Tabako Kerik Gabeko Euskadi
qrcode

Aitor Aldasoro: “Inbentariatutako lurzoru kutsatuen %25 baino gehiago segurtasun baldintzetan merkaturatu ditugu”

2023-10-10
  • Euskadiko Lurzoruaren Babeserako SOILUZIOAK Kongresua hasi da astearte honetan, urriaren 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, 300 aditu baino gehiagorekin

 

  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok eragile guztien lankidetzaren garrantzia nabarmendu du irekiera ekitaldian, 2050. urtean lurzoruaren degradazio garbia zero izateko helburua lortzeko

 

  • Aldi bereko saioetan hainbat gai jorratu dira, hala nola ingurumen legeria, lurralde plangintza, klima aldaketara egokitzea edo baso kudeaketa jasangarria. Arratsaldean, landa bisitek lurzoruaren babesari lotutako proiektu berritzaileak erakutsiko dituzte

 

  • Bihar, urriak 11, lurraren babesak eta gizartearen erronkek duten lotura izango da aztergaia

 

SOILUZIOAK 2023 Euskadiko Lurzoruaren Babesari buruzko Kongresua urriaren 10ean, asteartea, hasi da Bilbon. Lehen jardunaldian 300 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, eta kudeaketa jasangarria eta lurzoruaren babes osoa bermatzeko legegintzako ekimenei ekin diete.

Irekiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok adierazi duenez, EAEko politika aitzindariari esker, “lurzoruen deskontaminazioan hogeita hamar urte baino gehiagoan egindako lanarekin, kutsatuta egon daitezkeen eta orain arte inbentariatutako kokaguneen %25 baino gehiago merkaturatu ahal izan dira, segurtasun baldintzetan.

Aldasorok, halaber, 2022ko ekainean onartutako Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030 Estrategia balioetsi du, “lurzoruaren kudeaketa jasangarrirako politika integralaren eredu gisa, baliabide horren osasunean eragina duten politiken koherentzia eta transbertsalitatea bermatzen duena”. Sailburuordeak nabarmendu du garrantzitsua dela inplikatutako eragileen arteko lankidetza 2050erako munduan ezarri den helburua lortzeko: lurzoruaren degradazio garbia zero izatea.

 

Alberto Santana historialari eta etnografoak eman dio hasiera osoko bilkurari, eta lurraren balio immaterialari buruzko gogoeta egin du. Bere hitzaldian, historialariak Euskadiko lurzoruaren kudeaketaren eredu historikoak eta baliabide horrek Euskal Herriari ematen dion nortasuna errepasatu ditu. “Gure abizenak lurren izenetatik datoz, eta gure lurra babestea gure nortasuna babestea da”, adierazi du Santanak.

Ondoren, Natalia Rodriguez Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko (FAO) ordezkariak Euskadiren lidergoa nabarmendu du lurzoruaren kudeaketari dagokionez, orain arte garatutako ingurumen plangintzari esker, eta mundu osoan lurzorua babesteko garatutako ekimenen errepasoa egin du, baita lurzoruaren babesak Garapen jasangarrirako Helburuei egiten dien ekarpenari buruzkoa ere.

Jardunaldiko lehen mahai inguruak egungo ekimenen ikuspegi orokorra emateko balio izan du, Euskadiko Lurzorua Babesteko Estrategiatik, Lurzoruaren Osasunari buruzko Europako Legera. Common Forum on Contaminated Land in Europe erakundeko idazkari Diermar Müller-Graberrek moderatuta, hainbat administraziotako ordezkariek parte hartu dute mahaian, horien artean Ion Codescu, Europako Batzordekoa; Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusia; Esther Goidts, Valoniako Gobernukoa (Belgika); eta Antonio Caballa, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministeriokoa.

Goizeko bigarren zatian, lau mahai paralelo egin dira, hainbat jarduera eremutan lurzorua babesteko erronkei heldu dietenak: Lurzorua babesteko Europako 2030 Estrategia, nekazaritza jasangarria sustatzeko ekimenak, lurralde plangintza eta lurzoruaren okupazioa, edo klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko lurzoruak duen eginkizuna izan dira landutako gaiak.

Landa bisitak proiektu berritzaileetara

Arratsaldean, SOILUZIOAK 2023 programak aukera emango du lurzoruaren babesarekin lotura duten proiektu berritzaileak bertatik bertara ezagutzeko. Landa bisitek hainbat esperientzia erakutsiko dituzte bertatik bertara: txakolinaren ekoizpena Urdaibaiko Biosfera Erreserban, jasangarritasunaren ikuspegitik; lurraren eta lurraldearen lehengoratzea atzo eta gaur, Bilboko itsasadarrean zehar ontziz egindako bidaia baten bidez; Begoñako hilerria, inspirazio gisa errespetutik abiatuta diseinatutako espazio komun berria; Zorrotzaurre uhartea, hiria eraikitzeko erronka gisa; meatzaritzak moldekatutako lurzorua eta paisaia Zugaztietan (Meatzaldea); eta nekazaritza eta abeltzaintza ulertzeko modu berri bat, abeltzaintzako ustiategi jasangarri batera egindako bisitarekin.

 

Eusko Jaurlaritzak sustatuta, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Sprilur Euskadiko Lurzoru Industriala Kudeatzeko Sozietate Publikoaren bidez, kongresuak aurrera jarraituko du bihar, urriak 11, baliabide hori babesteko beharrari buruzko eztabaida irekitzeko, giza osasunaren, biodibertsitatearen, klima aldaketaren, elikagaien segurtasunaren eta uraren kalitatearen ikuspegitik, besteak beste.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-10-11

    Ez du zailtasunik izan behar lurzoruak kutsatu ahal izateko; esate baterako, kutsatzaile potentzial batzuentzat nahitaezko urrutiko markaketa egin behar izatea edo ez, mugatik ere sartu ezin izatea kanpoan abandonatzeko, eta modu erreaktiboan konturatzea, prebentzioaren ordez, kaltea eginda dagoenean.

  • Argazkia Xaver
    2023-10-11

    No tiene que resultar sin dificultad poder contaminar suelos como que haya que llevar más marcaje seguimiento a distancia obligatorio para ciertos contaminantes potenciales o no, no puedan entrar ni por la frontera para abandono a la intemperie y darse cuenta de manera reactiva en vez de preventiva cuando el daño ya esté hecho.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Txaber Ouro, SPRIlurreko zuzendaria