Eusko Jaurlaritza tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren Euskal Legearen oinarriak prestatzen ari da
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Biltzenek Donostian antolatutako biltzar batean parte hartu du
- Melgosak aitortu du aurten parte hartzeko hainbat saio egin direla araudi berrian aurrera egiteko
- “Beharrezkoa da lege-esparru sendoa sortzea pertsona guztien oinarrizko eskubideak babesteko”, esan du bere hitzaldian
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko III. Kongresua inauguratu du gaur goizean. Diskriminazioaren aurkako estrategien erronkak eta aukerak da biltzarraren izenburua, eta babeserako legezko tresnetan eta diskriminazio modu desberdinetan jarri da arreta, batez ere komunikabideetan eta sare sozialetan.
Donostiako Aquarium Auditoriumean egindako topaketa, Biltzen, Eusko Jaurlaritzaren Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Zerbitzuak antolatu du.
Hitzaldian, Melgosa sailburuak nabarmendu du “bereizkeria arazo iraunkorra dela, hainbat modutan adierazia”, eta “pertsona guztien oinarrizko eskubideak babesteko lege-esparru sendoa sortzeko” beharra berretsi du.
Aurten, Eusko Jaurlaritzak hainbat partaidetza-saio egin ditu Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren Euskal Legearen oinarriak prestatzeko. “Lege hori mugarri garrantzitsua izango da berdintasunarekin eta diskriminaziorik ezarekin dugun konpromisoan, lege-esparru sendo eta bateratzailea eskainiz”, esan du sailburuak.
Nerea Melgosak adierazi duenez, etorkizuneko legea “diskriminazioaren aurkako borrokan gure ekintza eta politikak gidatu behar dituzten printzipio sendoetan oinarrituko da; horretarako, legea berdintasun-, diskriminaziorik ezaren eta zeharkakotasunaren printzipioan oinarrituko da”.
Lege berri hau onartuta, Melgosak euskal gizartean “aldaketa kulturala” sustatzea espero du, “aniztasuna ospatuz eta diskriminazioa onartezina izan dadin”. “Euskal Herri bat” eraiki nahi da, “non pertsona guztiek, nortzuk diren edo nondik datozen kontuan hartu gabe, bizitza osoa izan dezaten eta diskriminaziorik gabe bizi ahal izateko”.
Aro digitalaren testuinguruan, komunikabideetako eta gizarte-sareetako diskriminazioak aurkeztutako erronkak nabarmendu ditu sailburuak, eta adierazi du plataforma horiek mezu diskriminatzaileak hedatzeko agertoki bihurtu direla.
“Anonimatuak, askotan, iritzi kaltegarriak adierazten laguntzen du. Zoritxarrez, anonimatu horren babesean, haterraren irudia zabaldu egin da, iruzkin eta portaera negatiboak eta kritikoak erabiltzen dituena beste pertsona bat kritikatzeko”, esan du.
Melgosak dei egin du “komunikabideetan bidezko jardunbideak sustatzeko eta berdintasun, aniztasun eta elkarrekiko errespetuaren printzipioak islatuko dituen ingurunea eraikitzeko”.
Era berean, teknologian sortzen ari diren erronkei buruzko kezka adierazi du, bereziki adimen artifizialari buruzkoa, behar bezala kudeatzen ez bada "alborapenak eta diskriminazioa areagotu" baititzake.
“Adimen artifiziala modu etiko eta bidezkoan erabiliko dela ziurtatu behar dugu, eta dauden desberdintasunak ez dituela zabalduko. Teknologiak pertsonei egokitu behar dira eta ez alderantziz. Zuzenbidearen esparrutik, premiazkoa da berme-esparru bat ezartzea, Giza Eskubideekin etikoa, fidagarria eta errespetuzkoa izango dela ziurtatzeko, bereizkeriaren aurkako eskubidearekin eta datuak babesteko araudiarekin bat datorren legedia”, azaldu du.
Esan bezala, “ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzak diskriminazioaren aurkako borrokarekin duen konpromisoaren adierazgarri da, euskal herritar guztientzako gizarte inklusiboa eta bidezkoa sustatuz”.
Azkenik, Melgosa sailburuak bereizkeriaren identifikazioan eta salaketan bat egiteko eskatu die herritarrei, ingurune integratzaileagoa eta bidezkoagoa sortzeko. “Diskriminazioak zuzeneko biktimei eragiten die, baina gizartean polarizazioa eta intolerantzia ere eragiten ditu. Horregatik elkartu behar dugu gizarte eta gizabanako gisa, tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik eza era guztietan sustatzeko”, ondorioztatu du Nerea Melgosa sailburuak.