Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Javier Hurtado sailburuak eta Mikel Torres alkateak Rialian egin diren jarduerak aurkeztu dituzte Industria Turismoko baliabide gisa sustatzeko

2023-10-06

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Portugaleteko alkate Mikel Torresekin batera, Rialiako Industria Museoan egindako jarduerak bisitatu ditu gaur. Jarduera horiek Eusko Jaurlaritzaren Lehentasunezko Eremuetako Jardueren programaren barruan daude, Berpiztu Planaren funtsekin finantzatuta.

Sailburuak azaldu duenez, Turismo Sailak turismo-aktiboak bultzatzeko eta balioan jartzeko plana aktibatu du, eta 6,5 milioi inbertitu ditu hainbat udalerri eta eskualdetan turismo-jarduerak garatzeko. Ekintza gehienak industria-turismoko baliabideekin lotuta daude, eta horiek sustatzea, digitalizatzea, turismo-sustapenera egokitzea eta hobetzea dute helburu.

Ezkerraldean eta Meatzaldean, industria-ondarearen eta itsasadarraren balorizazioa landu da, hainbat udalerritan egindako jardueren bidez; besteak beste, Portugaleten 683.000 euro jaso dira. Ildo horretan, sailburuak nabarmendu du Turismo Sailarentzat funtsezkoa dela Industria Turismoaren baliabideak indartzeko apustu hori.

“Industria Turismoak garrantzi berezia du Euskadiren irudiaren eraketan. Eskaintza turistikoa dibertsifikatzearen edo bisitatzen gaituztenentzat jarduera berriak sortzearen aldeko apustua baino zerbait gehiago da Industria Turismoa, eta hori ere garrantzitsua da. Gure industria-ondareak hausnarketa bat eskatzen du, nor garen, gaurko Euskadi izatera eraman gaituzten historia eta faktoreei buruz. Euskadi oso baten irudi hori munduari azaltzeko dugun modua da, gaurko Euskadi atzoko Euskadiren memoriaren gainean eratu baita”.

Horregatik, 2018az geroztik, Sailak Euskadiko iIndustria Turismoari buruzko proiektu integral bati ekin dio, Industria Turismoaren Euskal Sarea sortuz, baliabideak koordinatzeko eta haietatik abiatuta turismoaren sustapen egoki bat egiteko.

Gainera, Euskadik bat egin zuen Industria Ondarearen ERIH Europako Ibilbidearekin, industriak utzi digun ondarearen aberastasun kulturala zabaltzeko sortutako Europako turismo-informazioko sare nagusiarekin. “Horri esker, gaur egun 3 Anchor point ditugu, hau da, ERIHek aitortutako interes bereziko guneak, eta Europako Sareak aitortutako baliabide eta anchor point kopuru handiena duen Autonomia Erkidegoa da Espainian. Izan ere, ERIHk lehen aldiz aukeratu du Euskadi 2023ko azaroan Batzar Nagusia egiteko. Azaroaren 8an eta 9an Euskadira etorriko dira bertako kideak eta industria-ondareko aditu nagusiak, industria-turismoarekin eta ondarearen zaintzarekin lotutako gaiak eztabaidatzeko. Gainera, egun horietan gure baliabide anitzak ere bisitatu ahal izango dituzte”.

Sailburuak eskerrak eman dizkio alkateari bere lankidetzagatik eta “gure ondarearen garrantziari buruzko begirada partekatzeagatik. Hala, elkarrekin lan egiten jarraituko dugu hura indartu eta sustatzeko”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)