Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Euskaraldia eraginkorra dela erakutsi dute 2022ko ikerketaren datuek

2023-10-19
  •  Bilboko Euskaldunan bildu dira Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak 2022ko ariketaren inguruko ikerketa datuak aurkezteko.
  • Ikerketaren datuek diotenez Euskaraldian parte hartzaileen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen azken Euskaraldia, ariketaren hirugarren edizioa. Eta edizio guztietan egin den bezala, edizio honek ere ikerketa lan sakona ekarri du berarekin. Ikerketa hori azaldu eta ondorioak aurkezteko bildu dira gaur Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak – Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea, Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea- eta azterketaren eragileak diren Siadeco ikerketa kooperatibako Jon Arrugaeta eta Unai Oiartzun teknikariak.

Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren enkarguz, Siadecok, norbanakoetan zein, ariguneen bitartez, entitateetan Euskaraldiak izan duen eragina aztertu du. Euskaraldiaren antolatzaileek nabarmendu dute lehen ediziotik izan dela garrantzitsua Euskaraldiaren eragina neurtzea, bai urte jakinari dagokiona, eta baita hasieratik hona gizartean egin duen ekarpena ere. Euskaraldiak, ariketa sozial berritzailea izanik, gizartean eragitea baitu helburu.

Ariketa egonkortu da gizartean

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, “ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak”. Izan ere, Euskaraldia ezaguna da gizartean, rolak hizkuntza jokaerekin lotzen dira (%60,2k lotzen ditu rola eta jokaera; hala ere, badira, oraindik, gaitasunarekin lotzen dutenak), eta ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da, orohar. Horrek dakar, besteak beste, parte-hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina areagotzea urtetik urtera: 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Eta hori, bereziki azpimarratzeko datua da Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideen ustetan. 

Siadeco entitateko Jon Arrugaetak eta Unai Oiartzunek ikerketaren inguruko hainbat datu agertu dituzte prentsaurrean. Metodologiari dagokionez argitu dute, aurreko ikerketak bezala, 2022ko honek ere bi zati dituela: lehendabizikoan, Euskaraldian izena emandako norbanakoen eta entitateen unibertso osoari buruzko datuak aztertu dira, izen-ematearen datu kuantitatiboak ezagutzeko. Bigarrenean, lagin bidezko inkestetatik eta informazio kualitatiboa jasotzeko teknikak erabiliz jaso da informazioa, Euskaraldiaren eraginaren azterketa sakonagoa egiteko.

Euskaraldian izena eman zuten norbanakoei erreparatuta, 2022ko ariketan 158.440 lagunek eman zuten berariaz izena –estrainekoz edo berrespen bidez-. Horietatik % 77,6k ahobizi rola hautatu zuen, eta % 22,4k, berriz, belarriprest rola. Aurreko edizioekiko % 11,1eko jaitsiera erakutsiko lukete datu horiek. Gazteen izen-emateak egin du bereziki behera eta gizonezkoen izen-ematea ere jaitsi da. Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du arrakasta gehien 2022ko Euskaraldiak -% 34,4 dira adin tarte horretakoak-. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.

2022ko Euskaraldiko parte-hartzaile gehienek (% 81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute. Rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin dute gehienak –izena eman dutenen % 6).

Entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira, Euskal Herri osoan, 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. Horrek esan nahi du, 2020arekin alderatuta, entitateen izen-emateak %3,6 egin duela gora (301 entitate gehiago). Euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan, proportzionalki handiagoa da entitateen Euskaraldiko izen-ematea; 10 entitatetik 5 baino gehiago (% 56,8) hirugarren edo laugarren gune soziolinguistikoan kokatzen diren udalerrietakoak dira.

Euskaraldiak entitate horietan izan duen eraginari dagokionez, harreman-mota guztietan (ariguneetako kideen arteko harremetan, bezero/herritar/bazkideekin harremanetan, hornitzaileekin…), Euskaraldiaren hamabostaldiko erabilera-datuak altuagoak dira, Euskaraldiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Harremanak euskaraz edo euskaraz gehiago diren entitateen ehunekoa 6 eta 13 puntu bitarte igo da. Euskaraldiaren ondoren ere datuak ariketa aurretik baino altuagoak mantentzen dira (4 eta 7 puntu bitarteko igoerarekin).

Euskaraldia eraginkorra da

Miren Dobaran sailburuordeak azaldu duenez, Euskaraldia eraginkorra da, eta hala erakusten dute datuek. Euskaraldia, beraz, tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko.

Baieztapen horren harira eman ditu hainbat datu Dobaranek: izan ere, aurretik aipatu bezala, parte hartzaileen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte. Eraginak, hala ere, badu inguruarekin zerikusia; izan ere, ia egoera guztietan, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten zen euskaraz Euskaraldiaren aurretik, eta gehiago egin da ondorenean ere; inguru erdaldunagoetan, ordea, Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da, aldaketa handiagoa izan da.

Ariketaren eraginaren erakusle argia da elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte hartzaileek egin duten aurrerapausoa, hala, % 44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea. Beste aldera, ikerketan parte hartu dutenentzat zailena izan da orain arte erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Azken honetan, baina, errazagoa egin zaie jokabide hori hartzea Euskaraldiaren ondoren.

Lehen aipatu bezala, entitateetan ariketak izan duen eragina ere aztertu du ikerketak; eta alor honetan ere datu esanguratsuak plazaratu dira. Entitateen kasuan, Euskaraldia amaitu eta handik ia bi hilabetera ariketa aurrekoak baino altuagoak dira erabilera datuak; parte hartutako entitateen ia heren batek -% 31,3- lortu du hizkuntza-ohiturak aldatzea. Entitateen %10ak erantzun du lortu duela euskara izatea entitateko hizkuntza nagusia; eta % 21,3k erantzun du ordutik euskara gehiago erabiltzen dutela. 

Eta Euskaraldiak bere helburua betetzen badu, hein handi batean, herrietako batzordeei esker izan dela gaineratu du Dobaranek; ehunka boluntario eta langilek hilabete askotan egindako lanaren emaitza baita Euskaraldia.

Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aipatu du ekimen masibo honen garrantzia, izan ere, aurretik aipatuta datuek izen-ematean jaitsiera erakusten badute ere, edizio guztietan 150.000 izen ematetik gora egon dira, eta “hori asko da”. Arakamak esan duenez, 2022 honetan ariketak aurreko edizioetan baino inpaktu txikiagoa izan duela uste dute norbanako zein entitateetako solaskideek.

Baina, aldi berean, lortzen da hizkuntza-ohiturak aldatu eta mantentzea, eta ariketak laguntzen du euskaraz erosoago aritzeko aukerak sortzen. Eta Euskaraldia baliagarria da, baita ere, euskara agendan eta iruditerian kokatzeko, eta hala diote norbanako eta entitateetako arduradunek. Eta mesedegarria da, ikerketak aipatzen duenez, egunerokoan euskara gutxi erabiltzen duten partaideentzat; euskara gehiago erabiltzeko aukera ematen die, Euskaraldiak dirauen bitartean ez ezik baita ariketa bukatu ondoren ere.

Entitateen alorrean, ariguneek babesa eskaintzen dutela ondorioztatzen da ikerketatik, gehiago dira taldean bakarka baino erosoago aritu direnak. Ariguneetan txapa eramatea lagungarri dela ere agertzen da ikerketan, baina, antolatzaileek, baieztapen hori norbanakoetara zabaldu dute, aurreko ikerketek ere hori bera agerrarazten baitzuten: orokorrean ariketa erosoago egiten laguntzen du txapak.

Aurrera begira ere baietz Euskaraldiari

Aurrera begirakoaren inguruan galdetuta, asko dira Euskaraldiarekin lortutako aurrerapenari jarraipena eman nahi dioten entitateak; zehazki, hiru entitatetik batek erantzun du Euskaraldiak hizkuntza-ohituretan ekarritako aldaketak etorkizunean ere mantenduko direla uste dutela, eta hori hala izateko neurriak hartuko dituztela gainera. Norbanakoei dagokionez,  parte hartu dutenen gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi dute, baina ariketak aldaketa/berrikuntza beharra duela ere gaineratu dute.

Aurrera pausoak ematearen garrantziaz ohartuta, eragile eta norbanako ezberdinekin gogoeta prozesu bat egin dute Euskaraldiko antolatzaileek. Gogoeta prozesu horretatik etorriko da, hein batean, Euskaldiaren 4. edizioa.

 

Prentsaurrekoan esandakoak:

Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea: “Ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak. Horrek dakar, besteak beste, Euskaraldiak duen eragina areagotzea urtetik urtera: 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Eta hori, bereziki azpimarratzeko datua da”

Javier Arakama, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea: “Euskaraldia ekimen ezaguna da dagoeneko eta parte hartzaileek berriz ere parte hartzeko asmoa adierazi dute. Euskararen erabilera handitzeko helburua izan dute aritu direnek, eta datuek erakutsi dute ariketak helburu horretan funtzionatzen duela. Euskaraldia amaitu ostean euskara gehiago erabiltzen dutela, alegia.”

Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea:  "Euskaraldia eraginkorra da. Euskaraldia tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiten dituelako. Euskaraldiak balio izan du inguru erdaldunenetan euskeraren erabilerarako aukerak sortzeko, baita lan eta entitateen munduan ere. Beraz, hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera da etorkizunera begira"

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)