Ertzaintzak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen formakuntzan lagunduko du (Gobernu Bilera 2023-10-10)
- Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko ikasleen formakuntza praktikorako UPV/EHUren eta Segurtasun Sailaren artean egindako hezkuntza-lankidetzako hitzarmena da
Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bidez, hezkuntza-lankidetzako hitzarmen bat sinatuko du Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin ikasleen formakuntza integrala hobetzeko eta lan-munduan txertatzera begira haien prestakuntza profesionala ziurtatzeko. Hitzarmen horrek UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko ikasleek Ertzaintzan kanpoko praktikak egitea arautzen duen esparrua ezartzen du.
Zehazki, Suizidiologiako Berezko Tituluko ikasleek lanak eta horiekin lotutako praktikak egingo dituzte Ertzaintzaren egoitzetan, Ertzaintzak lagunduta eta aholku emanda, praktika horien harreraren eta tutorizazioaren bidez.
Hitzarmen horrek, bi erakundeentzat beharrezkoa den harreman aberasgarria bideratzeaz gainera, etorkizunean Ertzaintzak gai honetan gauzatuko dituen prozeduren eraginkortasuna ekar dezakeen ikasketak egiteko aukera emango du.
Segurtasun Saila aspaldiko urtetan ari da Euskadiko nahiz Estatuko beste lurralde batzuetako unibertsitate ezberdinekin lankidetzan. Horrela, UPV/EHUko beste fakultate batzuetako ikasleek egin dituzte kanpoko praktika akademikoak Ertzaintzan.
Hitzarmenak 4 urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da.