Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, iraila erabat beroa izan da

2023-10-04
  • Araba hegoaldean izan ezik, joan den mendearen erdialdetik izan den irailik beroena izan da
  • Era berean, prezipitazio-intentsitatearen errekor ugari ere hautsi dira

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, iraila erabat beroa izan da Euskadiko lekurik gehienetan, eta joan den mendearen erdialdetik izan den irailik beroena izan da, 1987ko errekorra gainditu baitu. Salbuespena Arabako Errioxa izan da, iraila oso beroa izan baita eskualde horretan. Gainera, ekaitz-zaparrada handiak bota dituen egunetan prezipitazio-intentsitatearen errekor ugari hautsi dira.   

Euskalmeten arabera, iraileko batez besteko tenperaturak 20-21 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan 19 ºC inguruan. Balio horien arabera, Euskadi osoan 3 ºC-ko anomalia positiboa izan da 1981-2010 aldi normalari dagokionez. Horrela bada, isurialde kantauriarrean kokatutako estazio batzuetan iraileko batez besteko tenperaturek hamarren batzuetan gainditu dituzte abuztuan erregistratutako tenperaturak. 

Iraileko berorik zakarrenak irailaren 4tik 9ra erregistratu ziren, egun horietan isurialde kantauriarrean bero-bolada bat izan baitzen. Tenperatura maximoak 30-35 ºC ingurukoak izan ziren, eta zenbait lekutan hortik gorakoak (Gardea 36,5 °C; Sodupe-Cadagua 36,4 °C). Era berean, tenperatura minimoak ere oso altuak izan ziren (gau tropikalak), bereziki hilaren 4ko goizaldean, 20 eta 26 ºC arteko gutxieneko balioak erregistratu baitziren (Punta Galea 26,3 °C; Balmaseda 25,8 °C).

Tenperatura horiekin batera erregistratu zen intsolazioa urte-sasoi honetan ohikoa dena baino askoz ere handiagoa izan zen Euskadi osoan, % 12 handiagoa orokorrean eta % 25 handiagoa ere bai Araba erdialdean eta hegoaldean. Horrela, 224 eguzki-ordu zenbatu ziren Gasteizen, 188 Donostian eta 176 Bilbon.

Prezipitazioari dagokionez, irailean Euskadiko eskualde batzuetan eta besteetan erregistratu diren prezipitazio-kopuruak nabarmen izan dira ezberdinak, nahiz eta orokorrean, hilabetea normala edo hezea izan den. Eskualde batzuetan, esate baterako, Arabako Mendialdean eta Arabako Errioxan, iraila erabat hezea izan da, eta Deba Garaian, Urola Kostan eta Enkarterrin, aldiz, lehorra.  Metatutako prezipitazioaren kopururik handienak Gipuzkoa ipar-ekialdean (Eskas 208,2 l/m²) erregistratu dira, eta baliorik baxuenak, aldiz, Arabako haranetan (Espejo 36,2 l/m²).

Ekaitzei dagokienez, irailaren 11n ekaitz-zaparrada handiak bota zituen (Areta 62,2 l/m² ordubetean; Mallabia 18,5 l/m² 10 minutuan), eta tamaina handiko txingorrak arazoak sortu zituen isurialde kantauriarreko herri batzuetan. Zaparrada horiek, eta hilabeteko beste egun batzuetan erregistratu zirenek, iraileko prezipitazio-intentsitatearen errekorrak hautsi zituzten, bai eta errekor absolutuak ere, urteko hilabete guztiak kontuan hartuta (Aixola 43,7 l/m² ordubetean; Iruzubieta 16,2 l/m² 10 minutuan).

Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak irailean alerta laranja bat aktibatu zuen prezipitazio handiengatik eta 30 abisu hori, horietako 10 prezipitazio handiengatik, 8 beroagatik, 3 haizeagatik, 2 galernagatik eta 7 itsasaldeko arriskuagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak