
Bingen Zupiriak: “Hezkuntza Legeak iraunkortasuna emango dio hezkuntza sistemari hurrengo hamarkadetarako”
- Euskararen aurkako azken sententziaren harira bozeramaileak esan du baketsua zen gai batean gatazka sortu dela alderdi politiko batek arlo judizialera eraman duelako Udal Legea eta euskararen erabilera
- "Estatu espainiarreko aginte zentralak ez du ongi jokatu gaztelaniarekin batera ofizialak diren beste hizkuntzekin, hizkuntza hauen zaintza eta hizkuntza hauen garapena utzi du tokian tokiko erakundeen eskuetan eta ez du inolako konpromisorik hartu” -esan du Zupiriak
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak elkarrizketa izan du ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan. Besteak beste, Ekialde Hurbileko egoeraz, Sanchezen inbestiduraz, euskararen aurkako azken sententziaz eta Hezkuntza Legeaz mintzatu da.
Izan ere, gaur ari dira Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen proiektua eztabaidatzen, eta horren harira Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Gobernuak ahalegin handia egin duela ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko. “Lege garrantzitsua da, urte askotarako markoa ezarriko duelako. Hezkuntza Legeak iraunkortasuna emango dio hezkuntza sistemari hurrengo hamarkadetan” azpimarratu du, eta gehitu du egutegia finkatuta dagoela eta urtea amaitu aurretik legea onartzea dela helburua.
Euskararen aurkako azken sententziari buruz esan du, “baketsua zen eta adostasun zabala zuen gai batean gatazka sortu dela, alderdi politiko batek Udal Legea eta euskararen erabilera judizializatu duelako”. Azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzak epaia errekurrituko duela.
Amaitzeko, euskaren babeserako Madrildik egin daitekeenari buruz galdetuta, bozeramaileak esan du: “Estatu espainiarreko aginte zentralak ez du ongi jokatu gaztelaniarekin batera ofizialak diren beste hizkuntzekin, hizkuntza hauen zaintza eta hizkuntza hauen garapena utzi du tokian tokiko erakundeen eskuetan eta ez du inolako konpromisorik hartu”. “Gobernu espainiarrak egin lezake zerbait bere menpe dauden zerbitzuetan, - gehitu du- konpromisoa hartu beharko luke zerbitzu horietan euskarak normaltasun bide bat izan dezan, eta hori egiten da euskara plangintza baten bitartez, helburuak ezarrita eta neurriak hartuta”. Azkenik, aginte judizialaren legea aldatzeko beharraz ere mintzatu da, “behar bada, eta hori bada borondate politikoa, aginte judizialaren legea aldatu egin beharko litzateke eta zenbait neurri hartu beharko lirateke lege horretan, justiziak beste jarrera bat izan dezan arlo honetan eta uste dut momentu dela erabakiak hartzeko gaztelania ez den beste hizkuntzekiko” gehitu du.



