Berriak Hezkuntza
qrcode

Subirats Ministros eta Bildarratz sailburuaren arteko bilera

2023-10-16
  • Jokin Bildarratzek eta Joan Subiratsek Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) aplikazioak eragindako aldaketak aztertu dituzte
  • Ordezkapenen sistema berria aplikatzerakoan moratoria eskatu du sailburuak, LOSUk irakaskuntza lanetara mugatzen baititu ordezkapenak, ez ordea ikerketarako
  • Euskal Unibertsitate Sistemaren Planaren azterketa eta unibertsitate-praktikak, bileran jorratutako beste gai batzuk

Joan Subirats Unibertsitate ministroak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera egin dute gaur goizean Madrilen, Unibertsitate Ministerioaren egoitzan. Bi agintariek unibertsitate-esparruaren inguruan duten ikuspegia partekatu nahi izan dute, eta baita, neurri handi batean, Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berriaren (LOSU) aplikazioa ere.  Bileran, ministroarekin eta sailburuarekin batera, Marta Cruels Ministerioko Kabineteko buruak eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ere parte hartu dute.

LOSU eta ordezkapenak

Aldebiko bileran, Euskadiko unibertsitate publikoan ordezkapenak egiteko sistema berriak sortu duen kezka azaldu dio Bildarratz sailburuak ministroari. LOSUn jasotako arau berriak galarazi egiten du, UPV/EHUn egiten diren ordezkapenak lanaldi osokoak izatea, orain arte egin izan diren eran. Estatuko arauak ezartzen du ordezkapenek ordezkatutako profesionalaren irakaskuntza-lana baino ez dutela kontuan hartuko, eta ez ikerketari edo kudeaketari dagokion zatia. Horren ondorioz, ordezkapen berriak irakaskuntzara bakarrik mugatuko dira, Legea onartu aurretik aktibatutako ordezkapenetan ez bezala.

Errealitate horren aurrean, Jokin Bildarratzek nabarmendu du, Lege berriak hala jasotzen duen arren, beharrezkoa dela bermatzea unibertsitateek plangintza berri bat garatu ahal izango dutela beren beharrei erantzuteko, ordezko irakasleei eta unibertsitateko irakasleen lanaren jarraipenari kalterik egin gabe, aldez aurretik planifikatu ezin den ordezkapena eskatzen duten egoeretan.

Euskadiren kasuan, Hezkuntza sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUren barruan ikerketa-lana indartzen jarraitzeko asmoa duela, euskal unibertsitate publikoko sailei zuzenean lotutako ikerketa-programak nabarmen handituz. Formula horren bidez, ikerketa gehiago eta hobea sustatuko da, eta, horrela, etorkizuneko ordezkapenak egingo dituzten profesionalek, aldi berean, beren jarduna ikerketa-proiektu batean garatu ahal izango dutela bermatuko da, irakaskuntzaren osagarri gisa. Ekimen horrek inplementazio-prozesu bat eskatzen du unibertsitateko sail guztietan, eta, horretarako sailburuaren ustez, ezinbestekoa da hura aplikatzeko moratoria bat, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoan jasotako ordezkapen-sistema indarrean sartu gabe.

Unibertsitateko praktikak

Bilerak balio izan du funtsezko beste gai bati ere heltzeko, hala nola unibertsitateko praktikak eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarrian jasotako baldintza berriak, martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuak emandako idazketan, urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Horren arabera, unibertsitate-praktikak egiten dituzten ikasleei – baita unibertsitate-titulua lortzeko eskatzen diren praktikei ere– alta eman beharko zaie Gizarte Segurantzan.

Euskadi erreferentea da curriculumeko zein curriculumetik kanpoko unibertsitate-praktikak egiteari dagokion arloan. Urtero 23.000 hitzarmen baino gehiago sinatzen dira praktika horiek esparru publikoan zein pribatuan garatzeko, eta UPV/EHU da eragile nagusia 14.000 hitzarmen ingururekin. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek uste dute beharrezkoa dela curriculumeko zein curriculumetik kanpoko praktikak indartzen jarraitzea, beren unibertsitate-prestakuntzaren ereduaren funtsezko zati baitira.

Eusko Jaurlaritzak bere kezka berretsi du egoera berri horren egokitzapenarekin eta kudeaketarekin lotutako alderdiengatik, batez ere Euskal Herriko Unibertsitateko curriculum-praktikei dagokienez. Sailburuaren ustez, gaur egun milaka profesionalen prestakuntzan laguntzen duten unibertsitateei eta erakunde publiko eta pribatuei eskatzen zaien eredu aldaketak arriskuan jar lezake praktika horien jarraipena. Lan burokratikoak berak eragina izango luke unibertsitateen kudeaketan, eta zaildu egingo luke lan hori garaiz eta behar bezala egitea. Hori dela eta, sailburuak ministroari eskatu dio 2024-2025 ikasturtearen hasierara arte luza dadila egokitzapen-epea, 2023-2024 ikasturtean matrikulatutako ikasle guztiek aukera berberak izan ditzaten eta erakunde eta unibertsitateek beren prozedurak egoera berrira egokitu ahal izan ditzaten.

2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Plana

Joan den maiatzaren 30ean, Gobernu Kontseiluak 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plan berria onartu zuen. Hauxe da Eusko Jaurlaritzak duen tresna nagusia Unibertsitate-politikak definitzeko, helburuak identifikatzeko eta euskal unibertsitate-ekosistema osatzen duten eragileak koordinatzeko (unibertsitateak, ikerketa-zentroak, unibertsitate-erakundeak eta klusterrak, besteak beste).

Plan berritzailea eta Europako politikekin bat datorrena dela iritzita, Jokin Bildarratzek bere ezaugarri nagusiak azaldu dizkie Subirats ministroari eta honen lantaldeari, bai panak ikerketa-eremu zehatzen arabera jasotzen dituen berariazko apustuen ikuspegitik, bai euskal unibertsitateen eta unibertsitate-esparruko eragileen arteko plangintza eta koordinazioari dagokionez.

2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planak euskal unibertsitateen plan estrategiko berrietan eragiten du, eta, beraz, bereziki garrantzitsua da unibertsitateen etorkizuneko garapenerako. Guztira 2.246,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, hau da, aurreko planarekin alderatuta %14,5eko igoera eta orain arte unibertsitate-eremuan egindako finantzaketa handiena. Horietatik 1.642,4 milioi Eusko Jaurlaritzaren ekarpen zuzenari dagozkio (231 milioi gehiago), eta 603,8 milioi, berriz, finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru-sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez emango dira.

Hitzordua amaitzean, ministroak zein sailburuak positibotzat jo dute bilera, eta bi gobernuen arteko koordinazio handiagoa ekarriko duen lan-ildoari eusteko interesa agertu dute, unibertsitate-sistemaren mesedetan.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @ccoo_ehu
    2023-12-15

    Comentario de Twitter:
    2) En Euskadi el consejero Bildarratz pide una moratoria al secretario de universidades en la cotización a la SS de los estudiantes en prácticas porque la UPV/EHU no va a poder asumir esa gestión.

    https://t.co/jdcHKP8IFw

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak