Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintza plan estrategiko bat prestatzen ari da edozein eratako indarkeria matxista jasaten duten emakumeak modu integralean babesteko

2023-10-06
  • Josu Erkoreka: “Hamarkada batean bakarrik, Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktima izan diren 35.585 emakume artatu ditu Euskadin”
  • Hil honetako, urriko, datuen arabera, Ertzaintza 5.512 emakume babesten ari da, eta horietatik 289 kasu larriak dira, arrisku handiko edo bereziko kasu gisa erregistratuta daudenak

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean eman du jakitera, Eusko Legebiltzarrean egin den Kontrolerako Osoko Bilkuran, Ertzaintzak 2024an “Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoa” jarriko duela abian, Ertzaintza esparru horretan aspaldiko urtetatik egiten ari den polizia-lana EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren -biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioan ezarritako helburuetarantz bideratzeko eta helburu horiekin lerrokatzeko agiri berritu gisa.

Josu Erkorekak adierazi duenez, helburua da edozein eratako indarkeria matxista jasaten duten emakumeei gaur egun ematen zaien arreta hobetzen jarraitzea, eta, hori dela eta, jada lantzen ari diren plan berria plan integrala, zeharkakoa eta kalitatezkoa izango da, eta biziraun duten emakumeei indarkeria matxistarik gabeko bizitza on bat izaten laguntzeko konpromisoan inplikatutako eragile instituzionalen eta sozialen artean erabateko koordinazioa eta lankidetza eskainiko ditu. 

Planifikazio estrategiko horrek era ezberdinetako neurriak eta jarduketak jasoko ditu, eta 2024rako jada izango dituzte aurrekontu-konpromisoak. Neurri horien artean, hauek nabarmentzen dira:  

  1. Indarkeria matxistaren biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresnak eguneratu eta modernizatzea. UPV/EHUrekin elkarlanean, helburua da, lehenik eta behin, egungo tresna ebaluatzea sistema zehatzago batera, Euskadiko emakumeen egungo egoera sozialera moldatutako sistemara, aldatzeko.  
  1. Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek “genero-indarkeriaren” eta “etxeko indarkeriaren” delituen espedienteak erregistratzeko eta partekatzeko gaur egun erabiltzen duten tresna informatikoa Horrek bi helburu ditu: emakumeen kontrako indarkeria-tipologiak zabaltzea, Istanbuleko Protokoloko zerrendetan jasotako kasu guztiak barne har daitezen, eta polizia-kidegoen artean informazio-trukea hobetzea.
  1. Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko eta jarraipena egiteko taldeak osatzen dituen pertsonal espezializatua Bai eta zerbitzua egokitzea ere urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan arreta espezializatua bermatzeko.
  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin elkarlanean, indarkeria matxistaren kasuak artatzen dituzten agente guztiak diziplina anitzeko ikuspegi batetik prestatzea.
  1. Ertzain-etxeetako eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetako gune fisikoak egokitzea biktimak berriz biktimizatzea eragotziko duten gune adeitsuagoak sortzeko.
  1. Polizia-estatistikak indarkeria matxistaren kategoria berrietara moldatzea, Istanbuleko Protokoloan zerrendatutako kasu guztiak barne har ditzaten.
  1. Ertzain-etxeetan eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan biktimei arreta eta azalpenak emateko dagoen ikus-entzunezko materiala berritzea.

Emakume bakoitzaren arriskuaren ebaluazioa

Une hauetan, Ertzaintzak Ertzain-etxe eta Herritarren Arretarako Bulego guztietan ditu era horretako indarkeria matxisten biktimei arreta ematera eta jarraipena egitera mugatzen diren, horretan bakarrik aritzen diren ikerketa talde espezializatuak. Talde horiek modu pertsonalizatuan ebaluatzen dute emakume bakoitzaren arriskua, eta une hauetan arrisku hori 4 mailatan sailka daiteke: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Katalogazio horren arabera, Ertzaintzak emakume bakoitzaren egoerara egokitutako babes-neurriak esleitzen ditu: bizkartzaina, kontrazaintza, Bortxa aplikazioa eta abar.

Bortxa aplikazioa telefono mugikorretarako aplikazio bat da, Ertzaintzak esklusiboki instalatzen duena eta biktimaren telefonoan integratuta geratzen dena. Aurretik konfiguratutako telefonoetara (erreferentziako ertzain-etxea, larrialdiak, etab.) ohiko deiak egiteko aukera ematen du, baina, horrez gainera, egoera kritikoa aditzera emateko botoi bat du, eta biktimaren posizionamenduaren datuak berehala bidaltzen ditu larrialdietako zerbitzuetara, eta gertatzen dena entzun daiteke erantzun azkarra eta eraginkorra emateko. Horrez gainera, SATEVI zerbitzuarekin komunikatuta dago. Zerbitzu horrek eguneko 24 orduetan ematen die arreta psikosoziala indarkeria matxistaren biktimei 900 840 111 telefono-zenbakiaren bidez.

Emakumeen kontrako indarkeriaren zifrak Euskadin

Josu Erkorekak azaldu duen bezala, hamarkada batean Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktima izan diren 35.585 emakume artatu ditu Euskadin. Hil honetako, urriko, datuen arabera, Ertzaintza genero-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren  biktima diren 5.512 emakume babesten ari da: 2.674 Bizkaian, 830 Araban eta 2.008 Gipuzkoan. Horietatik 289 kasu larriak dira, arrisku handiko edo bereziko kasu gisa erregistratuta daudenak eta intentsitate handiko babes-neurriak dituztenak:

  • 4.012k oinarrizko arriskua dute:1873k Bizkaian, 595ek Araban eta 1.544k Gipuzkoan.
  • 1.211k arrisku moderatua dute:642k Bizkaian, 179k Araban eta 390ek Gipuzkoan.
  • 214k arrisku handia dute:116k Bizkaian, 37k Araban eta 61ek Gipuzkoan.
  • 75ek arrisku berezia dute: 43k Bizkaian, 19k Araban eta 13k Gipuzkoan.

Ertzaintzak babesten dituen 5.512 emakume horietatik:

  • 3.629 emakumek auzitegiek emandako babes-agindua dute:1.610ek Bizkaian, 480k Araban eta 1.539k Gipuzkoan.
  • 26 emakumek bizkartzain pertsonala dute:16k Bizkaian, 7k Araban eta 3k Gipuzkoan.
  • 231k poliziaren kontrazaintza dute:137k Bizkaian, 21ek Araban eta 73k Gipuzkoan.
  • 215ek baliabide telematikoak dituzte:107k Bizkaian, 61ek Araban eta 47k Gipuzkoan.

Aldi berean, Ertzaintzak urruntzeko neurriak betetzen ari diren 97 tratu txarren emaile ditu epailearen aginduz eskumuturreko telematikoen bidez kontrolatuta: 38 Bizkaian, 18 Araban eta 41 Gipuzkoan.

Bestalde, Ertzaintzaren zifren arabera, aurtengo urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean, sexu-askatasunaren kontrako delituen biktima izan diren 429 emakume zenbatu dira. Iazko aldi berean 381 erregistratu ziren, eta horrek esan nahi du emakumeen kontrako sexu-indarkeriak (sexu-erasoak, esplotazioa, adingabekoak galbideratzea, exhibizionismoa eta abar) % 13 inguru egin duela gora (48 kasu gehiago).

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-10-09

    Genero-terrorismoa egoztea gehiago zigortzen bada, bizitza ezinezkoa pertsona bihurtu nahi izateak lagun egin behar izatea ez du lekurik, ez du guztiak balio ezarritako betebeharrak bete behar direnean edo bete behar ez direnean.

  • Argazkia Xaver
    2023-10-09

    Si cabe más pena imputar terrorismo de género, querer hacer la vida imposible persona tenga que llevar hasta acompañamiento no tiene cabida, no vale todo cuando también hay que cumplir con las obligaciones impuestas o no.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak