Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadiko larrialdietako taldeek arrakastaz burutu dute Gasteizko aireportuan egin den larrialdi aeronautiko baten simulakroa

2023-10-05
  • Aenak antolatu duen ariketak konpainiaren Larrialdi Aeronautikoen Planean ezarritako jarduera- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzeko balio izan du
  • Plan horren eraginkortasuna ebaluatzeko balio izateaz gainera, aireportuko larrialdi bati erantzuna ematean inplikatutako kolektiboen integrazio- eta ezagutza-maila egiaztatzeko ere balio izan du simulakroak

Euskadiko larrialdietako taldeek, SOS Deiak zerbitzuak koordinatuta, larrialdi aeronautiko baten simulakroan parte hartu dute Gasteizko aireportuan. Aenak antolatu duen ariketak bi helburu izan ditu: erakundearen Larrialdietako Planean aurreikusitako jarduera- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzea eta era horretako larrialdi bati erantzutean inplikatuta dauden kolektiboen integrazio- eta ezagutza-maila egiaztatzea.

Aireportuko pista-buruetako batetik aireratzen saiatu denean Boeing 737 aireontziak izan duen istripuaren simulakroan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikariek, Ertzaintzak, Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuak, Gasteizko Udaleko suteak itzaltzeko taldeek eta Udaltzaingoko baliabideek parte hartu dute.

Tripulazioko zazpi kide eta 60 bidaiari zeramatzan hegazkinak, aireratzen hasi denean, arazo bat izan du motorrean, eta jausi egin da. Kolpearen ondorioz, aireontziak berehala hartu du su eta, aldi berean, kalte handiak izan ditu fuselajean. Azken balantzea izan da sei pertsona minik hartu gabe, bi zauritu arin eta bost zauritu larri. Gainerako 54 pertsonak istripua gertatu den unean hil dira.

Gogoan izan behar da Euskadik bere EAEko Larrialdi Aeronautikoen Plan Berezia duela, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalak homologatuta duen ezaugarri horietako lehenengo plana da. Plan hori 2022ko otsailaren 1ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Euskadiko Babes Zibileko Planean (LABI) integratuta dago. Horren helburu nagusia da eskumenak dituzten administrazioek koordinatuta eta goitik behera kudeatzea Planean bertan deskribatutako ustezko larrialdi aeronautiko desberdinak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)