Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

1.200 bilera baino gehiago egin dituzte nazioarteko eta Euskadiko eragile profesionalek Meet Basque Country topaketan

2023-10-06

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado elkarrizketatu dute gaur Radio Popularren, Meet Basque Country ekitaldia dela eta. Ekitaldi hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatu du, eta 60 nazioarteko turoperadore baino gehiago bildu ditu Euskadiko enpresekin. Elkarrizketan azaldu duenez, 1.200 bilera baino gehiago egin dituzte nazioarteko 60 eragileek eta inskribatutako 144 euskal turismo-enpresek, eta hori “arrakasta” bat dela adierazi du.

Eragileak 2 helbururekin etorri dira aste honetan Euskadira. Lehenik eta behin, nazioarteko eragileak, batez ere turoperadoreak, euskal turismo-enpresekin eta -eragileekin harremanetan jartzea, Euskadi helmuga merkaturatzeko lankidetzak eta akordioak sortzeko. Hala, harreman horiek 1.000 bilera presentzial baino gehiagotan eta online izan diren beste 200etan gauzatu dira.

Bigarrenik, astean zehar, turismo-eragileek hainbat “fam trip” egin dituzte, hau da, espezializatuta dauden gaiarekin lotutako jarduerak eta bisitak, Euskadi helmuga merkaturatzen hasi nahian. Gai horien artean daude Euskadirentzat lehentasunezkoak diren produktu turistikoetako batzuk, besteak beste gastronomia, zikloturismoa, natura-turismoa edo MICE negozio-turismoa.

Sailburuak nabarmendu duenez, Euskadik nazioarteko turismoaren aldeko apustua egin du, bereziki distantzia luzekoa, non sustapen-ahalegina egiten ari den. “Desestazionalizazioa, egonaldia luzatzea eta gastu ekonomikoa handitzea sustatzen duen” turismoa. Izan ere, datorren astean Japoniara joango da, Basque Week Japan-en Euskadi sustatzeko. Basque Week urriaren 14tik 19ra bitartean izango da Toshima hirian, Tokio Metropolitanoaren erdigunean, eta bi espazio izango ditu euskal identitatea, kultura, kirolak eta tradizioak, bere erakargarritasun turistikoa eta gastronomia ezagutarazteko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)