Hauteskundeak 2024
qrcode

Mendia Lehendakariordeak iragarri du Enpleguaren aldeko Itun Soziala sustatuko dela, lan duina eraikitzen jarraitzeko oinarri sendo gisa

2023-10-06
  • Helburua da enplegu duina berdintasun-baldintzetan bermatzea eta jarduera ekonomiko lehiakorra eta arduratsua sustatzea

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak iragarri du gaur Enpleguaren aldeko Itun Soziala sustatuko dela, "enplegu duina berdintasun-baldintzetan bermatzeko eta jarduera ekonomiko lehiakorra, iraunkorra eta arduratsua bultzatzeko". Gaineratu duenez, "hurrengo hamarkadan lan duina eraikitzen jarraitzeko oinarri sendoa izango da".

Ekain Rico legebiltzarkide sozialistak Legebiltzarraren osoko bilkuran egindako galdera bati erantzunez, Lehendakariordeak bihar, larunbata, Lan Duinaren Munduko Jardunaldia aipatu du, Nazioarteko Sindikatu Konfederazioaren ekimenez.

Bere hitzaldian, Mendiak adierazi du zuzentzen duen Sailak bete dituela araugintza- eta plangintza-ikuspuntutik planteatutako helburu guztiak, aurrera egin dela Lanbideren eraldaketan, eta pertsona guztientzako aukera-berdintasunean aurrera egiteko proiektuak abiarazi direla. Horri guztiari hiruhileko honetan onartzea aurreikusten den Enplegu Legea gehituko zaio; bertan, lehenengo aldiz, lan duinaren printzipioak jasoko dira.

Lehendakariordearen iritziz, legegintzaldiaren bultzada berritzaile eta eraldatzaileak "oso arrakastatsua izan da, ezin du puntu eta amaiera bat izan Legebiltzarra desegiten denean, eta lankidetzarako eta konpromiso partekaturako espiritu horrekin jarraitu behar du". Horregatik guztiagatik, "egokitzat jo dugu Enpleguaren aldeko Itun Soziala bultzatzea, enplegu duina berdintasun-baldintzetan bermatzeko eta jarduera ekonomiko lehiakorra, jasangarria eta arduratsua bultzatzeko. Etorkizunari beste begirada bat eman nahi diogu, legegintzaldi honetako esperientziatik abiatuta, ahalik eta eragile sozial, ekonomiko, enpresarial eta unibertsitario gehienek bermatuta ".

Enpleguaren aldeko Itun horrek Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren laguntza izango du, eta kontraste-puntu berri bat izango du Enpleguaren Foroan, bat egin nahi dutenen atxikipenekin osatzeko. "Gure ustez, Enpleguaren aldeko Itun Sozial hau ez da legegintzaldiaren txoko bat, baizik eta zoru sendo bat, hurrengo hamarkadan lan duina eraikitzen jarraitu ahal izateko", amaitu du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak