Hauteskundeak 2024
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratzek 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

2023-10-18

  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu du. Plan horretan legebiltzar-taldeen proposamenak jasotzeko aukera egongo da
  • Plana garatzeak orain arte unibertsitate-esparruan egindako inbertsiorik handiena ekarriko du: 2.246,2 milioi euro
  • Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana funtsezko tresna da helburuak eta unibertsitate-politika koordinatua definitzeko

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu du gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako eztabaida monografikoko saioan.

Plan honek 2.246,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du guztira; inoizko aurrekonturik handiena da, aurreko planarekin alderatuta % 14,5 handiagoa. Orain arte unibertsitate-esparruan egindako inbertsiorik handiena da. Kopuru osotik 1.642,4 milioi euro Eusko Jaurlaritzaren ekarpen zuzenaren bidez jasoko da (231 milioi euroko igoera aurreko planarekin alderatuta), eta 603,8 milioi euro, berriz, finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru-sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez lortuko dira.

Sailburuak azaldu duenez, plan hau —administrazioaren eta unibertsitateen arteko lankidetzaren emaitza— Euskal Unibertsitate Sistema antolatzeko tresna espezifikoa da; unibertsitate-politikak definitzeko, helburuak identifikatzeko eta Euskal Unibertsitate Ekosistema osatzen duten eragileak koordinatzeko tresna. Gaineratu du, izaeraz desberdinak diren eragileen artean lortutako itun honek ikuspegi hirukoitza duela: oinarrien akordio bat edo akordio estrategiko bat; ekintzen akordio bat edo akordio exekutibo bat; eta epe ertainerako baliabideen akordio bat.

Bildarratz sailburuaren ustez, plan hau da etorkizuneko erronkei aurre egiteko bermerik onena. Bere proposamenak zazpi ardatz estrategiko ditu: Bikaintasun Zientzia; Unibertsitatea+Enpresa; Unibertsitatea+Euskadi Basque Country; Irakaskuntza Berritzailea eta Kalitatekoa; Unibertsitate Komunitate Inklusiboa eta Berdintasunezkoa; Digitalizazioa; eta Eragin Soziala. Bereziki, Hezkuntza Saileko arduradunak azpimarratu du 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana euskal talentuaren ekosistema bat eraikitzeko ekarpen bat dela.

Lehentasunezko ekintza zehatzak

Planak unibertsitateekin definitutako eta adostutako ekintza zehatzen zerrenda luzea jasotzen du. Ekintza horiek unibertsitate-ekosistemaren arlo guztietan inpaktuak izatea bilatzen dute. Laburbilduz, ekimen hauek nabarmentzen dira:

  • Osasunaren esparruaren aldeko apustua egitea, Bizkaian Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Gipuzkoan Irakaskuntza Unitateko azpiegiturak bultzatuz eta Ospitale Birtualen Sarea garatuz.
  • RIS3 —Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia— lehentasunak sustatzea, unibertsitate-sistemaren jarduera-esparru guztietatik.
  • Eraldaketa digitala azeleratzea unibertsitate hibrido digital-fisikoaren eredu bihurtzeko.
  • Hezkuntza eta STEM, lehentasunezko arlo gisa, gizartearen egungo beharrei erantzuten baitiete horiek.
  • Enpresekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin harremana sendotzea, enplegagarritasuna errazteko.
  • Euskadin talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko espezializazio handiko funtsezko sistema gisa sendotzea, Euskal Autonomia Erkidegora hazkunde ekonomikoa eta gizarte-ongizatea ekartzeko.

Unibertsitate Sistema orokorrean hobetzeko, beharrezkoa da helburuak identifikatzea, horien eragina neurtzea, aldian behin haien bilakaera ebaluatzea eta ezustekoen aurrean malgutasunez lan egitea. Horrela, dokumentuari etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaio lau urteetan zehar, 168 adierazleren bidez. Jarraipen horrek aukera emango du planean identifikatutako helburu anitzen betetze-maila une oro aztertzeko. Ezarritako mugarrien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: 

  • Bizitza profesional osoan zehar prestakuntza jasotzen ari diren ikasleen kopurua bikoiztea
  • Gradu eta Master dualetako titulazioen eskaintza: % 50 handitzea;
  • Sortutako spin-offak: urtero % 25 handitzea 2026ra arte;
  • Horizon Europe deialdietatik lortutako itzulera: urtero % 10 handitzea;
  • Nazioarteko esperientziak eskaintzen dituzten Gradu eta Master titulazioak: % 25 handituko dira;
  • Euskal Unibertsitate Sisteman matrikulatutako nazioarteko ikasleak: kopurua urtean % 15 handitzea;
  • Ikasteko ibilbide pertsonalizatuak dituzten ikasleak: % 60;
  • STEM titulazioetan matrikulatutako ikasleak: % 50 emakumeak izango dira;
  • Irakasle eta ikertzaileak: % 52 emakumeak izango dira;
  • Laguntza-programetan sartzeko aukera izango duten ikasleak: % 100;
  •  Inpaktu soziala neurtzeko eta ikusarazteko eredu propioak unibertsitate guztietan;

Legebiltzar taldeen ekarpenak

Gaur arratsaldean amaituko da Unibertsitate Sistemaren Plan berriari buruzko Legebiltzarreko eztabaida, Legebiltzarreko taldeek eztabaidarako erregistratutako ebazpen-proposamenen bozketarekin. Taldeek beren ebazpen-proposamenak azaltzeko eta beren jarrerak plazaratzeko dagozkien txandak amaitu ondoren, proposamen horiek bozkatu egingo dira, eta onartzen direnak Planean jasoko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak