Berriak Hezkuntza
qrcode

Bildarratz sailburuak ez du diferentzia kualitatiborik ikusten Hezkuntza Legea onartzeko

2023-10-18

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Bizkaia Irratian izan da gaur goizean eta Hezkuntza Lege proiektuari eta gaur bertan Legebiltzarrean aurkeztuko duen Unibertsitate Sistemaren Planari buruz aritu da, batik bat.

Hezkuntza Lege Proiektuari dagokionez, sailburuak azken urteetan egindako lana eta akordioa lehenetsi ditu “izan dira ehundaka bilera eragile desberdinekin, elkarri entzuten, hitz egiten, eztabaidatzen; eta nik uste dut…  azkenengo fasean gaudela”. Jaurlaritzak izan duen elkarrizketarako gogoa azpimarratu du “hainbat momentutan egon naiz ahotsik gabe izan ditugun bilera horien ondorioz, merezi duelako eta hori delako gure eginbeharra”. Bildarratzek esan duenez, hezkuntzak hori guztia merezi du “etorkizun oparo baterako”, eta hori “irakaskuntza komunitatearen eta guztion lana” izan dela azaldu du.

Bihar Legebiltzarrean izango den Hezkuntza Legeari buruzko osoko zuzenketen eztabaidari buruz aurreratu duenez, legebiltzarkideen “%82,6ak atzera botako ditu hiru talde politikok ezarritako osoko zuzenketak”. Bildarratzek azaldu du aurrerantzean, Legebiltzarrak batzordeetan lanean jarraituko duela azken testua udazken honetan onartu dezan. “30 urte igaro eta gero, nik uste dut badela berri on bat eta gure herriarentzat etorkizuneko proiektu bat”. Legebiltzarrean izango den eztabaidaren inguruan ez du “inongo diferentzia kualitatiborik ikusten alderdi nagusienen artean lege hau ez babesteko”. Alderdi politikoen esku dago hori argitzea baina animatu ditu “elkarrekin joatera gizarteak merezi duelako eta iaz Legebiltzarrean lortutako %90eko adostasunarekin gizartea ere poztu egin zelako”.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetarako aste honetan deitu diren grebei buruz galdetuta, argitu langileen eta euren patronalaren arteko harremana dela, baina prest azaldu da langileek, sindikatuek eta patronalak nahiko balute laguntzeko. “Elkarrizketa, negoziazioa eta adostasuna” lantzera deitu ditu eta gainerako du neurrigabea dela 8 greba egun deitzea.

Unibertsitate Sistemaren Plana 2023-2026

Gaur bertan Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkezten ari den Unibertsitate Sistemaren Plana (2023-2026) ere hizpide izan dute elkarrizketan. Bildarratzek azpimarratu du maiatzean Gobernu Kontseiluan onartutako plan hori orain legebiltzar-taldeei aurkeztu eta haien iritziak entzuteko sortu den aukera. Planaren berari eta honen edukiei helduta, hiru unibertsitateekin “EHU lehenetsiz” lortu den akordioa nabarmendu du, Euskal Unibertsitate Sistema eta unibertsitate-ekosistema guztiarentzako datozen lau urteetarako plan estrategiko bat adosteko. 2023-2026 aldirako  2.246 milioi euro pasako inbertsioa aurreikusten du plan berriak, aurrekoak baino %14,5 gehiago, Bildarratzek azaldu duenez, eta jasotzen dituen elementu esanguratsuenen artean nazioartekotzea, bikaintasuneko ikerketa, edo bikaintasunezko irakaskuntza berritzailea nabarmendu ditu.

Plan honen ildotik, Hezkuntza sailburuak gogorarazi du Europako Batzordeak Euskadiri egin dion aitortza, alegia, Europako eskualde guztien artean hirugarren postuan dagoela Eusdadi, gazteen goi-mailako formazioari dagokionez. “Hori, gure unibertsitate sistemak Jaurlaritzarekin batera egiten duen lanaren emaitza da”, baieztatu du.

Euskal Herriko Unibertsitatean ordezkapenak egiten dituzten irakasleen egoeraz galdetuta, Bildarratzek azaldu du LOSU lege berriak (Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa) ez duela baimentzen orain arte posible zena, hau da, ordezkapenak irakaskuntzarako eta ikerketarako –arlo bietarako- egitea, eta irakaskuntzarako bakarrik egin daitezkeela arau berria aintzat hartuta. Aste honetan bertan Joan Subirats ministroarekin izan duen bileran neurri horren luzamendu bat eskatu diola nabarmendu du sailburuak, LOSU lege horrek berak lehenesten duen elementu nagusietako bat egonkortasuna dela gogora ekarriz. “Orain, bila ditzagun formulak orain arte genuen egonkortasuna bermatzeko. Eskatu dugu denbora bat”. Baikor agertu da, “ez daukalako zentzurik lege batek helburu bat izan, eta ondorioa junstu kontrakoa izatea. Ministerioak ere onartzen du gure sistemak bermatzen zuela egonkortasun egoera bat, eta honen ondorioz aldatu egiten dela hori”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak