Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Seynabou Male Cissé, senegaldar ekintzailea 2023ko Ignacio Ellacuría Saria, bakearen eta emakumeen eskubideen alde egindako lanagatik

2023-10-13
  • Ignacio Ellacuría Saria Eusko Jaurlaritzako eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ematen du
  • Saritua Casamanceko gatazkan bakea eraikitzen egindako lanagatik nabarmendu da

Eusko Jaurlaritzak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, garapenerako lankidetzako 2023ko Ignacio Ellacuría Saria Seynabou Male Cisséri emango diola iragarri du. Senegaldar ekintzailea, bakearen aldeko aktibista da Casamanceko gatazkan, herrialde afrikarraren hegoaldean. Era berean, emakumeen eskubideen eta haien garapenaren alde lan egin du. Iñigo Urkullu Lehendakariak emango du saria hurrengo asteetan Lehendakaritzan egingo den ekitaldian.

Epaimahaiak ekintzailea aitortu nahi izan du: “Senegalen, gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa sortzeko konpromisoagatik, eta gatazketan elkarrizketa eta bitartekaritzatik bakea eraikitzeagatik. Emakumeen eskubideen errespetua eta berdintasuna defendatuz, horien parte-hartze aktiboa sustatzeagatik”. Gainera, epaimahaiak azpimarratu du, “sari honek euskal gizartea Afrikan ahaztutako krisi eta gatazkak ikusarazten eta horiei buruz kontzientziatzen lagunduko du”.

Bakearen eta emakumeen eskubideen aldeko aktibista
Seynabou Male Cissé emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile senegaldarra da eta bakearen aldeko aktibista Casamance eskualdean. Defendatzailea 1952an jaio zen Gandiayen, Kaolack eskualdean. Geografian lizentziaduna eta masterra lortu ondoren, 25 urtez, Ziguinchor hiriko Djignabo Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan zen. Gaztetatik gizarte mugimenduetan eta berdintasunaren aldeko borrokan aritu da.

2010ean, Cissé Plateforme des Femmes pour la Paix en Casamance (PFPC) koalizioaren sustatzailea izan zen. Koalizio horrek batu zituen gizarte zibileko 210 tokiko erakunde eta eskualdean bakearen eta justiziaren alde lan egiten duten 40.000 emakume baino gehiago. 2013an, Women´s World Summit Foundation (WWSF) erakundearen Women´s Creativity in Rural Life saria jaso zuen.

Casamanceko gatazka
Casamanceko Indar Demokratikoen Mugimendua (MFDC) mugimendu independentistaren eta Estatuaren arteko gatazka 1982an hasi zen. Gatazkak 5.000 hildako eragin ditu, horien artean, 850 lurreko minen ondorioz.

Emakumeek bereziki izan dira kolpatuak gatazkan zehar: desplazamenduak, sexu-erasoak, bahiketak edo familia aurrera atera beharra bere kideen bahiketa edo hilketaren ondoren, besteak beste. Bere burua biktimatzat jo beharrean, Seynabou Male Cissék bakearen aldeko Casamanceko Emakumeen Elkartasunerako Eskualde Batzordea USOFORAL osatu zuen, bakearen eta garapen komunitarioaren aldeko erakundeetako emakume kideekin batera.

USOFORAL erakundearen bidez, Male Cissek lagundu du desplazatutako familiak itzultzeko baldintzak sortzen, alderdien artean konfiantza sustatzen eta eskualdean egindako giza eskubideen urraketak salatzen. Gainera, emakumeen ahalduntzearen alde lan egiten du, bakearen eraikitzaile eta garapenerako eragile gisa.

Lan hori Mundubat eta ACPP bezalako euskal GGKEen laguntzarekin egin dute, baita euskal erakundeen babesarekin ere, hala nola eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia edo Bilboko Udala.

Ignacio Ellacuría Saria
Ignacio Ellacuría Sariaren helburua da publikoki aitortzea herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonei, antolakundeei, taldeei edota ekimenei. Era berea, sariak ekimen hori ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea ere du helburu. Eusko Jaurlaritzak ematen du Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako saileko eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.

2 iruzkin
  • 2023-10-14

    Felicidades

  • 2023-10-14

    Zorionak

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)