Elkarlan Sariak
Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Bakearen aldeko Nobel Saria eta LANE, Oñatiko Adierazpena bultzatzeko III. Jardunaldietako parte-hartzaileen artean

2023-10-18
  • Urriaren 23ko saioan, elkarrizketa sozialak eta negoziazio kolektiboak enpleguaren kalitatea hobetzeko egiten duten ekarpena aztertuko da

Lan eta Enplegu Sailak 2019ko Oñatiko Adierazpena bultzatzeko III. Jardunaldiak antolatu ditu, elkarrizketa sozialak eta lan-politikek lanaren kalitatea hobetzeko aldaketa-tresna gisa duten garrantziari buruz hausnartzeko. Saioa Idoia Mendia Lehendakariordeak inauguratuko du, eta urriaren 23an egingo da Deustuko Unibertsitateko Auditorioan. Bertan, besteak beste, Félix Peinado Lanaren Nazioarteko Erakundearen Espainiako Bulegoko zuzendariak eta Sami Tahr Langileen Tuneziako Batasun Orokorreko komunikazio-arduradunak hartuko dute parte. Erakunde horrek Bakearen Nobel Saria irabazi zuen 2015ean, UTICA patronalarekin, abokatuen sindikatuarekin eta Giza Eskubideetarako Tuneziako Ligarekin batera.

2019an, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) mendeurrena zela-eta, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak Oñatiko Adierazpena aurkeztu zuen, Eusko Legebiltzarraren ahobatezko babesarekin. Dekalogo gisa, adierazpen honek aurrera egin nahi du lan-harremanen eredu baterantz, lanaren nazioarteko zuzenbidea eta lan-zuzenbidearen dimentsio sozial guztiak errespetatuko dituen eredu baterantz.

Hori sustatzeko asmoz, jardunaldi hauen hirugarren edizioa antolatu da. Bertan, gizarte-eragileek negoziazio kolektiboaren, elkarrizketa sozialaren eta pertsonek enpresetan duten parte-hartzearen arloan bultzatutako esperientzia-multzo bat aztertuko da, EAEko lanaren kalitatea hobetzen laguntzeko funtsezko neurriak.

Halaber, egun horretan bertan, baina arratsaldez, "Eraldatzen ari den mundu bateko lanari buruzko gizarte- eta lege-ikerketako ikuspegi berriak" izeneko mintegia ere egingo da, euskal ikerketa-sistemako eta gure inguruko beste unibertsitate batzuetako graduondoko ikasleentzat eta ikertzaile gazteentzat.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren babesarekin, Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Institutuak eta Deustuko Unibertsitateak antolatzen dute, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta LANErekin lankidetzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)