Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Erronkak bildumaren bigarren zenbakia argitaratu da: "Belaunaldien arteko ekitatearen helburuak eztabaida publikoa sustatzea eskatzen du"

2023-10-06
  • Argitalpenak ekitate-eza edo belaunaldien arteko arrakala esaten zaionari buruzko gogoeta egiten du
  • Euskadiko belaunaldien arteko ituna berreraikitzeko gomendioak ematen ditu artikuluak
  • Lan hau Javier Yanguas La Caixa eta Aubixa fundazioetako Adinekoen Programaren zuzendari zientifikoak eta Joseba Zalakain SIISeko zuzendariak sinatu dute
  • Erronkak bildumaren lehen zenbakian Gure Agenda Komuna txostenaren gaurkotasuna eta potentzialtasuna aztertu ziren, Mariano Aguirreren eskutik

 Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak Erronkak bildumaren bigarren zenbakia argitaratu du: "Euskadiko belaunaldien arteko harremanen etorkizunari buruzko elkarrizketa eta eztabaida publikoa bilatzea". Bigarren argitalpen honek trantsizio edo eraldaketa soziala deiturikoa eskaintzen duen eztabaida-alderdietako bati heltzen dio.

Egileak Javier Yanguas, La Caixa eta Aubixa fundazioetako Adinekoen Programako zuzendari zientifikoa; eta Joseba Zalakain, Gizarte Zerbitzuei eta Gizarte Politikari buruzko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko (SIIS) zuzendaria dira. Hausnarketa iradokitzailea egin nahi dute, ekitate eza edo belaunaldien arteko arrakala esaten zaionaren arrazoiei, ondorioei eta erantzunei buruz.

Lehenengo zatian, artikuluak azken urteetan belaunaldien arteko harremanei dagokienez izandako aldaketak berrikusten ditu, demografiaren, gizarte-psikologiaren eta bizi-baldintzen ikuspegitik.

"Zaintzak, belaunaldien arteko harremanak eta gizarte-babeseko eredua" atalean, egungo egoera aztertzen du, belaunaldien arteko itunaren hiru ardatzei dagokienez: (1) zainketak belaunaldi desberdinen ikuspegitik; (2) belaunaldien arteko harremanak; eta (3) gizarte-babeseko ereduaren artikulazioa eta belaunaldien arteko justizia. Euskal gizarte-politikek 2030 Agendaren esparruan gizarte-inbertsioaren paradigmarkarantz izan duten biraketari ere heltzen dio.

Egileek diotenez, Euskadik azken hamarkadetan ahalegin handia egin du Europarekin bat egiteko gizarte-babeseko gastuari dagokionez, eta, gizarte-babesaren hainbat eremutan, ongizate-eredu aurreratuagoak dituzten herrialdeetan erregistratzen direnen antzeko gastu- eta estaldura-mailak lortu ditu, baita hobeak ere. Konbergentzia hori ez zen berdin gertatu haur, nerabe eta gazteei zuzendutako gastu-partidetan. Egoera hori, ordea, aldatuz joan da azken urteotan, hainbat neurri hartu eta hainbat lege-arau onartu baitira, oro har, gizarte-babesaren euskal eredua gizarte-inbertsioaren paradigmarantz argi eta garbi aldatzeko.

Ondorioen atalean, txostenak Euskadiko belaunaldien arteko ituna berreraikitzen aurrera egiteko gomendio batzuk ematen ditu, hala nola (1) herritar guztien artean elkarrizketa eta eztabaida publiko sakona ahalbidetzea belaunaldien arteko harremanen etorkizunari buruz; (2) belaunaldien arteko harremanei buruzko ikuspegia bizi-ziklo osoko arriskuak kontuan hartzen dituen begirada bihurtzea; eta (3) zahartzaroko eredu berriak garatzea, belaunaldien arteko justizia-begirada aintzat hartuko dutenak, beren kolektibotik haratago begiratzeko eta guztien ongizatean inplikatzeko gai izango direnak.

Erronkak bilduma

Erronkak bildumaren ibilbidea 2023ko otsailean hasi zen, Mariano Aguirrek sinatutako Gure Agenda Komuna eta kontratu soziala berritzea lehen zenbakiarekin. Bertan, Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak 2021eko irailean aurkeztutako Gure Agenda Komuna txostenaren gaurkotasuna eta potentzialtasuna aztertzen dira.

Bilduma honen helburua da argudioak ematea 2030 Agendak planteatzen dituen erronka handiak ulertzeko eta horiei aurre egiteko. Azken batean, gogoeta eta hausnarketa partekatzea bidegurutzearen erdian. Erronkak bildumaren misio hori argitalpen bakoitzaren ezaugarri izango diren irizpide batzuen arabera garatuko da.

Lehenik eta behin, zenbaki bakoitzeko gaiak Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako erronka handietako bati heltzen dio. Haren tratamenduak bi irizpide bete behar ditu: haren esanahia eta garrantzia ulertzen laguntzea eta gonbidatzen dituen eraldaketa praktikoak ulertzen laguntzea.

Idazkien estiloak modu pedagogikoan landu behar ditu gai konplexuak, gizarte osoarentzat duten garrantziagatik ulergarriak izan behar dutenak. Ildo beretik, dokumentuen luzera ez da 20 orrialdetik gorakoa izango.

Bilduma bereziki pentsatuta dago zinegotzien, alkateen, erakunde guztietako kargu publikoen, administrazioetako teknikarien, irakasleen edo gizarte-erakundeetako eta enpresetako kideen jarduerarako erabilgarria izateko. Azken batean, 2030 Agendaren esparrua inguratzen duen guztia gehiago eta hobeto ezagutzeko interesa duen edozein pertsona edo erakunderi lagundu nahi dio.

Erronkak bildumak, halaber, gaiak azaltzeko zehaztapen-irizpide bat planteatzen die argitalpen bakoitzaren egileei. Eusko Jaurlaritzak defendatu eta berretsi egiten du GJHekiko konpromisoa "zehatzaren metodologiaren" bidez gauzatu behar dela. "Abstrakzio gutxiago eta errealizazio gehiago" formulazioak ondo laburbiltzen du gaur egun 2030 Agendak planteatzen duen premia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)