Hauteskundeak 2024
Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkorekak 65 urtetik gorakoentzat egindako bide-segurtasunaren arloko sentsibilizazio-programa berria aurkeztu du

2023-10-18
  • 2022an ibilgailu batek harrapatuta hil ziren pertsonen erdiek 65 urtetik gora zituzten
  • Helburua kolektibo horri bideko arriskuei aurre egiteko prebentzioko eta autobabeseko tresnak ematea da
  • Euskadiko biztanleriaren % 23,5ek adin hori dute edo adin hori gainditzen dute, EUSTATen datuen arabera

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Estíbaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak lagunduta, bide-segurtasunaren arloko sentsibilizazio-programa berriaren inaugurazioan izan da gaur goizean Gasteizen. “Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu” izeneko ekimena 65 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta bideko arriskuak identifikatzea eta, EUSTATen arabera, euskal biztanleriaren % 23,5 (516.038 pertsona) den kolektibo horri trafiko-istripuei aurre egiteko autobabeseko eta prebentzioko tresnak ematea ditu helburu.   

Josu Erkorekak adierazi duenez, zahartzeak mugikortasun-gaitasunak urritu ditzake, bai oinezko gisa bai gidari gisa. Horren ondorioz, 65 urtetik gorako pertsonak kolektibo zaurgarria dira zirkulazioaren ikuspegitik, eta, hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak babes berezia eskaintzen die adinekoei, horien autonomia sustatzearen aldeko apustua eginez prebentzio-neurrien bitartez, funtsezkoak izan baitaitezke bide-segurtasuna bermatzeko.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eman dituen zifren arabera, 65 urtetik gorako pertsonak tartean dituzten istripurik ohikoenak atzeko talkak eta aurre-alboz egindako talkak dira, bai eta ibilgailutik erortzea ere (txirrindutik, motorretik, eta abar).  2023an, orain arte (urriaren 9ra bitarteko datuak), Euskadin trafiko-istripuan hil diren 29 pertsonetatik 6 adin horretatik gorakoak ziren: % 21. 2022ko guztizkoan, zifra hori % 32koa izan zen.

Biztanle zaharrenen kasu zehatzari dagokionez, istripu larria gertatzeko arriskurik handiena oinezko rolean dute, hau da, ibilgailu batek harrapatzea:  

  • 2022. URTEA:
    • Ibilgailu batek harrapatuta hil ziren pertsonen % 50ek 65 urtetik gora zituzten.
    • Ibilgailu batek harrapatuta larri zaurituta geratu ziren pertsonen % 45ek 65 urtetik gora zituzten.
  • 2019. URTEA, pandemia aurreko azken urtea, eta, ondorioz, mugikortasunaren arloan homologagarria:
    • Ibilgailu batek harrapatuta hil ziren 65 urtetik gorako pertsonak % 61 izan ziren.
    • Ibilgailu batek harrapatuta larri zaurituta geratu ziren 65 urtetik gorako pertsonak % 43 inguru izan ziren.
  • 2018. URTEA:
    • Ibilgailu batek harrapatuta hil ziren pertsonen % 71ek 65 urtetik gora zituzten.
    • Ibilgailu batek harrapatuta larri zaurituta geratu ziren adin horretako pertsonak % 43 inguru izan ziren.

Zifra horiek jaisteko, Eusko Jaurlaritzak aktiboki lantzen du sentsibilizazioa, Zero Biktima izateko helburuarekin, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoan eta Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean hartutako konpromisoari erantzunez.  

“Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu”

Gaur abian jarri den sentsibilizazio-kanpaina jolas- eta heziketa-eremura bideratutako programa da, eta Euskadiko 22 herri bisitatuko ditu aurtengo udazkenean eta 2024ko udaberrian. Herri bakoitzean bi ekintza garatuko dira: kaleko ekintza, egun osoan barrena egingo dena, eta saio osagarri bat iluntzean, adinekoentzako udal-zentro batean. Gaur, esate baterako, Gasteizen, kaleko ekintza Arka Plazan egin da, eta arratsaldean programak Txagorritxuko Bizam zentroan jarraituko du 17:30etik 19:45era bitartean.   

Kalean kokatutako coffe truck batean, parte-hartzaileek bide-segurtasunaren inguruko jokoak egin ahal izango dituzte. Arriskuak identifikatzen eta prebentzioa indartzeko premiaz jabetzen lagunduko dieten jokoak izango dira: autotestak tabletatan, multimedia-jarduerak pantaila interaktiboetan, bide-segurtasunaren gaira egokitutako herri-jolasak, denbora-pasak, eta abar.  

Arratsaldeko saioak adinekoentzako udal-zentroetan egingo dira. Konpromisoak hartzeko taldeko saioak izango dira, eta adinekoen mugikortasun segururako jardunbide egokien dekalogo bat landuko dute bertan. Agiri hori, herri bakoitzean ezberdina izango dena, zentroan ikusgai jarriko da, hartutako konpromisoak gogoan izateko eta jardunbide horiek eguneroko bizitzan jarraitzeko. Saio bakoitzari Sergio Arrospide umoristaren monologoak emango dio amaiera, eta honek bide-segurtasunari buruzko mezuak umorez sartuko ditu monologoan, parte-hartzaileei trafiko-istripuei aurre hartzearen garrantzia gogora ekartzeko.  

Gainera, “Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu” sentsibilizazio-programa hiru bideok osatzen dute, eta bideo horietan jasotzen da zein garrantzitsua den errepideko joan-etorrietan arretaz ibiltzeko neurriak hartzea zahartze aktiboaz segurtasunez gozatzeko:

Datozen saioak

Arabako hiriburuan estreinatu ostean, “Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu” programak urriaren 20an bisitatuko du Barakaldo, urriaren 25ean Irun eta azaroaren 3an Amurrio.  Urtea amaitu aurretik, Gernikara eta Arrasatera ere iritsiko da, baina egunak oraindik zehaztu gabe daude

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Raimundo Ruiz de Escudero (Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailaren zinegotzia)