Hezkuntza Sailak 532 plaza eskaintzen ditu Bigarren Hezkuntzako ikasleek atzerrian ingelesa, frantsesa eta alemana ikas dezaten
- 2024ko udan burutuko dira egonaldiak eta DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude
- Hezkuntza Sailak milioi bat euro baino gehiago bideratu du deialdi honetara
- Eskaerak aurkezteko epea urriaren 24tik azaroaren 23ra bitartekoa izango da
Hezkuntza Sailak, 2024ko udarako ere, Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza ikastaroak egiteko 532 egonaldi antolatuko ditu, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta. Bi asteko egonaldiak eskainiko dira, eta horiek finantzatzeko 1.033.571 euroko diru-kopurua bideratu du Hezkuntza Sailak. Egonaldi hauetarako deia egiten duen Agindua Gobernu Kontseiluaren azken saioan onartu da, urriaren 10ean, asteartez.
Eskabideak egiteko epea urriaren 24tik azaroaren 23ra egongo da zabalik, biak barne.
532 plaza horietako bat eskuratu nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak, honako hauek dira:
- Aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa edo alemana) gutxienik 7 puntuko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean.
- Aurreko ikasturteko bataz besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana.
- Ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan.
- Ikasleak 2024an gehienez ere 19 urte betetzea.
Plazen banaketa egiteko, kontuan izaten dira bai eskaera egin duen ikaslearen hezkuntza-maila (DBH edo Batxilergoa), eta baita haren familiaren egoera ekonomikoa ere (1 eta 2 tarteak). Ondorioz, honela banatzen dira 532 plaza horiek, arestian aipaturiko lau herrialdeetan:
Herrialdea eta hizkuntza |
1. tartea |
2. tartea |
Guztira |
||
DBH |
BATX |
DBH |
BATX |
||
Ingelesa Irlandan |
70 |
83 |
20 |
25 |
198 |
Ingelesa Erresuma Batuan |
89 |
108 |
31 |
36 |
264 |
Frantsesa Frantzian |
30 |
20 |
50 |
||
Alemaniera Alemanian |
10 |
10 |
20 |
||
Plazak guztira |
390 |
142 |
532 |
Lehen tartean, aurreko ikasturtean beka jaso zuten ikasleak hartzen dira kontuan, eta bigarren taretan berriz, bekarik jaso ez zuten ikasleak. Plazaren bat egokitu zaien ikasleek ezinbestekoa izango dute dagokion ordainketa egitea. Lehen tartean daudenek, 140 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren tartekoek 560 euro.