Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak turismoaren jaitsieraren gainean hausnartzera presatu ditu Gipuzkoako erakundeak

2012.eko urtarrilak 24

Pilar Zorrilla sailburuordearen aburuz, konponbidea ez datza Eustaten datuen egiatasuna eztabaidatzean, arazoaren zergatia aztertzean baizik, eta horretarako, bilera bat eskatu die Aldundiari eta Udalari.

Euskal turismoak arrakasta handia izan du azken bi urteotan, denbora-tarte labur horretan EAEra etorritako bisitarien kopurua % +17 hazi baita, baina hala eta guztiz ere, Gipuzkoako lurraldean azken hilabeteotan erregistratutako datuak ez dira hain positiboak izan. Duela 20 urtez geroztik hona, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak biltzen eta aztertzen ditu datu ofizialak, eta orain arte ez dira zalantzan jarri.

Donostiako Udalak Eustat Erakundeak emandako estatistiken egiatasuna zalantzan jarri du, eta Eusko Jaurlaritzak zenbait gogoeta egin nahi lituzke horri dagokionez:

  • - Eustat Erakundeak argitaraturiko datuak eztabaidaezinak eta publikoak dira eta edonoren eskueran daude. 20 urteko esperientzian oinarrituta daude, baita turismo-sektorearen barruan aintzat harturiko metodologia batean ere, eraginkortasun frogatukoa. Datu horien egiatasuna ukatzeak zera esan nahi du, hotelen eta nekazaritza-turismoen sektoreari leporatzea ematen dituzten datuen manipulazioa.
  • - Eustaten webgunean eskura daitezkeen azken datuen interpretazioari jarraiki, zera ondoriozta daiteke Gipuzkoako lurraldeari gagozkiola:

 

  • 1. 2011n Gipuzkoako hoteletara iritsitako turisten kopurua % 0,8 hazi da (zehazki, atzerritarren kopurua % 7 igo da, eta bisitari nazionalena, berriz, % -2,4 jaitsi da).
  • 2. Donostiak turisten % -0,9 galdu du 2011n guztira, eta bisitari nazionalek bereziki egin dute atzera (% -6,4).
  • 3. Datuak hilabetez hilabete aztertuz gero, Donostiak abuztuaz geroztik gero eta turista gehiago galdu dituela ikus dezakegu (segidako bost hilabete), eta Gipuzkoaren kasuan, berriz, urriaz geroztik (segidako hiru hilabete).
  • 4. Soilik turismo nazionala aztertuz gero, Gipuzkoaren beherakada abuztuan hasi zen, eta harrez geroztik, Espainiako 21.000 turista galdu ditu (% -8,8 aurreko urtearekin alderatuz). Eta Donostiak uztailetik darama turista nazionalak galtzen (jada aurreko urtean baino 17.000 turista gutxiago izan ditu, hots, % -10,8).
  • 5. Nekazaritza-turismoei dagokienez, turisten kopuruak gora egin du, baina efektu txikia du horrek zifra orokorretan, landa-ostatuak Euskadira iristen diren turisten guztizko kopuruaren % 5 baino ez baitira.

 

  • - Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzaren ustez, egoerari buruzko hausnarketa zorrotza egin behar da ezinbestean, eta horregatik, arazoa aztertzeko bilerak egiteko eskatu die Gipuzkoako erakundeei. Gipuzkoako erakundeen hitzetan, Londres hotela eta Maria Cristina hotela partzialki itxi direlako jaitsi da turisten kopurua. Jaurlaritzak, ostera, ikuspegi globalagoan oinarrituz beste faktore batzuk ere balioetsi behar direla deritzo.
  • - Gipuzkoak izandako jaitsiera eta lurralde horretako ziklo politikoak izandako aldaketa aldi berean gertatu ziren, eta Jaurlaritza sozialista iritsi zenean, kontrakoa gertatu zen, 2009ko uztailetik aurrera Euskadi osoko joera aldatu baitzen (etenik gabeko hazkundea jazo zen segidako 28 hilabetetan). Nolanahi ere, informazio guztia aztertuko dugu, ondorio irmo bat edukitze aldera.
  • - Soilik aplikatzen den politika sektorialaren araberakoa ez den sektorea dugu turismoa; izan ere, pertzepzioen arabera mugitzen da batez ere.

Jaurlaritzak sektore estrategikotzat hartzen du turismoa, eta sustapen-politiken eta lehiakortasuna hobetzeko politiken bitartez sustatzen jarraituko du, betiere lurralde guztietan erakunde-lankidetza lortzeko jomuga izanik.

Jaurlaritzak konfiantza du baterako azterketak jazoera horri buruzko azalpenak ekarriko dituela, eta azterketa zorrotz baten ondorioz, beharrezko politikak aplikatu ahal izango direla.

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 24a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)