexu-indarkerien arloko araudiari heldu dio biktimei arreta emateko profesionalak prestatzeko saio berri batean
- Emakumeen aurkako indarkerian aditua den María Naredok azken lege-aldaketak errepasatu ditu
- Tailerra 24 ordutako zentroekin harremanetan egongo diren profesionalentzako prestakuntza-ziklo baten parte da
Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, EAEko sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko 24 orduko zentroekin harremanetan egongo diren profesionalei zuzendutako prestakuntza-programaren saio berri bat aurkeztu du gaur. Oraingo honetan, giza eskubideetan eta emakumeen aurkako indarkerian aditua den María Naredok zuzendu du tailerra, eta sexu-indarkerien arloan indarrean dagoen araudia aztertu du.
Miren Elgarrestak gai horri ekitearen garrantzia azpimarratu du, "gaurkotasun osoz, arau-aldaketak eta, batez ere, sexu-askatasuna bermatzeko Lege Organikoaren onarpena kontuan hartuta". Izan ere, hori izan da María Naredok aztertutako legeetako bat. Zigor Kode berriko sexu-askatasunaren aurkako delituei buruz ere aritu da, eta autonomia-erkidegoko araudia errepasatu du baita ere.
Programa joan den astean hasi zen, Nerea Barjolak emandako tailer batekin, eta helburua da krisi-zentroekin harremana izango duten profesionalak prestatzea, sexu-indarkeriaren biktimei arreta hobea eta eraginkorragoa emateko.
Zikloa osatzeko, beste bi prestakuntza emango dira sexu-indarkeriak eragindako traumari buruz, Carmina Serrano Psikologiako doktorearen eskutik, eta biktimak hartzeko eta haiei laguntzeko gaitasunari buruz, Norma Vázquez psikologo feminista eta terapeutaren eskutik.