Elkarlan Sariak
Berriak
qrcode

Oria ibaiaren gaineko zubi berriaren egitura jarri dute gaur CAFen antzinako Porteriaren inguruan, Beasainen

2023-10-19
  • Ibilguaren eta Jose Miguel Iturrioz kalearen arteko eraikinak eraitsi eta ibilguaren ezkerreko ertza behin handituta, CAFi sarbidea emango dion zubi berriaren egitura jarriko da. 

 

URA-Uraren Euskal Agentziak Oria ibaia zeharkatzeko zubi berriaren egitura jarriko du gaur Beasainen, CAFeko “La Portería” ohiaren parean. Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko  lanen mugarrietako bat da, Oria ibaiaren 300 metrotan zehar, Beasain parean, CAFen parean, Ezkiaga auzoan. Izan ere, Oria ibaiaren ertzetako lurrak, EAEko industria-instalazioen parean, urpean gera daitezke, eta uholde-arrisku handiko eremu batean daude. Egiten ari diren obrak udalerrian ibaiaren ur-goraldiek eragindako kalteak saihesteko diseinatu dira: hala nola 2008an izandako kalteak. 

Antonio Aizen arabera, "gaur bisitatzen ditugun lana ez da egitasmo hidrauliko bat bakarrik, eraldaketa urbanistiko bat ere bada; beasaindarren eta Beasain eta Goierriko jarduera ekonomikoaren segurtasuna bermatzen duena". URAren zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, proiektua aurreikusitakoaren arabera egiten ari da aurrera: "gaurkoan, ikus dezakezuen bezala, zubi berria jartzeko logistika obra honetako mugarri garrantzitsu eta ikusgarrienetako bat da;  Oria ibaian uholdeak izateko arriskua murriztea du helburu,eta Goierri eta Gipuzkoa egituratzen du". 

Leire Artola alkatearen hitzetan, “CAFerako sarrera nagusia, "Porteria" bezala ezagutzen dena, inguru enblematikoa da udalerriarentzat. Udalak aurrera eraman duen kudeaketari esker, ingurua berrurbanizatzeak uholde-arrisku arazoak errotik kentzea dakar, eta, beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasunean irabaziko da. Gainera, ingurunearen irisgarritasuna hobetuz, bidegorria mantendu eta bidearen bi aldeetan espaloi zabalak jarrita zirkulazioaren bi noranzkoak berreskuratuko dira bertako trafiko arazoei irtenbidea emanez. Ezkiaga auzoarentzat aurrerapauso bat izango da, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua da, herritarren eta auzotarren ongizate eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena”. 

Laburbilduz,  Beasain uholdeetatik babesteko lan horien artean daude Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi kentzea eta eraistea, ibilguaren eta Jose Miguel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraistea, eta ibilguaren ezkerraldea ertza atzerago eramatea —jada eginda dagoena—. 

Ibilguan zabalera berria behin egokituta, zubi zaharra ordezkatzeko lanak etorri dira: 10 egunez muntatu eta soldatu dira CAFera sartzeko zubi berriaren egituraren habeak — ibilguaren zabalera berrira egokituta —. Orain, altxatu eta jarri egingo dira, ondoren urbanizatu eta egokitzeko. 

Obra osoa 2024ko uztailean amaitzea aurreikusten da, eta 7,8 milioi euroko aurrekontua du, BEZa barne.  

Erakundeen arteko elkarlana 

Lan horiek egiteko erakundeen arteko lankidetza estua behar izan da. Alde batetik, URA-Uraren Euskal Agentziak eraikuntza-proiektu osoa aurkeztu du, eraikinak eraisteko eta egin beharreko obra hidraulikoak zehazteko. Obrak kontratatzeaz eta gauzatzeaz, zuzendaritza fakultatiboaz eta obrak finantzatzeaz arduratzen da URA, 6.152.900 euroko zenbatekoan. 

Bestalde, Udalak beharrezko hirigintza-dokumentuak onartu ditu CAFen lurretan eta jabetzetan aurreikusitako obra hidraulikoen ondoriozko afekzioak erregularizatzeko (adibidez, eraikigarritasuna handitzea eraitsi diren eraikinen galera konpentsatzeko behar diren baldintzetan) eta obren benetako kostutik 1.630.000 euro finantzatu ditu. 

Azkenik, CAFek Uraren Euskal Agentziaren esku utzi ditu obrak eragindako bere jabetzako lursailak eta eraikinak, eta bulego berriak gaitzeko obrak egin eta ordainduko ditu. 

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du. 

Informazio gehiago:https://www.uragentzia.euskadi.eus/oria-ibaiaren-arroan-uholdeei-aurre-hartzeko-proiektua-beasaingo-udalerrian/webura00-contents/eu/

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Leire Artola, Beasaingo alkatea; Gorka Zabalegi, CAF.