Berdintasuna kudeaketa aurreratuaren elementu bereizgarri bihurtzeko konpromisoa berretsi dute Emakundek eta Euskalitek
- Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan, Miren Elgarrestak eta Fernando Sierrak aurkeztu dute jardunaldia
- Hutchinson Intecsa, Lantegi Batuak eta Ulma Packaging enpresek berdintasunaren arloko hiru jardunbide egoki aurkeztu dituzte
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Euskaliteko zuzendari Fernando Sierrak "Berdintasuna kudeaketa aurreratuan. Tresnak eta esperientziak VII ", jardunaldia aurkeztu dute Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen esparruan, kudeaketa aurreratuan berdintasuna modu sistematikoan txertatzeko jardunbide egokiak identifikatzeko eta tresnak garatzeko beste urrats bat.
Elgarrestak nabarmendu du Emakundek eta Euskalitek elkarlanean egiten duten lana, eta gogorarazi du sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak garatzen jarraitzeko konpromisoa. "Kudeaketa aurreratuaren eredua genero-ikuspegitik berrikusten ari gara, sinetsita baikaude ezin dela kudeaketa aurreratua deitu emakumeen eta gizonen berdintasunari eta genero-ikuspegiari dagokienez politikak eta praktikak etengabe hobetzea bilatzen ez duen kudeaketari".
Emakundeko zuzendariak berdintasuna lantzeko deia egin die euskal enpresei, bai erakundean bertan, bai kanpora begira. "Berdintasuna bultzatzea funtsezkoa da justizia sozialagatik, berdintasunarekiko konpromisoagatik, langileekiko eta bezeroekiko konpromisoagatik; baina, aldi berean, berdintasuna berrikuntzarako, kalitaterako, kudeaketa aurreraturako eta etengabeko hobekuntzarako elementutzat hartu behar da”.
Jardunbide egokien adibideak
Jardunaldian, hiru jardunbide egoki aurkeztu dira.
Hutchinson Intecsa automobilgintza-enpresak azaldu duenez, hainbat barne-prozesuren bidez eta Berdintasun Planaren ezarpenaren bidez, genero-aldea murriztea lortu du benetako erantzukizun-postuetan, oso maskulinizatuta dagoen sektore batean.
Lantegi Batuak-ek soldata-arrailaren azterketa sistematizatzeko praktika aurkeztu du. Erakundeak desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzen ditu, eta lortu du soldata-arrailaren azterketa erakundearen estrategian txertatzea, langileen ordainsari-berdintasuna lortzeko.
Ulma Packagingek industria-sektorean emakumeen bokazio teknikoa ikusarazteko plana azaldu du, barneko zein kanpoko komunikazio-ekintzetan oinarrituta.
Jardunaldia osatzeko, bideo bat aurkeztu da, URAn, Berria Taldean eta Bahia Bizkaia Gasen izandako jardunbide egokien testigantzak jasotzen dituena. Adibide horiek hemen ere kontsulta daitezke. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat motatako erakundeetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak, metodologiak eta tresnak biltzen dituzten esperientziak txertatzen dira urtero.
-
2023-10-27
Comentario de Twitter:
Toda la jornada de igualdad en gestión avanzada puede verse aquí: https://t.co/v34h4p1WSw https://t.co/iXX6yIk620