Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

  Eusko Jaurlaritzaren V. Gazte Planak lehentasuntzat du gazteen emantzipazioa bultzatzea (Gobernu Bilera 2023-10-17)

2023-10-17
  • Gazte Planak gazteen emantzipazioa (bizitzea), garapena (gozatzea) eta eragina (eraldatzea) ditu ardatz
  • 4 ardatz estrategikotan, 15 esku-hartze arlotan, 33 helburutan eta 73 jarduketa-ildotan egituratzen da
  • 2023ko Plan Operatiboak 263 jarduketa aurreikusten ditu guztira, eta horietara 314 milioi euroko aurrekontua bideratu da
  • Nazio Batuen Garapen Jasangarriko 17 helburuetatik 12tan laguntzen du, eta kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, lan duina eta hazkunde ekonomikoa nabarmentzen dira

 Iñigo Urkullu Lehendakariak V. Gazte Plana aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluan. Plan horrek bildu egiten ditu Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko, haien garapena errazteko eta haien gizarte-eraldaketan inplikatzeko hartu dituen neurriak. 

Gazte Plana Eusko Jaurlaritzaren zeharkako gazte-politika bultzatzeko tresna sendoa da 1999 ezkero. V. Gazte Plan honen berritasuna da agertoki berri batean sartzen dela, 2022an Gazteriaren Legea onartu ondoren. 

Plana gazteen emantzipazioarekiko kezka sakoneko testuinguru batean kokatzen da, eta horrek Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategiko bihurtu du. Horren erakusgarri da 2023ko martxoan gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia onartu izana. 

Emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, euskal gizartea gaztetzearekin eta belaunaldi arteko eta barruko kohesioarekin, eta Eusko Jaurlaritzarentzat herrialde-helburua eta erabateko lehentasuna da. 

Helburua da 2030ean gazteen emantzipazio-tasa % 50era hurbil dadin laguntzea. Hain zuzen, maila horretan kokatzen da EB-27ko batez bestekoa (% 50,6). Emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, 28 urtetik beherakoa izatea da helburua. 

Ildo horretatik, Gazte Plan berriak Eusko Jaurlaritzak gazte-politika integrala garatzeko eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko politika berri bat sustatzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio. 

Diagnostikoa eta erronkak 

Gazte Planaren lanketa Euskadiko gazteei buruzko diagnostikoaren ondorioetatik abiatu da, IV. Planaren ebaluazio-txostenean identifikatutako erronketatik, hain zuzen. Gazte Plana eta plana egiten parte hartu duten pertsona guztien ekarpenak. 

Euskadiko gazteen egoeraren ezaugarri nagusiei erreparatuta, indargune hauek nabarmenduko ditugu: eskola-uzte goiztiarraren jaitsiera (% 4,8 2021ean), langabezia-tasaren jaitsiera (% 17,4 2021ean), erretzaileen jaitsiera (% 18,5), garraio publikoaren erabileraren igoera (% 59,33 2021ean) eta boluntariotzako jardueretako parte-hartze mailari eustea (% 11,5). 

Hauek dira V. Gazte Planak dituen erronketako batzuk: gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea; osasun mental positiboa bultzatzea, osasun fisikoa sustatzea ohitura osasungarriak hartuta, etxebizitza eskuratzeko; jasangarritasunerako eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako laguntza-politiken arloko ahaleginei eustea; aukera-berdintasunean, inklusioan eta aniztasunean aurrera egitea; gazteei zuzendutako eta/edo sortutako kultura-eskaintza bultzatzea; gazteek politika publikoen formulazioan gehiago parte har dezaten bultzatzea; eta arreta belaunaldien arteko orekan jartzea. 

Gazte Planaren egitura 

Diagnostiko hori oinarri hartuta, V. Gazte Planak 4 ardatz estrategiko, 15 esku-hartze arlo, 33 helburu eta 73 jarduketa-ildo ditu. 

  • ardatza: Emantzipazioa (bizitzea): enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.
  • ardatza: Garapena (gozatzea): osasun integrala, hezkuntza, kultura eta euskara, eta aisia eta denbora librea.
  • ardatza: Eragina (eraldatzea): parte-hartzea, berdintasuna, aniztasuna, bizikidetza eta klima-aldaketa.
  • ardatza: Behaketa eta koordinazioa: ezagutza eta lankidetza. 

Egitura horren definizioa sailen arteko kontsulta-prozesu zabal baten emaitza da. Horri esker, gazte-politikaren orientazio estrategikoen egokitasuna baliozkotu da eta jarduera-esparru berriei buruzko ekarpenak txertatu dira. Beraz, helburu partekatuak biltzen ditu. 

2023ko Programa Operatiboa 

Ardatz eta helburu nagusi horiek ekartzeko asmoz, 2023ko ekitaldiko Plan Operatiboa egin da. Plan horretan, Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzek eta V. Gazte Planean inplikatutako erakundeek aurten garatzen dituzten jarduerak jasotzen dira. 

Plan Operatibo hau lantzeko, zuzendaritza bakoitzak gogoeta egin behar izan du gauzatu beharreko jarduketen multzoa, bideratutako aurrekontua, ebaluazio-adierazleak eta lortu beharreko helburua zehazteko garaian, jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko. 

2023ko Plan Operatiboak 263 jarduketa aurreikusten ditu guztira, eta 314.894.028 €-ko aurrekontua du. 

Ardatza

Jarduketak

Aurrekontua

1. ardatza: Emantzipazioa

91 jarduketa

% 34,6

232.295.362 €

% 73,8

2. ardatza: Garapena

89 jarduketa

% 33,8

46.206.926 €

% 14,7

3. ardatza: Eragina

46 jarduketa

% 17,5

33.337.500 €

% 10,5

4. ardatza: Behaketa

37 jarduketa

% 14,1

3.054.239 €

% 1,0

 Emantzipazioaren ardatzean, honako hauek nabarmendu behar ditugu: Lehen Aukera programa, gazte langabeak kontratatzeko; hezkuntza-mundurako edo ekintzailetzarako trantsizioa egiteko bekak; Global Training eta BEINT bekak; Gaztelagun programaren alokairua ordaintzeko laguntzak; eta Emantzipa laguntza berria, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioa errazteko. 

Gazteen garapenari dagokionez, honako hauek bildu dira: droga-kontsumoaren arriskuak prebenitzeko eta murrizteko jarduerak, haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurkako sentsibilizazioa, nazioarteko mugikortasunerako bekak edo esparru ez-formalean euskararen erabilera indartzeko programak. 

Gainera, eraldaketa bat gertatzeko gazteen parte-hartze aktiboa behar duten arloetan, honako hauek sartzen dira: boluntariotza-programak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko zerbitzu espezializatuak, LGTBI pertsonei laguntzeko ekintzak edo 2030 Eskola Agenda programa. 

Azkenik, Gazte Planak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 helburuetatik 12tan laguntzen du, eta horien artean bereziki nabarmentzen dira kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, eta lan duina eta hazkunde ekonomikoa, helburu eta xede komun ugari dituztelako.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko