Hauteskundeak 2024
qrcode

Garamendi: "Azken hamarkadan 100 akordio baino gehiago lortu ditugu sindikatuekin negoziazio mahai ezberdinetan"

2023-10-19
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak honako hau adierazi duenez "Akordio horien bidez frogatzen da Jaurlaritzak negoziatzeko borondatea duela. Mahaian borondatez eseri besterik ez da egin behar, jarrera maximalistak alde batera utzita”
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren euskararen aurkako azken epaiaren aurrean, Garamendik adierazi du "atzerapausoa dela gure hizkuntzaren erabileraren normalizazioan, eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetako batean arreta jasotzeko duten eskubidea urratzen duela”

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik Bizkaia Irratiko "Goizeko Izarretan" saioan egindako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, "azken 10 urteetan, Urkullu lehendakari denetik, 100 akordio partzial baino gehiago lortu ditugu sindikatuekin, irekita ditugun negoziazio mahai eta foroetan".

Adierazpen horrekin, Garamendik adierazi du "elkarrizketarako eta akordiorako borondaterik ez izatearen akusazioen aurrean, agerian geratzen dela gai garela horiek lortzeko mahaian borondatez esertzen garenean eta jarrera maximalistak alde batera uzten ditugunean".

Horretarako, berriki lortutako akordio partzialen bi adibide eman ditu sailburuak. Hala, aurten bertan, Hezkuntzan akordio bat sinatu da, irakasle ez diren langileek ordutegi bereziak izan ditzaten beren lanean ordutegi malgutasunik ez dutelako. 2021ean, 14 urtetik beherako seme-alabak dituzten funtzionarioek lan ordutegia malgutzeko akordioa lortu zen; ordura arte, muga 12 urtekoa zen.

Era berean, Garamendik gogorarazi du Administrazio Publikoa lanpostuak finkatzeko prozesuan sartuta dagoela, eta prozesu horrek Europak eskatutako mailetan bitartekotasuna ezarriko duela. Sailburuak bitartekotasun-tasa altuak onartu ditu, "martxan jarritako prozesuekin Administrazio Orokorrean 3.700 lanpostu eta Hezkuntzan eta Osakidetzan 14.000 gehiago finkatzea bermatuko dutenak".

Garamendik, gainera, zintzotasuna eskatu die sindikatuei, "ondo baitakite euren aldarrikapenetako batzuk, hala nola soldata igoera, gure eskumenetatik kanpo daudela, politikoki eta juridikoki behin eta berriz defendatu dugun arren".

EUSKARAREN DEFENTSAN

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen aurka emandako azken epaiaren harira, sailburuak irmo hitz egin du: "Epai hau atzerapausoa eta euskararekiko mespretxua da. Euskal herritarrek tokiko administrazio publikoek herrialdeko bi hizkuntza ofizialetako batean arreta jasotzeko duten eskubidea kaltetzen du ".

Hori dela eta, ziurtatu duenez, "Eusko Jaurlaritzak 30 eguneko epean errekurrituko du epai hori, eta adostasun zabala lortu zuen lege hori indarrean mantentzeko borrokan jarraituko du, zeren eta ez du inolako arazorik sortu toki erakundeetan betearazteko".

Ondoren, Garamendik adierazi du oso garrantzitsuak direla idazkaritzako, kontu-hartzailetzako eta diruzaintzako lanpostuak finkatzeko azterketak, aste honetan bertan Gasteizen egin direnak. “Lehenengo aldiz, gure eskumenekoak diren proba horiek deitzen ditugu, eta, udalek eskatzen duten bezala, plaza horiek hizkuntza eskakizun egokiarekin beteko direla bermatzen dute".

AUTOGOBERNUA

Estatuko Gobernuaren egungo bitarteko egoeran eskumenak Euskadira transferitzearen egoerari buruz ere galdetu zaio sailburuari. Garamendik ziurtatu duenez, "Sanchezen Gobernuarekin hitzartutako egutegia ez da bete, ez dugu negoziatzeko borondaterik ikusi, baina Eusko Jaurlaritzatik negoziatzeko jarrerari eutsiko diogu, eskubidez gureak diren eskumenak lortzeko". Era berean, arlo horretan Gernikako Estatutuan betetzen ez dela azpimarratu du.

Azkenik, Txile bisitatu berri duen sailburuak azaldu duenez, bidaia hau aukera ona izan da Hego Amerikako herrialdearen errealitatea ezagutzeko, "une zaila bizi duelako, baina bere kudeaketa publikoa eskualdeetara hurbiltzeko prozesuan murgilduta dago". Gaineratu duenez, "oso pozgarria izan da bertatik ikustea gure deszentralizazio ereduan erreferentziatzat gaituztela"

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak