Euskadira iristen diren ukraniarrentzako arreta
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloko babes soziala indartu du Euskadin, kolektibo berriak txertatuz etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboan

2023-10-10
  • Eusko Jaurlaritza kezkatuta agertu da Gazan eta Israelen dauden euskal herritarren egoera dela-eta, eta irmoki gaitzetsi ditu Hamasek egindako erasoa, eta baita ere, Israelek gerora egindako gerraren iragarpena eta erasoak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuarekin batera.

Arriolak Gobernu Kontseiluan onartutako etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboaren Dekretua aurkeztu du. Dekretuak Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa aitortzeko eskakizun, baldintza eta prozedurak arautzen ditu, eta aukera ematen du alokairuko etxebizitza sozial batera jotzeko edo, bestela, merkatu librean errentamendu baten hileko ordainketa erraztuko duen prestazio ekonomiko batera jotzeko, mota horretako kontratu bat dutenen kasuan.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lehendakaritzaren eskutik, eta Gazteriari lotuta,  Gobernu Kontseiluak onartu du toki-erakundeetara 300.000 euro bideratzea gazteen emantzipazio-planak garatzeko. Deialdi honen bidez, Udalek gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egin ahal izango dituzte, izan ere partida honi esker udalek bertako gazteek udalerrian bizi duten egoera eta programak zer arlotan sustatu edo indartu behar diren jakiterik izango dute. Iaz ez zen 60.000 eurotara iritsi udalei helburu honetarako emandakoa eta aurten bostkoiztu egin da deialdi hau.

Era berean, gaurko Gobernu Kontseiluan Ertzaintza eta Lanbiden arteko hitzarmenaren berri eman da, zerbitzu publikoan lan egiten dutenen segurtasunean lankidetzan jardutea eta iruzur-saiakerak saihestea helburu duena. Lau urteko iraupena izango du akordioak eta bi arlotan arituko dira Lanbide eta Ertzaintza elkarlanean: Ertzaintzak Lanbideri bere egoitza eta bulegoetako segurtasunari eta ordenari buruzko analisia, arrisku-ebaluazioa eta aldizkako azterketa, bai eta bertan lanean daudenen segurtasuna bermatzeko jardun-prozedura egokiak garatuko ditu. Eta bestalde, Ertzaintzari -polizia judizialaren arloan dagozkion eginkizunen esparruan- udal-erroldarekin zerikusia duten gaiekin lotutako irregulartasunak detektatzea; formakuntza espezializatua egitea; genero-indarkeriaren biktimen babesari buruzko formakuntza ematea eta prestazio sozialak jasotzen dituzten pertsonei buruzko txostenak eskatzen direnean eskaera horiei erantzuna ematea egokituko zaio.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak, zazpi dirulaguntza zuzen onartu ditu lankidetza-erakundeentzat, guztira 1.500.000 euro baino gehiagorekin. Laguntza horien bidez, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak laguntza emango du Erdialdeko Amerikan eta Afrikan emakumeak ahalduntzeko, herrialde arabiarretan maskulinitate berriak bultzatzeko, Afrikan eguzki-energiako ekimenak bultzatzeko edo Hegoaldeko hainbat herrialdetan bake-prozesuak bultzatzeko, besteak beste.

Amaitzeko, Kultura sailari lotuta, Gobernuak argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritza eta Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) arteko lankidetza-hitzarmenari euskarazko ekoizpenak sustatzeko. “2019tik hona negoziatzen egon garen hitzarmen honen helburua da euskarazko zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa, erakusketa eta hedapena sustatzea eta horrela, ICAAk ia 650.000 euro transferituko dizkio Eusko Jaurlaritzari, 2023an euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa, erakusketa eta hedapena sustatzeko. Orain arte funtsa hori 2.400.000 eurokoa izan da, beraz, ICAAren ekarpenarekin 3.230.000 eurokoa izango da zuzkidura, eta horietatik 800.000 euro euskarazko ekoizpenera bideratuko dira” azaldu du Zupiriak.

Azkenik, Gazan eta Israelen dauden euskaldunen inguruan galdetu diote bozeramaileari. Zupiria kezkatuta agertu da, eta Kanpo Arazoetako Ministerioarekin eta Espainiak Tel-Aviven duen kontsulatuarekin etengabe harremanetan daudela adierazi du, eremu horietan dauden pertsonei dagokienez beharrezko neurriak har ditzaten. Era berean, Zupiriak gogor gaitzetsi ditu Hamasek egindako erasoa, eta modu berean gaitzetsi du,  Israelen gerra iragarpena eta erasoak.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak