
Irailean lan-merkatuak izandako bilakaera ona eta abuztuan industria-produkzioak izandakoa jasotzen du gaur Astekonomiak
Iraileko lan-merkatuaren datu onak, bai langabeziaren jaitsierari dagokionez, bai Gizarte Segurantzako afiliazioaren hazkundeari dagokionez, dira gai nagusiak gaur Astekonomian. Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpena da, eta abuztuko industria-produkzioaren indizeari (IPIari) erreparatzen dio.
Irailean, Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabezia % 4,4 jaitsi zen. Balio absolutuetan, 106.700 langabe zeuden, eta horietatik 62.100 emakumeak ziren. Alderdi negatiboa biztanleria gazteenarena izan da, haren aldakuntza-tasa % 6,2 hazi baitzen.
Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliazioa % 2,0 hazi zen aurreko urteko hil beraren aldean. Horrela, uztailean hasitako joera berresten da, aurreko hileko erregistroa bi hamarrenetan gaindituta. Guztira, ia 995.000 afiliazio erregistratu ziren, irail batean ikusi den kopururik handiena.
Ildo beretik, Eurostaten arabera, euroguneko langabezia-tasak beheranzko joerarekin jarraitu zuen, eta abuztuan hamarren bat murriztu zen aurreko hilaren aldean (% 6,4). Balio hori serie historiko osoko baxuena da, Txekia, Malta, Polonia eta Alemaniako erregistroei esker, horiek ez baitzuten % 3 gainditu. Aitzitik, Espainiak izan zuen tasarik altuena (% 11,5).
Eta, azkenik, abuztuan, Euskadiko industria-produkzioa aurreko urteko hil berean erregistratutakoa baino % 2,1 txikiagoa izan zen. Jaitsiera horretan, energia-produkzioaren beherakada (–% 11,1) izan zen nagusi. Ondoren datoz kontsumo-ondasunak (–% 5,6) eta bitarteko ondasunak (–% 0,3). Aldiz, ekipo-ondasunek besterik ez zituzten izan aldakuntza-tasa positiboak (% 3,6).
Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.